Perlata

"Aurre egiteko modu bat da kuirpunka, espazio aske bat"

Mikel Buruaga 2023ko mai. 24a, 05:30

Perlata Arrasateko kuirpunk taldeko kideak. / Argazkia: Markel Suarez

Ostiral honetan, M-Fest jaialdiaren barruan, Jimmy Jazz aretoa astinduko du Arrasateko Perlata taldeak, Sandre katalanekin batera. Beren ibilbideaz, kuirpunkaz, Txerra Bolinagaren fitxajeaz, autoekoizpenaz, etorkizunaz eta "behin eta berriz" erantzun beharreko galderez mintzatu dira ALEArekin.

Gauekoak programaren eskutik, M-Fest jaialdia maiatzaren 26an eta 27an ospatuko da Gasteizen. Ostiralean eta larunbatean, berriz ere emakume sortzaileak erdigunera eramango ditu kultur ekitaldiak. Kontzertuak, erakusketa, horma-irudia, hitzaldiak, tailerrak eta artisau azoka izango dira. Jaialdiaren lehen jardunaldian, ostiralean, punk musika izango da nagusi, Jimmy Jazz aretoan egingo den kontzertu bikoitzari esker. 21:30etik aurrera, Perlata eta Sandre taldeek sutan jarriko dute agertokia.

2015. urtean sortu zen Perlata, Arrasateko kuirpunk taldea. Zazpi urtez Euskal Herriko punk eszena astindu ostean, gaur egun Maialen Oleagak, Ane Garai Arrietak, Jaione Martinezek eta Txerra Bolinagak osatzen dute taldea.

Zazpi urte, lau disko, gero eta presentzia handiagoa Euskal Herriko agertokietan... Nolakoa izan da ibilbidea eta zer puntutan dago orain Perlata?

Beti behar izan dugu musika, agertokien bueltan ibili gara beti. Duela zazpi urte jendaurrean jotzen hasi ginen, eta ordutik lau disko kaleratu ditugu eta toki asko ezagutu. Horrek mugitzen gaitu eta momentu honetan uda polita dugu aurretik, kontzertu dexente eta proiektu berriak.

"Punk konbentzionala gizon zishetero txuriz osatuta dago, eta beraiek dute eta izan dute beti boterea"

Kuirpunk gisa definitzen duzue zuen burua. Zer esan nahi du horrek?

Queer hitza ingelesetik datorren hitza da, LGTBIA+ kolektiboko pertsonak iraintzeko erabiltzen zen. Arraroa edo ohikoa ez dena esan nahi du. Gu kolektibo horren parte garen heinean nahi izan dugu gure errealitate hori ikusarazi eta esplizituki azpimarratu. Eta ingelesezko hitz hori "euskaratuz" gure egin. Punk konbentzionala gizon zishetero txuriz osatuta dago, eta beraiek dute eta izan dute beti boterea, eszenako esparru guztietan. Batzuk jabetu dira horretaz, eta ari gara zerbait eraldatzen, baina beste batzuk oraindik ez dute ikusi nahi, edo, are okerrago, ez dute aldatu nahi.

Horri guztiari aurre egiteko modu bat da guretzako kuirpunka. Espazio aske bat. Norma, sexu-genero edota eszenan mugitzeko eta musika egiteko modu arautuak apurtzen dituena. Horregatik gustatzen zaigu gure burua hor kokatzea, era askatzailean abesteko leku posible bakarra delako. Uste dugu identitatea etengabe transformatzen doan zerbait dela, eta kuirpunkak bidea erabat zabalik uzten dio mutazio hori libreki bizi nahi duen edonori.

"Erosoago sentitzen gara pausoak gure modura eta poliki emanda"

Txerra Bolinaga fitxatu duzue duela gutxi. Askotan 80ko hamarkadako eta gaur egungo belaunaldiak hain urrun daudela badirudi ere, zerk eraman zaituzte elkartzera?

Elkar ezagutzen genuen herritik, hainbat espazio elkarbanatzen genituen, eta belaunaldi desberdinekoak garen arren, konpartitzen ditugun borroka eta zirrarak batu gaitu. Izaerak eta musika bizitzeko modua bateragarriak izan dira hasieratik, eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Garai desberdinetakoak izatea guretzako aberasgarria da, elkarrengandik ikasi eta elkarrekin zerbait berria sortu ahal izateak kitzikatzen gaitu denoi.

Perlata Arrasateko kuirpunk taldeko kideak.
Argazkia: Markel Suarez

 

Zer aukera eskaintzen ditu autoekoizpenak? Mugarik suposatzen al du?

