Espedizioaren ekuadorrean da Euskarabenturaren laugarren edizioa, eta jada oroitzapen zerrenda luzea bildu dute gazteek. Uztailaren 1ean, Euskal Herriko gazte multzo handi bat Mauletik atera zen, eta Euskal Herria zeharkatuko du hilabete batez, "kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna" bezalako baloreak euskaraz lantzen. Aurten, Euskal Herri osoko 125 parte hartzaile ditu ekimenak, eta, horietatik hamabi arabarrak dira. Gehien gehientsuenak Euskal Herritik etorritakoak izanda ere, Valentziatik eta Buenos Airesetik etorritako bi gazte ere daude aurtengo edizioan. "2019an izan genituen azkenekoz diasporako gazteak espedizioan, eta gogo itzela dugu biekin hilabetea pasatzeko", aurreratu dute ekimenaren antolatzaileek.
Ibilbide gehiena oinez egingo duten arren, asteazkenean Arabara busez sartu zen espedizioa. Horren arrazoia da Garestik atera eta busean Donemiliaga Kukulako Yusoko (Errioxa, Espainia) monasteriora joan direla, Donemiliaga Kukulako glosen jatorria ezagutzeko. Bertan orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusi ahal izan dituzte. Hain zuzen ere, bertan agertutako esaldietako bat- jizioqui dugu– da Euskarabenturaren aurkezpen gutuna.
Yusoko monasterioaren bisitaren ostean, berriro busa hartu, eta Araban sartu ziren, Gesaltza-Añanara hain zuzen. Bertan, harrera ofiziala egin zien Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. Ondoren, Argantzonera atera da espedizioa, eta handik, Gasteizera mugituko da. Hilaren 15ean aterako dira Araiatik, Gipuzkoan sartzeko. Besteak beste, Araban eman dituzten egunetan Gatz Harana, Argantzon ikastola, Ataria zentroa eta Landako urtegia bisitatu dituzte gazteek.
2018ko uztailean, Euskal Herriko herrialde guztiak zeharkatu zituen lehenbiziko espedizio gaztea. Done Jakue bideak jarraituz eta Unescok izendatutako gizateriaren ondareetatik igaroaz. Ruta Quetzal izandakoak inspiratuta jaio zen EuskarAbentura egitasmoa, eta jzioquitarrak dira abenturaren protagonistak, hori baita parte hartzaileek jasotzen duten izena: Euskal Herriko zazpi luraldeetatik eta diasporatik doazen 15-17 urte bitarteko neska-mutilak.