Arabako hauteskunde gaua zuzenean jarraitu ahal izango da ALEAn

Erredakzioa 2023ko mai. 28a, 10:00

Udal eta foru hauteskundeak martxan; argazkian, Aldabe gizarte etxea. / ALEA

Aurrekaririk gabeko ahalegina eginda, Tokikom taldeko 150 langiletik gora izango dira lanean igandean, hauteskundeetako informazioa toki komunikabideetan emateko. Arabako zenbaketa zuzenean jarraitu ahal izango da ALEAn.

TOKIKOM sarea osatzen duten euskarazko toki komunikabideek aurrekaririk gabeko ahalegina egingo dute asteburuan, udal eta foru hauteskundeen emaitzak zuzenean emateko.

Toki komunikabideek asteak daramatzate herriz herriko egunerokoan eragin berezia duten hauteskunde hauen jarraipen zorrotza egiten: paperean, sarean, irratian, telebistetan, sare sozialetan... elkarrizketak hautagaiekin, hauteskunde-eztabaida publikoak jendaurrean zein platoetan, inkestak, porrak eta bestelako formatu berritzaile eta parte hartzaileak...

Tokian tokiko erredakzioetan ahalegin eskergak egiten ari dira egunotan hautagaien proposamenak herriz herri eta auzoz auzo zabaltzeko, modu ulergarri eta hurbilean.

Jarraitu hauteskunde gaua ALEAn

Euskal Herriko beste toki komunikabide askotan bezala, ALEAko lantaldeak hauteskunde gauaren jarraipena egingo du, Arabako udal eta foru hauteskundeetako zenbaketaren datuak minutuz minutu eskaintzeko. Etengabe eguneratzen joango diren grafiko ikusgarrien bitartez, Batzar Nagusietarako hauteskundeen zein udal bakoitzeko hauteskundeen datuak zuzenean kontsultatu ahal izango dira alea.eus atarian.

Horrez gain, igande gauean eta astelehenean zehar, botoen %100 zenbatuta, Batzar Nagusietako, Gasteizko Udaleko zein Arabako udal nagusietako hauteskundeen emaitzak, ondorioak eta osatu ahal izango diren gobernuak aztertuko ditugu, baita paktometroen bidez ere.

Hori guztia azken asteetan aldizkarian eta Udal eta Foru Hauteskundeak atal berezian egindako lanari gehituko zaio. Hauteskunde kanpainaren egunerokoa xehetasunez jarraitu ez duen arren, ALEAren lantaldeak ahalegin berezia egin du ahaldungai eta Gasteizko alkategai nagusiak elkarrizketatzeko —PPk gonbidapenari uko egin dion arren—, eta hauteskundeen inguruko informazioa eta analisia eskaintzeko.

150 lagunetik gora

Igandeari begira, azken egunotako ahalegin hori biderkatu egingo da. Toki komunikabide askok egun osoko jarraipena egingo dute, lehenengo eta behin bozketak eta parte hartzea nola doazen jakiteko, eta emaitzen zuzeneko informazioa eman ahal izateko gero. Taldeko komunikabide guztiak kontuan hartuta, 150 langiletik gora jardungo dute lanean igandean, herriz herri eta auzoz auzo, hauteskundeetako emaitzen informazioa ahalik eta zehatzen kontatzeko.

Irrati eta telebistek programazio berezia eskainiko dute egunean zehar, eta interneteko edizioek zuzeneko datuak emango dituzte, bozken kontaketa ofiziala hasi bezain pronto. Paperezko argitalpenek ere zenbaki bereziak aterako dituzte, batzuek astelehenean bertan, eta beste askok astean zehar. Betiko euskarrien arteko mugak apurtuko dituenik ere ez da faltako: Euskalerria Irratiak , adibidez, zuzeneko telebista saioa eskainiko du Twitch plataformaren bidez.

Kazetaritza lana ez ezik, lan tekniko handia ere eskatzen du ahalegin berezi honek: 2020ko Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeetan ALEA, Goiena eta UKTn egindako proba pilotu arrakastatsuaren ondoren, igandean, lehen aldiz, TOKIKOM Plataformako 26 webguneak zuzenean konektatuko dira datu iturri ofizialekin, datuak automatikoki ekartzeko zenbaketa aurrera doan neurrian. Horrela, Plataforma darabilten webguneak uneoro eguneratuko dira iturri ofizialen informazioarekin.

Bost datu iturri ezberdin

TOKIKOM Plataformaren garapen teknikoa daraman CodeSyntax enpresan lau lagun dabiltza azken asteotan sistema guztia prestatzen. Erronkarik handiena datu-iturrien aniztasuna da: udal hauteskundeetako datuak Espainiako Barne Ministerioak eman behar ditu, eta foru hauteskundeetakoak, berriz, foru aldundiek eta Nafarroako Gobernuak. Bost datu iturri ezberdin dira, bakoitza bere irizpide eta ezaugarri propioekin, eta horrek lan asko ematen du informazioa bateratzeko orduan.

Automatikoki iritsiko den informazio hori, gainera, egoki uztartu behar da tokian tokiko kazetariek unean eskuratu dezaketenarekin, gehi igarotako hauteskundeetakoekin, konparazio historikoak eta abarrak egin ahal izateko. Eta amaitzeko, datu guztiak modu atsegin eta ulergarrian erakutsi behar dira, webgunerako, papererako eta telebistetarako.

Hau dena posible da TOKIKOM osatzen duten komunikabideek euren egitura teknikoa batera eta elkarlanean garatzeko martxan dituzten foro eta lantaldeei esker. Garapen tekniko konplexuak dira, eta toki komunikabideentzat eskuraezinak lirateke haietako bakoitza bere aldetik egiten saiatuz gero. Ez da erronka erraza, baina ahaleginak merezi du, herriz herriko egunerokoan hainbesteko eragina duten hauteskundeen informazioa modu arduratsu eta profesionalean eman ahal izateko.

TOKIKOM osatzen duten toki komunikabideen mapa hemen aurki daiteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago