⛅ EGURALDIA

Bero gehiago aurrean

Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 08:54

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Asteburu eguzkitsua eta bero handikoa izango da hau, baina astelehenean iritsiko gara goreneko muturrera, 35 gradura arteko aurreikuspenarekin.

Atzoko ekaitzen ostean, gaur ere antzeko egoeran egon gaitezkeela ohartarazi du Euskalmetek bere iragarpenean: tarteka zeru hodeitsuak izango ditugu, baina, pilatutako beroa dela eta, arratsaldean bero hodeiak sortu daitezke, zaparrada trumoitsuak sortzeko aukerarekin. Horiek txingorrarekin edo haize bolada gogorrekin etorri daitezke.

[EGUNERAKETA] Jaurlaritzak abisu horia ezarri du ostiral arratsalderako, prezipitazio handiagatik: 15:00etatik 21:00etara. Ordubetean, metro koadro bakoitzeko 15 litro baino gehiago pila daitezke zenbait tokitan.

Oro har, hego haizea izango dugu, bolada gogorrekin, eta hiriburuan galinstanoak 16 eta 29 gradu arteko ibilbidea egingo du termometroan.

Asteburuari begira, Eguzkiak eta beroak izango dute erabateko protagonismoa. Larunbatean bero hodeiak sor badaitezke ere, Euskalmetek ez du ekaitzik iragarri momentuz, eta abisu hori bakarra euskal kostaldeari dagokio, tenperatura altuengatik. AEMETek igande arratsaldean euri pixka bat izateko aukera dagoela dio, %55eko probabilitatearekin. Tenperaturei dagokienez, larunbata izango da bero gehien pilatuko den eguna, hiriburuan termometroa 33 graduko langara iritsi baitaiteke. Igandean, berriz, 28 gradura artekora iritsiko da. 

Aurreikuspenen arabera, asteburuko freskoa faltan botako dugu hurrengo asteko lehen egunean, astelehenean Gasteizen 35 gradura iritsi daitekeelako, eta 37ra Oionen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago