Astronomia

Gliese 486? Hobe 'Su' eta 'Gar'

Juanma Gallego 2022ko abe. 1a, 10:41

Gliese 486b edo 'Su' planetaren irudikapen artistikoa. J. CABALLERO/MAX PLANCK INSTITUTUA

Objektu astronomikoak izendatzeko Name Exoworlds nazioarteko deialdiari jarraiki, astronomo talde batek planeta bati eta haren izarrari Su eta Gar izenak eman nahi dizkie modu ofizialean.

26 argi urtera daude Gliese 486 izarra eta inguruan duen Gliese 486b planeta. Lurretik ikusita, Virgo konstelazioan kokatuta dago sistema hori. Izarra nano gorri bat da, eta 1919 urtean deskribatu zuten aurrenekoz. Planeta, berriz, superlur motako arrokazko planeta da, eta iaz aurkitu zuten. Astronomoek kalkulatu dute Lurra baino %30 handiagoa dela, eta haren masa halako 2,8 dela. Tamainagatik Lur erraldoi bat den arren, Gliese 486b planetaren baldintzak ez dira samurrak: batez bestean, 430 gradu egon litezke azalean, Artizarrean dagoen tenperaturaren parekoa. Horren arrazoia da haren izarretik izugarri gertu dagoela; izarrari bira, gainera, oso modu azkarrean egiten dio: planeta horretan urte batek egun eta erdi baino ez du irauten.

Orain artekoak katalogo izenak dira, baina objektu garrantzitsuak direnean bestelako izendapen propioa landu ohi dute astronomoek. Hortaz, laster objektu horiek izen ofizial berriak izango dituzte, eta, dena ondo bidean, euskal izenak izan litezke, gainera.

Izan ere, astronomo talde batek modu ofizialean sistema hori euskal izenekin izendatzeko proposamena landu du: planetari Su izena eman nahi diote, eta Gar izarrari. Izendapen horiek Name Exoworlds deialdian aurkeztuko dituzte. Bozketa publikorik egongo ez den arren, halako proposamenek astronomiarekiko lotura edo zaletasuna duten pertsona edo erakundeen babesaren beharra dute, eta horretan lanean ari da orain astronomo talde bat.

Azken erabakia IAU Nazioarteko Astronomia Elkartearen esku dagoen arren, proposamenak baditu helduleku irmoak. Batetik, iaz planetaren aurkikuntzan parte hartu zuen Jose Antonio Caballero astronomoaren babesa du —CARMENES izeneko kolaborazioaren bidez aurkitu zuten, eta Science aldizkarian eman zuten horren berri—. Bestetik, aurten IAUk "herri indigenen" izenak lehenetsiko dituela iragarri du, eta horretan euskarak izan dezake sarbidea. Bi objektu direnean, bien arteko harremana ere azaldu behar da izendapenean.

"Su ikaragarri bero dagoen superlur bat da. Alde ona eta txarra du, beraz. Suak bezala. Gar gori-gorian dagoen gasezko bola bat da. Eta su eta gar —musika talde eibartarra izateaz gain— euskal esamolde indartsua da, zerbait pasio handiz edo grinez egiten denaren erakusle", azaldu du Itziar Garate EHUko astronomoak. Erantsi duenez, "astronomian oso ohikoa den lan egiteko moduaz —pasioz eta gogotsu—" adierazten duen esamoldea da.

Euskal mitologia

Halako izendapenetan mitologiari heltzen zaiola jakinda, landu duten proposamenean azaldu dute ere gurean kontzeptuak duen zentzua. "Euskal mitologian sua izaki duala da, ona delako — babesa eskaintzen du—, baina arriskutsua ere izan daiteke", idatzi dute. Modu berdinean, IAUko kideei azaldu diete euskaraz su eta gar esapideak islatzen dituela "astronomo askok, bai profesionalek zein zaletuek, darabilten grina eta gogoberotasuna"

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago