Bankuek ez dute ospe onik. Normala da. Marketinaren mundutik bi zentimetro aldenduta, ezer gutxi dute komunean bankak eta gizatasunak. Baina mundu hobeago baten alde lanean ari diren bestelako bankuak ere badira. Kasurako, mundu osoko ondare begetala kontserbatzen ahalegintzen diren hazien bankuak. Odol bankuak ere badaude, DNA bankuak edota denbora bankuak dauden modu berdinean. Horietan guztietan argi geratzen da dirua ez dela, inondik inora, bildu eta banatu behar den ondasun bakarra. Bada, eta horren inguruan gutxi ezagutzen bada ere, musika tresnen bankuak ere badira. Horretan ari dira duela ia hiru hamarkadatik Mugarik Gabeko Musikariak elkartekoak. Ez horretan soilik, noski, musikarekin eta elkartasunarekin lotuta dagoen ia edozein ekimenetan buru-belarri sartuta daudelako. "Ume errefuxiatu bati gitarra bat ematen diozunean, haren irribarrea ikustearen parekorik ez dago", esan du Jesus Maria Alegria Urtiaga Pinttu Mugarik Gabeko Musikariak elkarteko presidenteak.
Elkarteak Gasteizen duen egoitza batean egin dugu hitzordua. Egoitza baino, eskola da Panama kaleko lokala. Tximurka jarri diote izena, auzoari nolabait atximur egiteko borondatearekin jaiotako egitasmoa dela aldarrikatuz. Bertara joaten dira musika ikasteko baliabide nahikorik ez duten ikasleak, elkarteko kideak sinetsita daudelako musikan ere mugarik ez dela zertan egon. Eta urte hauetan guztietan elkartasun sare bat osatu dute. Uneotan eskolan eskegita dagoen pankarta erraldoia horren lekuko eta adibide argia da. Eskerrik asko, Elvira. "Joan den astean, kurtso amaierako festatxoa egin genuen, eta lokala utzi zigun andreari omenaldi txiki bat egin genion", argitu du Pinttuk. Askotan, zori hutsak horrelako lurrikara txikiak eragiten dituelako. Andre horrek normalean entzuten ez zuen irrati batean txiripaz entzun zuen egitasmoari buruzko elkarrizketa bat. "Bihotzera heldu zitzaion, eta lonja hau utzi zigun", gogoratu du Pinttuk. Lokala konpondu ostean, musika tresnez eta doinuez bete zuten.
Musikak mugak apurtu ditzakeelako ideia hiperbole hutsa baino askoz gehiago da, jai horretan ikusi zen moduan."Marokoko musikari bat eta Aljeriako abeslari bat batera aritzea lortu genuen. Bi herrialde horien arteko harremana zertan den dakien oro konturatuko da zer nolako lorpena den hau", adierazi du musikariak. Pinttuk dio urteak zeramatzala pentsatzen horrelako kontuak nola lortu ahal ziren. Izan ere, sinetsita dago musikak bezainbesteko garrantzia duela musikaren alde solidarioak. Besteak beste, pertsonen mugimenduaren ondorioz sortu daitezkeen talka kulturalak arintzeko. "Gure ustez, musika oso lagungarria izan daiteke jendartean laguntasuna bultzatzeko eta elkarren arteko bizikidetza indartzeko", argudiatu du. Horregatik, "gero eta indibidualistagoa den mundu batean", elkartasun eskolak sortzeko beharra azpimarratu du. Kuban zegoenean bururatu zitzaion ideia. Modu ofizialean, elkartea 1995ean abiatu zuten, eta, gaurdaino, dozenaka proiektu izan dituzte esku artean. Musika tresnak bildu eta gerran dauden herrialdeetara eramatera bideratuta egon dira horietako batzuk. Iraken eta Sirian, Estatu Islamikoak sexu esklabo gisa bahitutako emakume kurduen ondoan egon dira, eta bertan ere musika eskola bat sortu dute, "trama latzak ahazteko" musika sendabide edo, behintzat, aringarri izan daitekeela sinetsita. Bertan lan egitea kontu erraza ez dela nabarmendu du elkarteko presidenteak. "Eremu horietan, atera ahal zaizu jende armatua esanez bertan muga bat dagoela, eta, dirua ematen ez badiezu, tirokatu ahal zaituzte", gogora ekarri du. Baina gerra betean ere, musikaren balioa nabarmendu du. "Bonbardatzen ari direnean, umeak babeslekura joaten dira, gitarra edo biolinarekin". Ukrainara ere musika tresnak bidali dituzte, Eutsi Ukraina elkartearekin batera. "Gerra bukatzeko armak bidali behar direla diote batzuek, baina hori inoiz ez da irtenbidea".
"MUSIKA BIZIKIDETZA SUSTATZEKO TRESNA EZIN HOBEA DELA USTE DUGU ELKARTEAN"
JESUS MARIA ALEGRIA 'PINTTU'
Ez dira jomuga bakarrak. Besteak beste, Afrikan eta Hego Amerikan ere antzeko proiektuetan ibili dira murgilduta. Cabo Verden, Askatasunaren Orkestra eraikitzen ari dira, "esklabismoaren aurrean kalte ordain egintza txiki bat bezala", Pintturen hitzetan. Duela gutxi tona bat musika tresna bideratu dituzte hara. Estimu handian duten Federico Mayor Zaragoza diplomazialari ezagunak haren biolin bikaina elkarteari oparitu zionez, proiektu horren concertinoa izatea proposatu diote.
Veracruz, jomugan
Orain esku artean duten azken proiektuetako bat Mexikon gauzatuko dute. "Azaroaren 7an Iruñean aurkezpen potente bat egingo dugu, eta gurekin egongo da, Mexikotik etorrita, Rafael Jorge Negrete abeslaria —Jorge Negrete abeslariaren biloba—". Bertako proiektuan 400 bat ume dituzte, baina 7.000 bat izatea nahi dute, Mexikoko 20 estatutara zabalduz. Horretan laguntzeko, Gabonetan musika tresnak jasotzeko beste kanpaina bat abiatuko dute, eta urtarrilean eramango dituzte Mexikora. "Veracruzera, hain zuzen, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren hainbeste euskal herritar eta espainiar jaso zituen portura".
Ordezkaritza nagusia Gasteizen izan arren, Valentzian ere dute egoitza garrantzitsu bat, erkidego horretan bizi den Mikel Aizpurua ordiziarraren gidaritzaren pean. Bertan elkartearen banda sinfonikoa dute. Eta ez da kasualitatea Valentzian egotea, Aizpuruak berak argitu duenez. "Estatuan 40.000 bat musikari federatuta egongo dira. Bada, musikari horien guztien erdia Valentzian dago. Harri bat jaso eta hiru musikari ateratzen dira hemen!".
Asko dira, bai: 550 banda inguru. Eta banda horietatik elikatzen da Mugarik Gabeko Musikariak banda sinfonikoa. "Soilik proiektu solidarioetara bideratuta dagoen banda da, eta gauza asko egin ditugu. Adibidez, Japoniako lurrikararen kasuan, Lorcako lurrikararekin edota Valentziako Casa Caridad gobernuz kanpoko erakundearekin". 80 edo 100 lagun inguru koordinatzea zaila dela aitortu du Aizpuruak; horrez gain, gastu handia da horrenbeste jende mobilizatzea, baina, halere, apurka egiten da bidea.
Egindako ekintza askoren artean, orain arte hiru disko atera dituzte. Azkena egunotan aurkezten ari diren SolidariPaz izenekoa. Bertan jazz munduko jendea inplikatu dela nabarmendu du Aizpuruak.
Logistika zaila
Musikariak koordinatzea ez da buruhauste bakarra. Munduan zehar musika tresnak mugitzeko zailtasunak gero eta gehiago direla dio Pinttuk. "Oroitzen naiz hasieran Forondako aireportuko langileek laguntzen zigutela, La Cubana hegaldian zama horiek doan sartuta. Baina orain gauzak asko konplikatu dira logistikaren aldetik, eta kostuak ere handiak dira", azpimarratu du.
Gasteizi lotuta jaiotako elkartea izanik ere, presidenteak dio kanpoan hemen baino ezagunagoak direla. "Askotan leporatu digute gure burua behar bezala saltzen ez dugula, baina kontua da beti sartuta gabiltzala proiektuetan".
Ez da harritzekoa. Adibidez, uneotan Tximurkan autismoa duen gazte batek lortu du musika ikastea, eta hatzak edo bestelako urritasun fisiko edo mentalak dituzten umeek jo ahal izan dezaten lanean ari dira. "Horretarako, funtsezkoa da Joana Otxoa de Alaiza, Alfonso Aranguren, Garai Perez edo Ane Agi bezalako irakasleen lana", babestu du Pinttuk. "Poesia begien bitartez idatzi ahal izatea lortu nahi dugu ere". Azkenik, eta musika azken uneraino lagungarria izan daitekeela erakutsiz, Extremaduran proiektu bat garatzen ari dira Pedro Monty elkarteko kidearen eskutik: heriotzaren atarian dauden pertsonei ere lagundu nahi diete. "Azken bidaia horretan dauden lagunen bizitza luzatu nahi dugu. Eskua eman eta musikaren bidez lagundu nahi ditugu azken une horietan", azaldu du. Gaiaren bueltan dokumental bat grabatzen ari dira, eta hori bukatu nahiko lukete kimioterapian egon den emakume bati melodia baten bidez azken fereka eman aurretik.