Argitu da Arabako aginte makilen banaketa

Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 10:02

Ainize Gastaka izango da hurrengo lau urteetan Laudioko alkatea. Argazkia: EH BILDU

EH Bilduk Laudio berreskuratu du, PPren eskuetara bueltatu da Bastida, eta Zigoitian EAJk eutsi dio aginte makilari.

Argitu da aginte makilen banaketa Araban. Lau urtean behin gertatu moduan, udaletxeek egun handia bizi izan dute gaur, hurrengo legealdirako taldeak eta eledunak zeintzuk izango diren zehazteko eguna.

Gasteizen izan dira goiztiarrenak, Maider Etxebarria sozialistak eskuratu du aginte makila, sorpresarik gabeko saioan, EAJ eta PPren babesarekin. Gaurko saioa baino lehenago askatu zuten korapiloa, baita ere, Laudion, Arabako bigarren udalerri handienean. EH Bilduk eta Omniak Laudioko udal gobernua osatuko dute datozen lau urteetan, eta zerrenda bozkatueneko zerrendaburu Ainize Gastaka aukeratu dute alkate. Orain arte alkate izandako Ander Añibarro jeltzalea oposizioan geratuko da datozen lau urteetan. Aiara ere EH Bilduren eskuetan izango da hurrengo lau urteetan; Aiara Batuzen hiru botoak jaso ditu Pruden Garciak, eta EAJk zituen bost zinegotziak gainditu ditu horrela.

 

Aginte makilari eutsi dio Javier Gorbeña jeltzaleak, PPren babesari esker. Argazkia. EITB

Aldiz, kontrakoa gertatu da Zigoitian. Balantzak norantza egingo zuen argitzear zen hemen ere, eta jeltzaleen aldera egin du. EH Bildu indar bozkatuena izan arren, lau zinegotzirekin, EAJren esku geratu da alkatetza. Jeltzaleen lau ordezkariek PPren zinegotzi bakarraren babesa behar izan dute horretarako; Javier Gorbeñak errepikatuko du agintaldia. Kuartangon ere EAJk PPren babesa behar izan du EH Bilduri alkatetza kentzeko; Miren Meabe jeltzalea izango da alkate berria, PPren zinegotzi bakarraren botoarekin.

Aurretik adostu zuten moduan, Erriberabeitian Erriberabeitia Bizirik talde independenteak lortu du alkatetza, PPren bi zinegotzien babesarekin; Amado Martinez de Iturrate aukeratu dute alkate. Azken unera arte izan da zalantza Dulantzin, baita ere; azkenik, DTI-AIA talde independeteko Joseba Koldo Garitagoitiak alkate izaten jarraituko du, EH Bildurekin akordioa lortu ostean.

Amurrion jeltzaleek jarraituko dute alkatetzan, sorpresarik gabe, hauteskunde emaitzek argi utzi zuten moduan;  Txerra Molinuevok bigarren legegintzaldia egingo du, PSE-EEren babesarekin, gainera. Ezustekorik ere ez da izan Iruña Okan; Miguel Angel Montes sozialista aukeratu dute berriro ere, PP, EH Bildu eta EAJren abstentzioarekin. Gasteiz eta Iruña Okarekin batera, Zanbranak ere alkate sozialista izango du aurrerantzean; Trinidad Zarza izango da legegintzaldi berrian alkate, Aitor Abeziak gidatzen zuen herri plataforma albo batera geratu eta gero.

Trinidad Zarza sozialistak eskuratu du Zanbranako alkatetza.  Argazkia: PSE

Beteranoen taldean, Zuian, laugarren aldiz hartu du aginte makila EH Bilduko Unai Gutierrezek. Ibernalo Basterrak ere alkate jarraituko du Kanpezun, hirugarren agintaldia Kaixo plataformarekin. Maeztun ere aurpegi ezaguna izango dute alkate; Anartz Gorrotxategi jeltzaleak eutsi dio aginte makilari. Eta EH Bilduko Txelo Auzmendik ere alkate jarraituko du legegitzaldi berrian, gehiengoa errepikatu ostean. Adolfo Estavillok ere berriz hartu du alkate kargua Trebiñun; PPren babesarekin egin du aurrera talde independenteak.

Alkate aldaketa izango da, ordea, Legution; EH Bilduko Adolfo Jainagaren ordez, Nerea Bengoa jeltzaleak gidatuko du udalerria hurrengo legegintzaldian, PSEren bi zinegotzien babesari esker. Agurainen kontrakoa, EH Bilduk berreskuratu du makila, EAJren kaltetan; Raul Lopez de Uraldek hartuko du gidaritza. Argantzonek ere alkate berria du, Angel Niño jeltzalea aukeratu dute, EH Bilduko Pablo Ortiz de Latierroren lekuan. 

Txelo Auzmendik jaso du Asparreneko aginte makila. ALEA

Arabako Errioxa da, ziurrenik, azken momentura arte tentsio gehien mantendu duen Kuadrilla. Oionen zalantza zen EAJk hautagairik aurkeztuko zuen, baina azkenik EH Bilduk bakarrik aurkeztu du, talderik bozkatuenak; Jose Manuel Villanueva izango da alkate berria.

Goizeko azken momentuan argitu dira, baita ere, Guardia eta Bastidako korapiloak. Guardian, EAJko Raul Garcia aukeratu dute alkate, EH Bilduren botoek lagunduta. "Egun latzak" izan direla azpimarratu du alkate jeltzaleak, alderdi barrutik PPren hautagaitzari bidea uzteko eskatu eta gero. Bastidan, berriz, PPko Daniel Garcia aukeratu dute; EAJ hautagaiek gogor kritikatu dute popularrei alkatetza uzteko erabakia, baina ez dute hautagairik aurkeztu.

Egun zalapartatsuen ostean, askatu da korapiloa; Raul Garcia izango da Guardiako alkatea. Argazkia: EITB


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago