Euskaraz jolasteko "bermea"

Anakoz Amenabar 2023ko eka. 16a, 06:00

Udaletxearen aurrean egin dute agerraldia guraso elkarteetako ordezkariek asteartean. Argazkia: MIKEL BURUAGA / ALEA

Gasteizko dozenaka familiak haurrek erakunde publikoen eskutik aisialdirako eskaintza euskalduna jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera.

"Kexa bat hemen, bestea han, ate hau jo, gero ondokoa, instantzia bat bete...". Erakundeen aisialdia euskaraz izan dadin bermatzea eskatzeko kexak ohikoak bilakatu direla gogoratu dute Nagore Amondarainek eta Eñaut Iraetak; Ramon Bajo eta Odon de Apraiz eskoletako gurasoak dira, baina beste 16 ikastetxetako gurasoen ahotsa izan daiteke. "Nekatuta" daude azalpen bila ibili behar izateaz, eta aldarrikapen bateratua eraman dute kalera.

Instituzioek gidatutako zein ordainpeko ekintza guztietan euskara bermatua ikusi nahi dute familiek, eta, zehatzago, Gasteizko Udalari helarazi diote mezua, parean agerraldi bateratua eginez. "Gure seme-alaben eskolaz kanpoko aisialdia euskalduna izan dadin, ardurak azken muturreraino eraman ditzaten eskatu nahi dugu, are gehiago ekintza horiek ordainpekoak direnean", azpimarratu dute. Gasteizko ikasleen %94 D eta B ereduetan matrikulatuta dagoela jakinik, "aisialdiko ekintzek eskoletako hizkuntza trataerekin koherentzia izatea" defendatu dute. Azken urteetan Araba euskalduntzeko "sekulako lanak" egin direla gogoratu dute, eta bide horretan guraso elkarteek egindako lana goraipatu. "Egiten duguna nahikoa ez dela jakinik, instituzioek duten ardura azaleratu nahi dugu". Askotan, "baliabideak urriak" direla kritikatu dute.

"Esfortzu gehigarria"

Iraetaren arabera, aisialdiaz euskaraz antolatzeko aukerak egon badaude, baina "esfortzu gehigarri bat" eskatzen du. Jarduera horiek bilatzearekin batera, horiek euskaraz diren zaindu behar dutela gogoratu du. "Askotan gertatzen baita euskaraz izango dela esan eta gazteleraz edo ele bitan izaten direla. Euskalduna izateak lan gehigarri bat eskatzen du". Gizarte etxeetako euskarazko ikastaroren batean izena eman ostean, erdaraz ari direla konturatu dira guraso asko. "Askotan euskaraz dela esaten dute, baina gero ez dute jarraipenik egiten benetan horrela den jakiteko".

Jarduerak zein hizkuntzatan izango diren zehazterako garaian, halaber, askotan "malgua" izaten dela esan du Amondarainek, gehienetan gazteleraren mesederako. "Ingelesez denean ekintza bat oso ondo adierazten da ingelesez dela; hizkuntza zehazten ez den horietan, ordea, gazteleraz amaitzen dute. Antolatzen diren jardueretan hizkuntzak lehentasunezko gaia izan behar du, eta ondo zehaztuta".

"Lehentasunezko gaia izan behar du hizkuntzak antolatzen diren jardueretan"

Nagore Amondarain

Euskaraz eskaintzen dena "benetan euskaraz" izango dela ziurtatzeko neurriak jarri behar direla uste dute guraso elkarteek. "Eta espero dugu iraila heltzen denean, gizarte etxeetako eskaintza ikusten dugunean, benetan antzematea aldaketa bat dagoela", esan du Iraetak. Gizarte etxeetako jarduerak ez dira, ordea, kexa iturri bakarra. Musika eskolan izan diren protestak gogoratu dituzte, sinadura bilketa eta guzti. "Duela urte batzuk hasi ziren maila txikietan euskaraz eskaintzen, baina maila batetik aurrera ez dago bermatua euskara", gogoratu du Amondarainek. Antzeko kexak izan dira Arte eta Lanbide eskolan. "Ikastaro ederrak eskaintzen dira, baina erdara hutsean, eta ez bakarrik eskolaz kanpoko eremuan".    

"Eskaintzan hutsunea"

Hemezortzi ikastetxetako guraso elkartek adostutako adierazpenarekin bat egin du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta "Euskal Herriko luze zabalean orokortua" dagoen arazoa dela ohartarazi du. "Nola ez, eremu batzuetan bereziki larria da egoera, Euskal Herriko hiri eta zenbait herritan kasu. Haur txikien euskarazko eskaintzak egoera hobea duen arren, haur nagusiago zein gaztetxoei zuzendutako eskaintzan hutsune edo eskaintza eza nabarmena da", adierazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.

"Irailean, gizarte etxeek egiten duten eskaintzan, benetako aldaketa bat espero dugu"

Eñaut Iraeta

Azken urteetan herritarrek helarazi dizkieten kasuen arabera, erakunde publikoetatik antolatzen diren hainbat ekintza, tailer, hitzaldi zein bestelakoetan "euskarazko eskaintza urriagoa" izaten dela gogoratu du, eta askotan, euskaraz iragarritakoak ere baldintzatu egiten dira edo nagusiki gaztelaniaz egitera pasatzen dira. "Aisia euskaraz eskaintzeak haur guztiek gaztelania eta frantsesarekin batera euskara ezagutzeko eta erabiltzeko aukerak zabalduko lituzke eta, beraz, eskola eremuaz harago, etorkizunean jendarte justu eta berdinzaleago bat irekitzeko bermatu beharreko neurria dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago