Hezkuntza publikoa mende erdiz ehuntzen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko eka. 2a, 06:00

Ikasbidea Ikastolak 50 urte ospatuko ditu aurten; 1973an sortu zuen Arabako Diputazioak. IKASBIDEA IKASTOLA

Berrogeita hamar urte bete dituzte aurten Arabako ikastetxe publiko ugarik, eta ospatzeko ekitaldi asko antolatzen ari dira han eta hemen. Aldaketa sakonen eta polemika ugariren parte izan da urte hauetan herrialdeko hezkuntza komunitatea. EAEko Hezkuntza Lege Proiektuaren eztabaida dago orain pil-pilean.

Berrogeita hamar urte bete dituzte aurten Arabako ikastetxe eta ikastola askok, eta urteurrenaren aitzakian hainbat ekitaldi antolatzen ari dira egunotan zentroetako guraso elkarteak, oraingo eta lehengo ikasleak eta irakasleak. Oiongo Ramiro de Maeztu eskola publikoan, adibidez, iragan larunbatean ospatu zuten efemeridea; eta Laudioko Latiorro ikastetxeak, maiatzaren 20an, jaia egin zuen ikasle zein irakasle ohi asko bilduz. Ribabellosako Unamunzaga herri eskolan, berriz, larunbat honetan egingo dituzte herri bazkaria eta kontzertua; eta Ikasbidea ikastolakoek, ekainaren 10ean, izango dute egun osoko ospakizuna, Joselu Anaiak taldearen dantzaldia barne.

1973-74 ikasturtean, Txagorritxuko Luis Dorao bezala, beste bederatzi ikastetxe inauguratu zituzten hiriburuan

Horiekin batera, herrialde osoan, beste hamaika ikastetxek izango dute zer ospatu. Izan ere, Micaela Portilla historialariak ongi gogoratu zuenez, 1968-1973 bosturtekoan zabaldu zen Gasteizen irakaskuntzaren behar berrietara egokitzeko prozesua, eta horrekin batera ireki ziren hamar ikastetxe baino gehiago hiriburuan. Biztanleriaren hazkundeak ere hezkuntza azpiegitura handiagoa eskatu zuen, eta 1968an zortzi eskola-talde gehiago eraikitzea onartu zuten, 4.560 plazarekin: Adurtzan, Abetxukun, Aranan, Txagorritxun, Ariznabarran eta Babesgabetuetan; eta aurrez fabrikatutako pabiloiak ere eraiki zituzten, 1970-1971 ikasturterako, 8.500 haur ingururentzat. Ikastetxe dibertsifikatu berriak –hezkuntza berezia, eskolaurrekoak, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxeak, ikastolak, eta abar–  urte horietatik aurrera ireki zituzten, Judimenditik Ehari poligonora, Abetxukutik Olarizura eta Lasartera arte, Aranbizkarran, Sansomendin, Santiago etorbidean, apaiztegi berriaren aurrean, Santa Luzian, 11. poligonoan…

Zentroen hazkunde horren atzean, zalantzarik gabe, zerikusia izan zuen frankismoaren azken etapan onartu zuten 1970eko Hezkuntza Lege Orokorraren ezarpenak. Besteak beste, Lehen Hezkuntzak Oinarrizko Hezkuntza Orokorra (OHO) izena hartu zuen eta Eskolaurreko Hezkuntza laguntza zerbitzu soila izatetik hezkuntza etapa izatera igaro zen. Batxilergo berria ere ezarri zuten, eta unibertsitatera iristeko bidea aldatu zuten. Bestalde, Hezkuntza Lege Orokorrak ere aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen eskola curriculumean. Hala, lege berriak eskola mistoaren eredua onartu egin zuen; eta baimena eman zuen eskualde elebidunetan gaztelania ez den beste hizkuntza bat erabiltzeko.

Berrogeita hamar urte luze hauetan Arabako hezkuntza komunitateak aldaketa sakonak, polemika biziak eta gatazka sonatuak bizi izan ditu

Aldaketa horien aterkipean, 1973-74 ikasturtean, Txagorritxu auzoko Luis Dorao ikastetxea bezala, beste bederatzi eskola inauguratu zituzten hiriburuan, baita Francisco de Vitoria institutua ere, bigarren hezkuntzako lehen zentro mistoa. Herrialdeko beste zonalde batzuetan ere zentro berriak ireki zituzten. Ribabellosako Unamunzaga, adibidez, garai horretakoa da. Herriko eskola segregatuak bildu zituen Unamunzagak, eta inguruko hainbat eskola itxi ondoren –Salcedo, Caicedo-Yuso, Komunioi, Leziñana eta Turiso– Ribabellosako eskolan bildu ziren ikasle guztiak. Laudioko Latiorro ikastetxea 1973an inauguratu zuten, eta urte luzez Ortega y Gasset eta Menendez Pidal gisa ezaguna izan zen, bi eskola baitzituen barruan; 1994an bateratu ziren azpiegitura berean zeuden proiektu biak eta Latiorro ikastetxea izena hartu zuten orduan.

Legeen menpeko aldaketak

Ikastetxeekin batera, 1973an, Arabako Diputazioaren Euskara Zerbitzu sortu berriak Ikasbidea ikastolaren lehenbiziko urratsak egin zituen. Ikerne Oiartzabal jarri zuten euskararen zerbitzuaren buru, "arduradun eta langile bakar", eta euskarazko gela bat ireki zuen Txagorritxu auzoko Gazalbiden, hezkuntza publikoko haur eskola batean. Lehenengo ikastalde hori Pilar Askolizaga andereñoarekin jarri zuten martxan. Hurrengo bi ikasturteetan eraikuntza berdinean jarraitu zuen ikastolak, ikasle kopurua asko handituz. 
Laster izango zen abian euskarazko irakaskuntza Aramaion ere, Diputazioak eraginik; eta, Gasteizen bertan beste ikastola batzuk sortzera ere iritsi ziren, aldundiaren titulartasunarekin –adibidez, Toki-Eder eta Odon Apraiz ikastolak–. Aldundia, halaber, Arantzabela eta Barrutia ikastolen titular egin zen, nahiz eta bietako bat ere ez zuen sortu foru erakundeak.

Berrogeita hamar urte luze hauetan Arabako hezkuntza komunitateak aldaketa sakonak, polemika biziak eta gatazka sonatuak bizi izan ditu, lege mailako hainbat arautegiren ondorioz  sortutakoak. Gaur, 1993tik indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko duen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen Aurreproiektuak eztabaida sutsua piztu du ere euskal hezkuntza-komunitatean. Lehen zirriborroa 2022ko irailean argitaratu zen, eta Eusko Jaurlaritzak testua igorri ostean, hasi da lege proiektuaren inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarrean. 

EAEko Hezkuntza Lege Proiektua aurkeztu eta berehala, erreakzio ugari jaso ditu testu berriak: euskal hezkuntza zerbitzu publikoak bi sareak berdintzen dituela (sare publikoaren kaltetan), hizkuntza eredu gisa murgiltze eredu orokortua ez dela jasotzen eta segregazioaren aurkako neurriak ez direla nahikoa salatu dute eragileek, besteak beste. Kritikoa agertu da Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioa EHIGE, eta aurreproiektuaz, adibidez, "balorazio negatiboa" egin zuen, besteak beste, haien irudiko, ez duelako jasotzen sare publikoa izan behar dela hezkuntza sistemaren ardatza.

Latiorroko hezkuntza komunitateak 50. urteurrena ospatzeko  ekitaldia egin du maiatzean. latiorro ikastetxea

Eskola publikoaren jaiak, 30 urte

Eta hain zuzen ere, hezkuntzan lege aldaketa sakonak egiten ari diren unearekin bat egiten du Euskal Eskola Publikoaren jaiaren 30. edizioak. Iaz, Bastidan egin zuten ekitaldiaren lekukoa Mungialdeko ikastetxe publikoak hartu du aurten, eta ekainaren 4an egingo dute egun osoko jaia. "Hezkuntza legearen prozesu hori eskola publikoa sendotuz eta hedatuz amaitu behar da, euskal hezkuntza-sistemaren ardatz bihur dadin", gogoratu du EHIGEk, eta azpimarratu du Euskal Eskola Publikoaren Jaia ekainaren lehen igandean egiten den jarduera bat baino askoz gehiago dela. "Eskolen arteko elkarlana sustatzea, sare publikoan egiten diren egitasmoak erakustea, ikastetxeen aldarrikapenak kaleratzea, familien parte hartzea eskolan bultzatzea eta hezkuntza komunitateari kalitatezko jarduerak eskaintzea dira, besteak beste, Jaiaren helburuak", azpimarratu dute. Hartara, hiru gune izango dituzte bertaratzen direnek, eta denetariko ikuskizunak eta kontzertuak goizeko lehen ordutik. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago