Asteazken honetan Eldiario.es Euskadi hedabideak esklusiban argitaratu duenez, Amaia Barredo Arabako Ingurumen diputatu berria ikerketapean dago, Ingurumeneko sailburuorde zenean ustez prebarikazio administratiboko delitua egotzita, Javier Agirre Ingurumen Kalitateko zuzendariarekin batera. Astearte honetan Eusko Jaurlaritzako goi-kargua utzi du Barredok, Arabako foru gobernu berrian sartzeko.
ALEAk jakin duenez, ikerketaren jatorria Ekologistak Martxan kide duen Larramendiko Arnasa plataforma ekologistaren salaketa da, Bergaran (Gipuzkoa) papergintzako baliabideak balorizatzeko proiektu batekin —Valogreene Paper— lotutakoa. Hasiera batean, proiektua EH Bilduk zuzendutako Udalean aurkeztu zen, "Larramendi industrialdeko H lursailean industriarako karga mineralak ekologikoki ekoizteko planta bat" sortzeko helburuarekin.
Salaketaren arabera, proiektua "nabarmen" aldatu zen aurrerago, eta Udalak hasierako baimena baliogabetu zuen; hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez zion Udalaren erabakiari jaramonik egin eta argi berdea eman zion proiektuari. 2022ko apirilaren 8an, ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena eman zuen.
"Javier Agirre Orcajok eta Amaia Barredo Martinek espediente honetan izandako jarrera ausarkeriazkoa eta legezkotasunarekiko erabateko gutxiespenekoa izan da", dio Eldiario.es hedabideak argitara ateratako salaketak. "Udalaren eskumeneko txosten negatibo baten aurrean, prozedura amaitu eta jarduketak artxibatu behar zituzten, eta ez dituzte erabaki horiek aurrera eraman".
Prebarikazio administratiboa
Fiskaltzak delitu zantzuak hauteman ditu eta Eusko Jaurlaritzako Batzorde Etikoak ere kasua ikertu du, baina epaitegiak ez du oraingoz salaketari buruzko erabakirik hartu. SER Vitoria irratian eskainitako elkarrizketa batean, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak adierazi du "erabat sinetsita" dagoela salaketa artxibatu egingo dela eta Amaia Barredorengan "konfiantza" duela, baina Aldundia utzi beharko duela "ahozko epaiketa abiatzen bada".
Prebarikazio administratiboak ez dakar espetxe zigorrik, baina bai kargugabetzea eta inhabilitazioa. Jakinaren gainean bidegabeko ebazpenak eman izana esan nahi du, baina ez, ordea, diru publikorik desbideratu izana.
Agerraldi eskaera
Batzar Nagusietan, Elkarrekin Arabak Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezen "premiazko" agerraldia eskatu du, Barredoren izendatzeari buruzko azalpenak eman ditzan, eta bera zein bere exekutiboa jakinaren gainean zeuden jakiteko. "Ironikoa da berak kargua hartzen zuen bitartean Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan aitortu izana pertsona bat Batzorde Etikoa ikertzen ari zela", kritikatu du David Rodriguez taldeko bozeramaileak.
"Ikerketaren emaitzaren zain egon behar dugu. Akusazio larriak dira, prebarikazioagatik, ingurumen arloarekin zerikusia duen proiektu baten aurrean, eta orain hori da gakoa. Akusazioa egia balitz, argi geratuko litzateke ez dela gai kargu publiko bat betetzeko, baina are gutxiago ingurumenari dagokionez", azpimarratu du Rodriguezek.