Gordailu ez ezik, errealitatea(k) sortzeko tresna

Uxue Ruiz de Arkaute 2023ko mai. 27a, 06:00

Artiumeko liburutegi parean dago dokumentazio zentroa. / Uxue Ruiz de Arkaute - ALEA

Historikoki dokumentatu ez diren artisten ondarea jaso eta gure herriko arte historian izan duten lekua berreskuratzeko lanean dihardu Gasteizen kokatuta dagoen Emakume Artisten Dokumentazio Zentroak. Arteari eta feminismoari loturiko liburu, arte-ikerketa lan, artxibo zein artisten katalogazioak biltzen ditu.

Museoak arte erakusleiho zurrunak balira ulertu ohi ditugu. Hauek, ordea, gizartearen orainarekin etengabeko elkarrizketan egon daitezkeen espazio aldagarriak dira. Aldaketak arte erakusketetan, programetan zein museoetako liburu, dokumentu eta artxiboen gaineko erabaki eta ordenazioetan eman daitezke. Izan ere, artxiboak eta hauen antolaketa erak sentsibilitatea antolatzeko gailuak dira. Hala, gizarte maskulinizatuen parte diren arte erakundeetan, maskulinotzat jotzen diren ezaugarri, gustu, kontakizun eta alorren trataerak goraipatuz arrazoitu izan da maiz interesgune horietatik kanpo gertatu den guzti horren dokumentazioaren ikusezintasuna.

Gure herriko arte historian ere, gizon txuri eta aberatsek izan dute ikusgarritasunaren monopolioa eta monopolioaren izaeran eragiteko aukera. Gurpil horri bueltaka, museoak beraien espazio berretsiak izan dira etengabeki. Errealitate honetatik abiatuz, orduan, erreza ote da irudimena berrantolatzea museo baten desmaskulinizazio prozesu bat irudikatzeko?

Gasteizen 2002. urtetik dugu Artium Museoa edo Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa izateko jaio zen zentroa; Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Legebiltzarraren funtsak gordetzeko, kudeatzeko eta ordezkatzeko arduraduna izan da. "Museoak erakunde publikoak izanik, memoriaren erreparazioaren ildoan lan egin behar duelako" sinesmenetik abiatuta, 2019an museoaren funtsen azterketa bat egin zen. Erakunde publikoko bilduman emakumeenak ziren artelanak soilik %20,8ra heltzen ziren datuari arduraz erreparatu zioten.

Ordutik, ildo-estrategiko bat diseinatu zen "bere programa eta bilduma Euskal Herriko emakume artisten lanez hornitzeko" erabakia hartuta. Emakumeek egindako artelanen funtsak handitu eta bakarkako erakusketak areagotzearekin batera, "museografiaren bide berriak aintzat hartu" eta gaur egungo emakume artisten ekoizpenak erakundearen jarduera-eremu guztietara heltzeko erabakia hartu zuten. Hala nola, bilduma, erakusketak, programa publikoak eta liburutegia eta dokumentazio zentroa.

Azken honetatik jaio zen zehazki, Euskal Emakume Artisten, Praktika artistikoen eta Artearen Teoria feministen Ikerketa eta Dokumentazio Zentroa. Bere izenak bezain birika zabalak dituen (arnas)gune honetan, artea eta feminismoarekin harremana duten liburu, arte-ikerketa lan, artxibo zein artisten katalogazioak topatu daitezke. Artiumeko liburutegi parean kokatzen den espazio hau emakumeen arte ekoizpena babesteko eta partekatzeko helburuarekin jaio zen. Izan ere, "historikoki dokumentatu ez diren artisten ondarea eskuratzeko eta ikertzeko mandatuak" zeharkatu baitu proiektu honen ortzi-muga azken urteetan.

Etengabeko garapena

Zentroa jada bi urtez egon da zabalik eta espazio honen izaera "etengabeko garapen prozesu" batean definitzen du Elena Roserasek, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroko arduradunak. Bi atal dituen espazio moduan ulertu daiteke gunea, elkar-elikatzen diren alderdi fisiko eta alderdi birtualak osatzen baitute. Zentroaren espazio fisikoan, besteak beste, liburuak, aldizkari zientifikoak eta askotariko iturri historikoak arakatzeko gune argitsu bat topatu daiteke. Egunez egun hazten doan zentro honetan, museoko liburutegiaren parte ziren liburu batzuk berreskuratzeaz gain, irizpide berriak praktikara eramanez, artista, ikerlari eta pentsalari ezberdinekin jarri dira harremanetan museoaren funtsak aberaste aldera. Hauetako bakoitzari feminismoarekin eta artearekin harremana duten hamar liburu gomendio eskatuz (orain arte, Gema Intxausti, Azuzena Vieites, Lourdes Mendez, Natalia Isla, Leah Whitman-Salkin, Cataliza Lozano eta Carmen Gaitan egon dira parte hartzaileen artean); ostean, haien irakurketa aholkuak museoaren web-orriko liburutegiaren atalean publikatuz.


Bestalde, tokiaren alderdi birtualean murgiltzeko Artium museoaren webgunean kokatzen den online espaziora da sartzea da aukerarik onena. Roseras arduradunaren esanetan, sareko gune honek "bilduman zein programarekin emakume artisten, teorikoen, arte historiagileekin harremana duten dokumentazioa identifikatzen, biltzen eta kudeatzeko eginkizuna dauka". Horrela, Artiker izeneko plataformak Liburu eta Dokumentazio funtsak kontsultatzeko aukera eskaintzen du. Gainera, 500 iturri baino gehiago daude ikusgai bertan, "artearen pentsamendu eta teoria feminista, arte-komunitatean eta gainerako herritarren artean zabaltzeko tresna baliagarria izan daitekeelakoan".

Elena Roseras, Artium Museoko Liburutegiaren eta Dokumentazio Zentroaren arduraduna. UXUE RUIZ DE ARKAUTE / ALEA

Beste alde batetik, azpimarratzekoa da ildo hauen barruan garatzen den denbora-lerro digital bat gorpuztu dutela "feminismoa ardatz duten testuinguru kultural, sozial eta politikoak ikertzeko euskarri" bat eskaintzeko asmoz. Denbora-lerro honetan, 1900etik gaur egun arte Euskal Herriko arte historiarekin eta museoarekin harremanetan dagoen ondarea kronologikoki antolatuta ikus dezakegu. Elkar lotzen diren hiru historiografietatik egin daiteke aurrera eta atzera. Batetik, emakume artistei eskainitakoa izango litzateke goiko lerroaren genealogia; bestetik, dokumentuen funtsari dagokion informazioa erdikoan kokatuko litzateke eta, azkenik, emakumeen erakusketei erreferentzia egiten dien lerroa izango litzateke behekoa. Laburbilduz, gure herriko artearen historia ezezagunenari bere une historikoa eta espazioa eman zaio, ikertzaile, historialari zein bestelako alorretako kuxkuxeroen asebetea ahalbidetzeko.

Espazio fisiko eta birtualean aurkitu ditzakegun erreferentziez aparte, artean ere eragin arriskutsua izan duen genero arrakala lantzeko bestelako programa batzuk sustatu ditu museoak. Esate baterako, emakumezkoen arte ikerketa lanak bultzatzeko helburuarekin Juncal Ballestin Ikerketa Beka sortu zuen duela bi urte. Horrela, urtero ikerlari bat aukeratuko da bertako artxiboekin harremana duten ikerketak egin ahal izateko. Azken bi urteetan beka jaso duten emakumeak Estibaliz Sadaba artista eta ikerlaria eta Leah Whitman-Salkin ikerlari eta editorea izan dira.

Emakume Artisten Dokumentazio Zentroak sortutako denbora-lerroaren pantaila-argazki bat. ARTIUM 

Ildo berean, artea eta teoria feminista bateratzen duen argitalpen-lerro espezifiko bat sortzea izan da Artium Museoaren hautuetako bat. Juncal Ballestin artistaren lanaren katalogo bat sortuko dute. Gainera, urtez urte antolatzen den Begirada feminista. Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan jardunaldiak —iazko maiatzean 14. aldiz antolatu zena— paperera pasatzeko erabakia hartu dute, egoitza artistikoetan parte hartzen duten artisten sorkuntza argitaratzeaz gain. Gema Intxausti izan da iaz programa honetako lehen artista egoiliarra. Orotara, zentroari dagozkion hiru liburu hauek udarako irakurgai egotea aurreikusten dute.

Belaunaldi arteko transmisioa

Begirada azkar batean, 2019tik aurrera martxan jarri zen estrategiaren beste ildo batzuk aipatuz, Hasieratik. Zinema feministaren istorioak zikloak (Tabakalerarekin lankidetzan) ikusgai daude, hilabetero proposamen ezberdin bat proiektatzen dute, eta euskal zinemaren munduko emakume aditu bat gonbidatuz. Eskolentzako programari ere ikuspuntu berri bat eman eta Emakume txikien ekoizpen ez oso ohikoa tailerretan nazioarteko emakume adituek gidatutako lantegiak eskainiko dira.

Gasteizen dagoen adibide xume bezain erreferentzial honen bitartez, arte museo bat, elementu bizigabe bat izatetik urrun, errealitateak egikaritzen edo sortzen dituen organismo bizi baten isla dugu. Modu berean, liburutegiak eta dokumentu zein artxiboak birpentsatzeko moduen bidez, kontakizun berriak sortu eta zaharrak berreskuratu daitezke. Lourdes Mendez arte antropologoak dioen bezala, "ezagutza feministaren belaunaldiarteko transmisioan akatsak egonez gero, edota haren konplexutasuna ezkutatzen badute, jadanik eginiko hori berriz ere deskubritu behar izateko arriskua legoke, lorpenak partekatzeko ariketaren bidez aurrera jarraitu ordez". Zentrotik, "haien konpromisoa hemendik aurrera sortzen den euskal artea, ikerketa, historia eta pentsamendu kritikoaren babes historikoa gordetzea" dela eta, gurean ere "hutsune argi bat dagoela" identifikatu dute. Haatik, lanean jarri eta jada guztion eskura dagoen gune txiki bezain aberats honetara hurbiltzeko aukera luzatu dute.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago