Ertzaintzak genero indarkeriako salaketak atzera bota dituela salatu du Arartekoak

Erredakzioa 2023ko eka. 7a, 16:00
Kasu larrienetako bat Gasteizko ertzain-etxean izan zen. Argazkia: Wikipedia

Besteak beste, sexu eraso bat salatzera bere gurasoekin Gasteizko ertzain-etxera hurbildu zen adingabe baten salaketa atzera bota zuen Ertzaintzak 2022an. Arartekoaren arabera, ertzainen jokabidea "ez zen izan behar bezain egokia".

Maialen Manzonen hilketa matxistatik egun batzuetara, eta Ertzaintzaren protokoloen inguruan piztutako polemikaren erdian, Manuel Lezertua Arartekoak, asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, kritikatu egin du Ertzaintzak eta udaltzaingoek genero indarkeriako ziren salaketak errefusatu dituztela. "Prozedura Kriminalaren Legea oso argia da: salaketa bat ezin da atzera bota, oso kasu tasatuetan izan ezik", azpimarratu du.

Lezertuak azaldu duenez, horrelako jokabideak aurkitu dituzte, "ez bakarrik Ertzaintzan, baita udaltzaingo batzuetan ere". Jarrera horiek gogor kritikatu ditu Arartekoak, "legearen aurkakoak direlako" eta "bereziki larriak" direlako genero indarkeriaren salaketekin lotutako kasuetan.

Arartekoak aipatutako kasuen artean, salaketa baten aurrean honakoa izan zen poliziaren erantzuna: "Ziur zaude salaketa jarri nahi duzula? Nire ustez, ez da ideia ona".

Arartekoak Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean eman ditu azalpenak, 12.704 jarduera jaso dituen 2022. urteko txostena aurkeztearekin batera. "Denok amesten dugu Euskal Polizia eredugarri batekin. Nik aitortu behar dut ahultasun hori dudala: Euskadin polizia eredugarri bat izan dezagun nahi dut, eta, beraz, arazo horiek adierazteko beharra ikusten dut", zehaztu du Lezertuak.

Adingabe baten aurkako sexu erasoa

Besteak beste, Gasteizko ertzain-etxean gertatutako kasu bat aipatu du Lezeartuak, aurtengo otsaileko ebazpen batean jasotakoa: adingabe bat bere gurasoekin hurbildu zen ertzain-etxera, sexu eraso bat salatzeko, baina Ertzaintzak atera bota zuen salaketa.

"Kasua are larriagoa zen adingabe baten aurkako sexu eraso bat zelako, eta, beraz, argi dago delitua zela. Kasu honetan, dirudienez, salatzaile horrek jasan zuen jokabidea —gurasoekin batera, gainera— ez zen izan behar bezain egokia. Gure ustez bidegabeak ziren kontsiderazioak egin ziren, eta hala esan genuen gure ebazpenean", azaldu du Lezeartuak, kasuaren inguruko xehetasun gehiagorik eman ez badu ere.

Azkenik, EH Bilduren galderei erantzunez, Arartekoak argitu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aldetik ez dutela azalpen eskaerarik jaso gaiaren inguruan, Josu Erkoreka sailburuak Legebiltzarrean iragarri zuen bezala.

TXOSTENA

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide