Arabako hogeitabost bat gazte ziren; musikazaleak, kritikoak eta euskaltzaleak. 1968an elkartu ziren lehen aldiz, eta, Antton Leteren zuzendaritzapean lehenengo, eta Sabin Salaberriren gidaritzapean ondoren, artean Araban oraindik inork gutxik egiten zuen zerbait egin zuten: euskal musika zabaldu zuten lurralde osoan zehar.
Euskal Kantagintza Berriaren mugimendua sendotzen hasia zen Euskal Herrian, eta, fenomeno horri helduta, Ez dok amairu taldearen eta Imanol Urbieta bezalako kantautoreen abestiak moldatu zituen Salaberrik, ahots baxuz osatutako abesbatzak kanta zitzan. Abesbatzarako propio sortutako doinuak ere konposatu zituen. Halaber, koruak euskal musikari nagusien obrak kantatu zituen (Luis Aranburu, Aita Donostia, Vicente Goikoetxea...).
Testuinguru frankista hartan, "ekitaldi politiko bilakatu ziren kontzertuak", Jesus Maria Estarrona abesbatzako sorrera-kideak azaldu duenez. Errepresioa ere jasan zuten: "Abesbatzako kideon karneta eraman behar genuen hilero Gobernu Zibilera; baita abestien itzulpenak ere". Era berean, debekatua zuten kontzertuetan propinak eskaintzea, eta "traba ugari" jarri zizkieten lehenengo diskoa argitaratzeko. Testuinguru hartan, Amets pop-taldea sortu zuten Araba Abesbatzako bost kidek, eta, soinez soin, Euskal Herria zeharkatu zuten bi taldeek. "Lan handia egin genuen, eta, nire ustez, abesbatzak ez du merezitako aitortza izan".
Euskal musikaz harago
Euskaltzaletasuna eta konpromiso politikoa ez ziren izan abesbatzaren ezaugarri bakarrak: "Musikalki kalitate handiko taldea izan da hasieratik". Garai guztietako partiturak kantatu dituzte, erlijiosoak zein profanoak; errepertorioan 300 obratik gora dituzte, eta horietako asko formatu handikoak dira: mezak, requiemak, oratorioak, kantatak, moteteak...; baita opera ere. Ibilbide oparo horretan, orkestra eta abesbatza ugari izan ditu bidelagun, sei zuzendariren gidaritzapean: aipatutako Antton Lete eta Sabin Salaberri, Manu Sagastume, Roberto Ugarte, Angel Aldai eta, gaur egun gidari lanetan, Aitor Saez de Cortazar.
Bost hamarkadako ibilbidean, saritua izan da abesbatza: Arezzoko NazioartekoTxapelketa entzutetsuan (Italian), esaterako, zilarra lortu zuen kantu gregorianoa interpretatuz. "Bestelako mugarriak ere baditu koruak: Lisboan hiru mila entzule jarri genituen zutik, eta Frantziako Vaison-la-Romainen, sei mila".
Juanjo Menarekin batera
Abesbatzak mailari eutsi diola nabarmendu du Sabin Salaberrik: "Oso indartsu hasi ginen, eta oso hunkigarriak izan ziren hasierako urteak, batez ere euskal musikari lotuta egindako lanagatik; gerora, ospe on hori mantendu dugu. Hainbat zuzendari pasa dira abesbatzatik, eta bakoitzak korronte jakin bat landu du; esaterako, orkestra-obrak jorratu ditu abesbatzak".
Urteurrena ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute, Alex Kubelos komunikazio-arduradunak azpimarratu duenez: maiatzaren 25ean, euskal musikaren Musikastean parte hartu zuten, Errenterian; eta, udazkenean, "kontzerturik potenteenak datoz". Zehazki, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera igoko dira agertokira, Juanjo Mena gasteiztarraren zuzendaritzapean. Guztira, hiru emanaldi eskainiko dituzte: bi Iruñean eta bat Gasteizen; azken hori, azaroaren 25ean.
Arabako Abesbatzak hainbat lehiaketetan parte hartu izan du, hala nola 1984an Arezzoko Abesbatzako Lehiaketan.