CAMINUS

Gaixotasun arraroak jomugan

Erredakzioa 2023ko eka. 18a, 08:00
Gaixotasun arraroen gaineko ikerketa bultzatu nahi dute ekimenarekin. Argazkia: CAMINUS

CaMinus elkarteko kideek Hego Euskal Herri osoa zeharkatuko dute gurpildun aulkian, gaixotasun arraroen inguruko ikerketaren alde. Hilaren 21ean aterako dira Gasteiztik, 500 kilometroko ibilbide bat abiatuz. 

Gurpildun aulki elektrikoetan Hego Euskal Herrian zehar 500 kilometro inguru egingo dituzte hil honen bukaeran CaMinus elkarteko kideek. Desgaitasun funtzionala duten Ruben Zulueta eta Jose Ignacio Fernandez Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik aterako dira ekainaren 21ean. Uztailaren 1ean bueltatuko dira leku berera. Abentura honetan, gainera,  Antonio Gonzalez elkarteko kidearen laguntza ere izango dute. 

Lehena, Urduñara

Gutxitutako gaitzak ikustarazi nahi dituzte ekimenarekin. Modu berean, desgaitasuna duten lagunei beren proiektuetan aurrera egin dezaten "positibotasuna" helarazi nahi diete; ekimenaren beste helburuetako batzuk dira gaitz hauen ikerketarako dirua biltzea eta gizartean irisgarritasunaren garrantziari buruzko "kontzientzia zabaltzea". 

KONTZIENTZIA HANDITZEAZ GAIN, "POSITIBOTASUNA" HELARAZI NAHI DIETE GAINERAKO GAIXOEI

Vital Fundazioaren laguntza izateaz gain, logistika lanak arintzeko Alquiber enpresak egokitutako furgoneta bat jarri du haien eskura, azken hiru urteetan izan duten elkartasun kolaborazioan jarraituz.

Gasteiztik abiatu ostean, Urduñara abiatuko dira elkarteko kideak. 11 egunetan, besteak beste, Bilbo, Lekeitio, Zumaia, Donostia, Irun, Iruñea, Lizarra eta Maeztu zeharkatuko dituzte, Gasteizera iritsi arte. Ez da elkarteak esku artean izan duen proiektu bakarra. Besteak beste, hilaren 17an ETB2n gaiari buruzko dokumentala eman dute. Horri esker, espero dute jende gehiagorengana iristea. Bide horretan, Julian Iantzi aurkezle ezagunaren laguntza izan dute ere. Herriz herri hitzaldi asko egin dituzte azken hilabeteotan. Azkena joan den astean bertan izan zen, Gasteizko Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleei emandako dibulgazio hitzaldi baten bitartez. 

Maiatzean, elkartearen aldeko elkartasun martxaren bigarren edizioa egin zuten Gasteizen. Hitzordu horretan itxaropen mezu bat zabaldu nahi izan zuten. "Zientziak sendatzen du, eta gure hondar ale txikiari esker, sendabidea gertuago egongo da", adierazi zuten herritarren eta elkarteen parte hartzea eskertzeko emandako mezuan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide