Bigarren greba eguna Arabako egoitza pribatuetan

Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 16:00

Arabako adinekoen egoitza pribatuetako langileek tranbiaren bidea moztu dute aste honetako bigarren greba egunean. Sektoreko patronalaren "blokeoa" salatu eta probintzia hitzarmen duin bat exijitu dute.

Urtean 1.792 orduko lanaldia. 1.104 euroko soldata gordina. Baldintza horietan lan egin daiteke? Baldintza horietan zaindu daiteke? Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek bi eguneko greba egin dute aste honetan, asteartean eta asteazkenean, "bizimodu duina bermatzeko" lehen hitzarmen probintziala eskatzeko. Greba deitu duten ELA eta LAB sindikatuek "patronalaren blokeoa" amaitzea exijitu dute.

Bi greba egunen "jarraipen nabarmena" azpimarratu dute sindikatuek, batez ere sektoreko gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta: gutxieneko zerbitzuak %70ekoak dira gerokultoreen eta erizaintzako laguntzaileen artean, eta %50ekoa EUD osasun langileen eta teknikarien artean.

Gaur, bigarren greba egunean, elkarretaratzea egin dute 11:00etan Babesgabetuen plazan, beren egoera gizarteratzeko. Ondoren, 12:30ean, manifestazioa egin dute plazatik abiatuta. Erdialdeko kaleak zeharkatu dituzte, eta Babesgabetuen plazara itzuli dira, baina lehenago 20 minutuko eserialdia egin dute Independentzia kalea eta Bake kalea gurutzatzen diren puntuan, tranbia eta errepidea moztuz.

Soldata "irrigarria" eta lanaldia "astakeria"

Maiatzaren 15ean izan zuten azken negoziazio mahaia, eta patronalaren azken eskaintza 2028. urterako 1.350 euroko soldata —"irrigarria", sindikatuen ustez— eta urteko 1.742 orduko lanaldia —"astakeria", sindikatuen hitzetan— izan zen: "Gaur egun patronalak oraindik ez digu erantzun sindikatuok mahai gainean jarritako proposamen ekonomikoari, eta horrek agerian uzten digu negoziatzeko duen jarrera eskasa", kritikatu dute langileen ordezkariek.

Azaldu dutenez, Arabako adinekoen egoitza pribatuetako zein etxebizitza komunitarioetako langileek "lan karga handiekin" jarraitzen dute: "Lanarengatik sortutako gero eta gaitz gehiagorekin, urteko lanaldi oso luzeekin, eta gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea; hau da, lan egiteko bizi dira, eta bizirauteko lan egiten dute", ohartarazi dute sindikatuek.

Sektore feminizatu eta arrazializatu honek lau urte baino gehiago daramatza borrokan, langileen lan baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat eskatzen. Besteak beste, "hilaren amaierara iritsi ahal izateko" soldata igoerak eta lanaldiaren murrizketa eskatzen ari dira, "bizi baldintza materialak hobetzeko".

"Zaintza publikoak, ez negozioa"

Zainketen sektoreko langileen lana "eskertzeko eta baloratzeko premia" aldarrikatu dute ELAk eta LABek: "Funtsezko sektorea da, non emakume horiek adinekoen bizitzari eusten lan egiten duten. Beren lan baldintzak behar bezala arautzea eskatzen dugu".

Patronalari negoziatzeko dei egitearekin batera, Gizarte Politiketako Saileko diputatu Emilio Sola interpelatu dute, sektoreak hitzarmen probintziala izatearen garrantzia mahai gainean jar dezan: "Zaintzak publikoak izan behar dira eta ez negozioa. Irabaziak lehenesten dituena negozioa da, eta ez zaintza", salatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide