Boot Boys

Legution, azken astindua

Anakoz Amenabar 2023ko eka. 23a, 08:00

Azken birari Legution emango dio amaiera Boot Boys boskoteak. Argazkia: BOOT BOYS

Hamasei urteko ibilbideari agur esango dio Boot Boys streetpunk talde legutioarrak; sorpresa eta gonbidatu bereziekin emango diote amaiera, uztailaren 1ean antolatu duten jaialdiarekin.

Hantxe hasi ziren, duela hamasei urte, eta hantxe amaituko dute. Legutioko San Roke kanposantu ondoko orubean emango du Boot Boys taldeak azkeneko kontzertua, uztailaren 1ean. Brigada Flores Magon eta Zartako taldeak ere izango dira, besteak beste, azken puntua jartzeko lanean. "Duela 16 urte esan izan balidate nire azkeneko kontzertua bi talde hauekin izango zela, eta gainera Legution, ez nukeen sinistuko... Izugarria da niretzat. Txikitatik entzun ditudan taldeak dira", gogoratu du taldeko abeslari Goiza Perezek (Legutio, 1990). Pena eta poza, biak nahasten dira azken egun hauetan, baina gogoa ere ez dute falta, eta indarrez daude "dena" emateko.

2007ko udan sortu zen Boot Boys, eta, geroztik, streetpunk eta hardcore doinuei zein balore antifaxistei eutsi die taldeak. Orain, 2023an, agur esateko ordua iritsi zaio Goiza eta Ibai Perez, Mikel Armentia, Jon Gurutze Jainaga Jaini eta Atiegak osatutako boskoteari. Bidean, Juramos vencer (2013), Desobedientziaz bizi (2015) eta Guda doinuak (2020) diskoen, dozenaka bideoklipen, milaka jarraitzaileren eta ehunka kontzertuen arrastoa utzi dute. "Sekulakoa izan da. Batez ere, bigarren diskoa, 40 bat kontzertu eman genituen urte batean", gogoratu du Perezek. Hirugarrenak, ordea, pandemiarekin egin zuen topo, eta bertan behera utzi behar izan zituzten lotutako dozenaka kontzertu. "Euskal Herrian 18 bat genituen, eta baita Madrilen, Frantzian eta Italian ere, eta Kolonbian lotzeko hizketan ari ginen". 

 

Maiatzaren 27n eman zuten azkeneko kontzertua Jimmy Jazz aretoan. Argazkia: JIMMY JAZZ

Eurek sortu eta eurek kudeatu dituzte emanaldiak ere. Argi izan dute hasieratik zaletasun bat zela Boot Boys, eta ez negozioa. "Gure entsegu lokala ordaindu eta gastuak estaltzeko izan da ateratakoa, batez ere. Gaztetxe batek dirua behar izan duela teilatua konpontzeko? Gauza horietan laguntzeko prest izan gara beti". Kontzertuengatik kobratu dutena "sinbolikoa" izan dela nabarmendu du Perezek, galerarik ez izateko nahikoa, baina ez dute "jauzi" handiago bat emateko asmorik ere izan. "Ez zaigu burutik pasa ere egin. Gure hasierako asmoak ondo barneratuta izan ditugu, esentzia mantendu dugu".

"Injustiziei begiratu izan die taldeak, eta, zoritxarrez, horiek ez dira aldatu"

Goiza Perez, abeslaria

Kantetan ere hala egin dute, aldarrikapena eta borroka ardatza izan dituzte. "Boot Boysek injustiziei begiratzen die, eta, zoritxarrez, horiek ez dira aldatu. Antifaxismoa, bizitza berri baten bila datozen errefuxiatuak, gudariak... Gure egunerokoan ikusi ditugun gauzak izan dira". Eta baita futbola ere, Alaves zale amorratua da Goiza Perez, eta zaleen artean leku garrantzitsua egin du taldeak.

"Gustuko zarata"

Bide oparoa egin badute ere, hasieran hainbat aurreiritzi eta kritikari ere aurre egin behar izan ziotela gogoratu du. Kaskamotzen estetikak eta musikak herrian bertan hainbat zeresan eman zuen. "Baina ni hasieratik tinko mantendu naiz. Belarri batetik sartu eta bestetik irten... 'Nolako zarata!' esaten zuten. Bai, guri gustatzen zaigun zarata, azken finean. Kalera atera nahi dugun iritzia eta musika". Baxua, gitarra eta bateriarekin ekin zioten lehenengo astinaldiei, euren erreferente izan diren Non Servium, Suspenders edo Hell Beer Boys taldeen atzetik, eta milaka zale batu dira legutioarren doinuetara. "Beharbada, Por ti kantak erakusten du ondoen Boot Boys zer den; gurekin etorri diren lagunei, eta milaka kilometroetan egin ditugun lagunei zuzendutakoa".

Lan guztiak Bilboko estudio batean grabatu dituzte, Alex de Benito teknikariaren eskutik, eta hura ere gogoan izan du Perezek. "Guk seigarren taldekidea izan dela esaten dugu, asko ikasi dugu berarekin, eta inork baino hobeto ezagutzen du taldea".

Etena

Urteotan pilatutako esperientzia nekearekin ere elkartu da, batik bat, musika taldea eta beste zeregin batzuk bateragarri egiteko zailtasunagatik. Goiza Perezek berak erabaki zuen "etena" behar zuela aurtengo biraren ostean, eta taldekideek atzetik taldeari momentuz amaiera ematea erabaki dute. "Beste abeslari bat bilatzen joateko proposatu nien, urte hasieran, baina esan zuten taldea denok ginela, lagunak ere bagara, eta, beraz, batek huts eginez gero denak utziko genuela taldea". Momentuz etena datorrela gogoratu du, atsedena, ume txikiaz disfrutatu eta Lehen Mailan den Alaves jarraitzeko tartea ere bai, gogoratu duenez. "Bi urte barru, nork daki, agian berriro ere oholtzara igotzeko gogoa izango dut. Orain kontzertuez disfrutatu nahi dut, baina behetik". Aurretik, Vallecasen dute kontzertua larunbat honetan, eta azken astinaldia etxean izango dute, Legution.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago