IAU Nazioarteko Astronomia Elkarteak ebatzi du Gliese 486 izarra eta inguruan duen Gliese 486b planeta 'Gar' eta 'Su' deituko direla aurrerantzean.
ExoWorlds 2022 lehiaketaren bidez egin da izendapena. James Webb espazio teleskopioak behatutako hogei exoplanetari eta horien izarrei izen ofiziala emateko IAUk bultzatutako lehiaketa da hori.
Babes zabala jaso du hautagaitzak, eta planeta aurkitu duen taldeko ikertzaile Jose Antonio Caballeroren ideia izan da euskarazko izenak proposatzea. Hautagaitzak EHUko Zientzia Planetarioen taldearen laguntza izan du.
Virgo konstelazioan kokatuta dagoen sistema 26 argi urtera dago. Gar nano gorri bat da, eta inguruan duen Su superlur motako arrokazko planeta da. Izarra 1919etik ezagutzen bada ere, planeta duela bi urte aurkitu zuten. Lurra baino %30 handiagoa da, eta haren masa Lurraren halako 2,8 dela kalkulatu dute astrofisikariek. Su izena ez da apetaz jarritakoa: planeta horren azalean 430 gradu egon daitezkeela uste da. Hain gertu dago Garretik, ezen egun eta erdian bira ematen baitio.