Parte-hartzea %2,94 jaitsi da Araban arratsaldean

Erredakzioa 2023ko mai. 28a, 18:30

Herritar ugari hurbildu dira egunean zehar Aldabe gizarte etxera. / ALEA

2019ko hauteskundeetako datuekin alderatuta, parte-hartze orokorra jaitsi da EAEn. 18:00etako datuen arabera, Arabako boto-emaileen %46,54ak bozkatu du, duela lau urte baino %2,94 gutxiago.

Udal eta foru hauteskundeak ospatzen ari dira gaur Espainiako Estatuan, baita Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere. Espainiako zonalde gehienetan ez bezala, EAEko hiru herrialdeetan parte-hartzea jaitsi da. EAE osoan parte-hartzea duela lau urte baino %4,07 baxuagoa izan da, boto-emaileen %48,71k bozkatu baitu; 2019an, ordu berean, parte-hartzea %52,78koa zen.

Udal hauteskundeen parte-hartzearen inguruko azken datuak 18:00ak aldera iritsi dira, eta, oraingoz, Araban %46,54koa izan da parte-hartzea; 2019ko hauteskundeetan baino %2,94 baxuagoa (orduan %49,48koa zen ordu berean) eta EAEko hiru probintzien artean baxuena. Hiriburuari dagokionez, Gasteizen duela lau urtekoa baino txikiagoa da parte-hartzea, %47,32tik %44,29ra (-%3,03).

Hala ere, Arabako udalerri batzuetan igo da parte-hartzea 2019ko hauteskundeekin alderatuta, bereziki Lautadan eta Arabako Errioxan: Agurain (+%2,35), Dulantzi (+%2,96), Arraia-Maeztu (+%0,70), Arratzua-Ubarrundia (+%6,54), Kripan (+%3,06), Kuartango (+%6,42), Bastida (+%0,38), Guardia (+%2,33), Lapuebla de Labarca (+%4,57), Moreda (+%7,27), Samaniego (+%10,91), Villabuena (+%2,27) eta Zalduondo (+%8,05).

Trebiñuko bi udalerriei dagokionez: Argantzongo parte-hartzea %56koa da, 2019an baino %1,72 baxuagoa; Trebiñukoa, berriz, %50koa, duela lau urte baino %1,64 baxuagoa.

Hautetsontziak ixteko ordubete inguru falta da momentu honetan. Kontsultatu Arabako udalerri guztietako parte-hartzearen inguruko datuak hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago