Eguerdira arteko parte-hartzea %33,76ra jaitsi da Araban

Erredakzioa 2023ko mai. 28a, 14:50

Herritar ugari hurbildu dira goizean zehar Aldabe gizarte etxera. / ALEA

2019ko hauteskundeetako datuekin alderatuta, parte-hartze orokorra jaitsi da EAEn. 14:00etan, Arabako boto-emaileen %33,76ak bozkatu du, duela lau urte baino %0,93 gutxiago.

Udal eta foru hauteskundeak ospatzen ari dira gaur Espainiako Estatuan, baita Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere. Espainiako zonalde gehienetan ez bezala, EAEko hiru herrialdeetan parte-hartzea jaitsi da. EAE osoan parte-hartzea duela lau urte baino %1,86 baxuagoa izan da, boto-emaileen %35,3ak bozkatu baitu.

Lehen datuak 14:00ak aldera iritsi dira, eta oraingoz Araban %33,76koa izan da parte-hartzea; 2019ko hauteskundeetan baino %0,93 baxuagoa eta EAEko hiru probintzien artean baxuena. Hiriburuari dagokionez, Gasteizen duela lau urtekoa baino txikiagoa da parte-hartzea, %33,19tik %32,31ra jaitsi baita.

Aldea ez da oso nabarmena izan, eta goizeko eguraldi ona izan daiteke parte-hartze baxuaren arrazoietako bat. Hautetsontziak ixteko bost ordu baino gutxiago falta dira, eta arratsaldean ikusiko da parte-hartzea igotzen den ala ez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago