Grebara itzuli dira Arabako egoitza pribatuetako langileak

Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 13:30

Maiatzaren 23an eta 24an grebara joko dute berriz ere Arabako adinekoen egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, sektoreko patronalaren "blokeoa" salatzeko.

ELA eta LAB sindikatuek beste bi greba egun deitu dituzte Arabako adinekoen egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, sektorearen Arabako lehen hitzarmenaren negoziazioetan "patronalaren blokeoa" amaitzea exijitzeko.

Lehenengo greba egunaren "jarraipen nabarmena" nabarmendu dute sindikatuek, batez ere sektoreko gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta: gutxieneko zerbitzuak %70ekoak dira gerokultoreen eta erizaintzako laguntzaileen artean, eta %50ekoa EUD osasun langileen eta teknikarien artean.

Maiatzaren 15ean izan zuten azken negoziazio mahaia, patronalaren azken eskaintza 2028. urterako 1.350 euroko soldata —"irrigarria", sindikatuen ustez— eta urteko 1.742 orduko lanaldia da —"astakeria", sindikatuen hitzetan—: "Gaur egun patronalak oraindik ez digu erantzun sindikatuok mahai gainean jarritako proposamen ekonomikoari, eta horrek agerian uzten digu negoziatzeko duen jarrera eskasa", kritikatu dute langileen ordezkariek.

Azaldu dutenez, Arabako adinekoen egoitza pribatuetako zein etxebizitza komunitarioetako langileek "lan karga handiekin" jarraitzen dute: "Lanarengatik sortutako gero eta gaitz gehiagorekin, urteko lanaldi oso luzeekin, eta gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea; hau da, lan egiteko bizi dira, eta bizirauteko lan egiten dute", ohartarazi dute sindikatuek.

Sektore feminizatu eta arrazializatu honek lau urte baino gehiago daramatza borrokan, langileen lan baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat eskatzen. Besteak beste, "hilaren amaierara iritsi ahal izateko" soldata igoerak eta lanaldiaren murrizketa eskatzen ari dira, "bizi baldintza materialak hobetzeko".

Zainketen sektoreko langileen lana "eskertzeko eta baloratzeko premia" aldarrikatu dute ELAk eta LABek: "Funtsezko sektorea da, non emakume horiek adinekoen bizitzari eusten lan egiten duten. Beren lan baldintzak behar bezala arautzea eskatzen dugu".

Patronalari negoziatzeko dei egitearekin batera, Gizarte Politiketako Saileko diputatu Emilio Sola interpelatu dute, sektoreak hitzarmen probintziala izatearen garrantzia mahai gainean jar dezan: "Zaintzak publikoak izan behar dira eta ez negozioa. Irabaziak lehenesten dituena negozioa da, eta ez zaintza", salatu dute.

Lanuzteak eta mobilizazioak

Egoera horren aurrean, "aurrera egin eta borroka egingo" dutela ohartarazi dute. Norabide horretan, ELA eta LAB sindikatuek bi eguneko greba deitu dute sektorean maiatzaren 23 eta 24rako, "gehiegizko gutxieneko zerbitzuek uzten duten neurrian indarrak batu, kalera irten eta kaleak betetzera" deituz:

  • Maiatzaren 23an, manifestazioa: 11:00etan Plaza Berritik Diputazioraino (Probintzia plaza).
  • Maiatzaren 24an: elkarretaratzea, 11:00etan Babesgabetuen plazan, kaleko egoera gizarteratzeko; eta manifestazioa, 12:30ean plaza beretik abiatuta, erdialdeko kaleak zeharkatuz eta Babesgabetuen plazan bertan amaituz.
  • Maiatzaren 26an, auto karabana: 10:00etan Gazalbideko aparkalekutik, Gasteizko kaleak zeharkatzeko erresidentzietako langileen egungo egoera salatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide