Madrilen "inboluzioari" aurre egiteko hautagaiak aurkeztu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2023ko eka. 23a, 10:00

Arabako hautagaien aurkezpena, San Migeleko balkoian. Argazkia: EH Bildu

Iñaki Ruiz de Pinedo eta Iosu Estarrona izango dira EH Bilduren Arabako zerrendaburuak Espainiako Kongresurako eta Senaturako, hurrenez hurren. Koalizio subiranistak lehen aldiz Arabatik senatari bat lortzeko erronkari heldu dio.

Ostegun honetan, Espainiako hauteskunde orokorretarako Arabako zerrendak aurkeztu ditu EH Bilduk, Gasteizko San Migeleko balkoian egindako agerraldian.

Iñaki Ruiz de Pinedo izango da, berriz ere, Espainiako Kongresurako zerrendaburua, eta berarekin batera Maider Garcia de Vicuña, Iñigo Martinez Cerrillo eta Rocio Vitero doaz zerrendako lehen postuetan. "Inboluzioaren aurrean, EH Bildu euskal herritarren eskubide sozial eta politikoen defentsan aritzeko konpromisoa" adierazi du Ruiz de Pinedok.

Bestalde, Iosu Estarrona izango da EH Bilduren zerrendaburua Espainiako Senaturako, 2016tik legebiltzarkide aritu ostean. Berarekin batera, Aitziber Salazar eta Pablo Vicente daude zerrendetan. "EH Bildu gora doan indar politikoa da interes alderdikoietatik harago herritarren kezkei zein arazoei erantzunak eta soluzioak ematen dizkiegulako", azpimarratu du Estarronak, udal hauteskundeetan Araban koalizio subiranista lehen indarra izan dela gogora ekarriz; gainera, indar bozkatuena izan da lurraldeko 53 udalerrietatik hemeretzitan.

"Azken lau urteotan gauza asko eskuratu ditugu gure herri eta herritarrentzat: pentsioen igoera, etxebizitzaren legeari esker alokairuak mugatzea edota kaleratzeak baldintzatzea... Orain ere gehiago lortzeko indar gehiago behar dugu, asko baitugu oraindik borrokatu eta eskuratzeko", aldarrikatu du Ruiz de Pinedok.

Uztailaren 23an "gau magiko hura errepikatzera" doazela iragarri dute EH Bilduren hautagaiek. "Lehen aldiz, ezker subiranistak senatari bat izan dezake Arabatik; hori ere historikoa da eta arabarron esku dago", adierazi du Estarronak. "Arabak eta Euskal Herriak asko dute jokoan. Estatu mailan ez dago gobernu aurrerakoi posiblerik EH Bilduren babesik gabe. Eta gu gara estatu mailan ezkerreko politikak gauzatzeko berme bakarra. Are gehiago, EH Bildu da arabarron interesak lehenetsi eta defendatuko dituen indar bakarra".

Lau diputatu eta lau senatari jokoan

Trebiñukoak izan ezik —Burgosko hautesbarrutian zenbatuko baitituzte euren botoak—, arabarrek Espainiako Kongresurako lau diputatu eta Senaturako lau senatari aukeratuko dituzte hautetsontzietan. Kongresuari dagokionez, 2019ko hauteskundeetan —errepikatu behar izan ziren horietan— diputatu bana eskuratu zuten EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, Javier Maroto (PP) eserlekurik gabe utzita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago