Ostiral honetan, euskararen aldeko gizarte eragile garrantzitsuenak biltzen dituen Euskalgintzaren Kontseiluak bere urteko Batzar Nagusia egin du Gasteizko Europa Jauregian. Bertan, urteko plangintza onartzeaz gain, Kontseiluak adierazpen publiko bat plazaratu du, Idurre Eskisabel idazkari nagusiaren eta Alizia Iribarren AEKko koordinatzaile eta Kontseiluko lehendakariaren eskutik.
Euskararen aurkako "erasoaldi judizialaren" aurrean, "erantzun herritarra" antolatzeko ekintza plan baten berri eman dute. "Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu; gainera, gero eta argiago geratzen ari da kasuan kasuko ebazpenetatik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat, funtsean".
Gertatzen ari dena "larria" dela ohartarazi dute, "epaileak ari direlako, de facto, hizkuntza politika egiten, botere legegileari bere lekua ebatsita, eta, azken buruan, herritarren borondateari gaina hartuta". Bide batez, gogora ekarri dute Eusko Jaurlaritzaren VII. Inkesta Soziolinguistikoak agerian utzi duela lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko.
"Epai horiekin milaka herritarren eskubideak urratzen ari dira. Herritartasuna gauzatzeko gunerik nagusienean, administrazioarekiko harremanean, ukatu egiten zaie euskaraz hartuak izatea", salatu dute. "Halaber, administrazioko milaka langileren eskubideak urratzen dituzte, euskaraz lan egiteko aukera eta eskubidea galarazten baitiete".
Gainera, jardunbide judizial horren lotura "premisa faltsu bat" dela diote: "Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajartzea; elkar osatzen duten eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak". Hortaz, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan "indartzen ari den joera bat" dela ohartarazi dute.
Protokoloa eta harreman bira
Horren guztiaren aurrean, "jendartetik erantzuteko eskaria" jaso dute. Urte hasieran aurreratu bezala, Euskalgintzaren Kontseilua protokolo bat lantzen ari da, "oldarraldiari tokian toki erantzuteko behar diren tresnak herritarren esku jartzeko". Bide horretan, "erantzuteko biderik egoki eta eraginkorrena adostasun sozial eta politikoetan sakontzea" dela azpimarratu dute.
"Olatu erreakzionarioari aurre egingo dion itun politiko eta sozial sakon bat" helburu, askotariko eragile sozial eta politikoekin elkarrizketa erronda egingo du Kontseiluak datozen hilabeteetan. Itun horrek "olatu erreakzionarioari eutsi ez ezik, aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko hizkuntza politika sendoak" jaso beharko ditu.
"Euskararen biziberritze prozesuaz harago, milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna dago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza", gaineratu dute.
Bideoa: Euskalgintzaren Kontseilua