Lan denetan autoekoizpena izan da gure aukera, eta berdin egiten dugu taldeko gainontzeko lan eta ardurekin ere, gure artean moldatzen gara. Bakoitzak berarekin bat datozen lanen ardura hartzen du, eta horrela eramaten dugu aurrera taldea. Oso desberdinak gara eta bakoitzak bere onena ematen du autokudeaketa horretan. Ez gara ondo ulertzen arauekin, kanpotik datozenekin behintzat; horregatik erosoago sentitzen gara pausoak gure modura eta poliki emanda. Arte Sorkuntzarako Elkarte moduan eratu ginen, formatu desberdinak lantzeko eta hortik ari gara proiektuak kudeatzen.

Gasteizko kontzertua M-Fest jaialdiaren barruan izango da, emakume sortzaileak protagonista dituen ekimena. Artisau azokan, adibidez, dozenaka emakume artista izango dira. Kulturaren beste arlo batzuetan ere, gero eta ikusgarriagoa da emakumeen lana. Zailagoa al da, ordea, musikaren munduan emakumeek lehen lerroa konkistatzea?

Galdera horri erantzun bat ematea beti kosta izan zaigu, biolentoa egiten zaigu galdera hori behin eta berriz erantzun behar izatea, gure ekintza zein abestietan bestelakoak aldarrikatzen ditugun heinean. Bereizketa binarioek, konparaketek... gaur egun nori egiten diete mesede? Urte batzuk badaramatzagu gai hauen inguruan bueltaka, eta nekatu gara azaleko jarrera, komentario eta galderez. Inertziaz kolokan jartzen dugu hori guztia, baina momentuz, galdera horiek gure egunerokotasunetik desagertzen diren bitartean, hemen erantzuna:

"Beti gizonena izan da plaza, eta dena; zaintza espazioak izan ezik, noski"

Emakume* eta kuir pertsonen sorkuntzarako espazioak eraikitzeko beti da momentua, eta espazio horiek guztiak konkistatu egin behar dira. Emanda ez digutelako bestela ezer emango, beti gizonena izan delako plaza, eta dena; zaintza espazioak izan ezik, noski. Guk beste espazio guztiak ere askatasunetik bizi nahi ditugu, ez arduratik. Oso pozgarria da horrelako ekimenak martxan jartzen direla ikustea, eta hain potenteak gainera. Bertan parte hartzea plazera da. Lehen lerroak konkistatzea zaila da, konkistatzea ez delako inoiz erraza, eta horrela izaten jarraituko du, beraz: Egin ditzagun espazioak gure! Hori da laster entzun ahal izango den gure hurrengo lanaren ale bat.

Musika egiten jarraitu nahi dugu eta ondo pasatu, gainontzeko gehiengoak egiten duen moduan. Egin galdera arduratsu hauek gizonei hemendik aurrera, beraien ardura delako orain, noranzko berrietan pauso batzuk eman, lehenengo ilara horiek bizigarri egin eta eszena eraldatzea. Hausnartzeko balio dezala gogoeta honek.

Perlata Arrasateko kuirpunk taldeko kideak. / Argazkia: PERLATA

 

"Egin galdera arduratsu hauek gizonei hemendik aurrera, beraien ardura delako orain lehenengo ilara horiek bizigarri egin eta eszena eraldatzea"

Perlataren hirugarren diskoa, eta beharbada entzutetsuena: Duguna esateko (2020). Zer duzue esateko zuen musika zuzenaren, letra zorrotzen eta estilo bereziaren bitartez?

Momentu hartan asko genuen esateko, eta horregatik izen hori. Asko landutako diskoa da, aurrez beste bi grabatu izanak ere ematen dizu beste konfiantza bat lanei forma ematerako orduan. Disko horrek gai asko lantzen ditu eta gure arrakala, bizipen, zauri eta nahi asko uzten ditu agerian. Guk abestien bidez esaten dugu akaso beste modu batera esaten ez ditugunak. Horrek askatasun plazer sentsazio bat sorrarazten digu, beraz seguruenik berdina egiten jarraituko dugu. Hurrengo lanak forma hartzen doaz poliki-poliki, badaukagulako zer esan.

"Guk abestien bidez esaten dugu akaso beste modu batera esaten ez ditugunak"

The Dillingers taldearekin kaleratutako Zarata (2022) albumaren ostean, zeintzuk izango dira Perlataren hurrengo urratsak?

Udan kontzertuak emango ditugu Euskal Herrian zehar, eta Errioxa eta Galiziara ere badaukagu irteeraren bat. Udazkenean beste proiektu bat aurkeztuko dugu, dokumental bat, Punkaren beste aldea izenekoa. Urtebete inguru goaz honetan lanean eta gogotsu gaude gehiago kontatzeko, baina momentuz hori esan dezakegu. Lan honek kontatuko ditu punkaren eszenan beste aldean dauden hainbat kontu. Jesusi Etxebarria 80 urteko emakume arrasatearra izango du ardatz, bertan jaio diren hainbat punk musika taldeen irakasle ohia baita bera. Bestalde, abesti berriekin ere bagabiltza, eta hurrengo urtera begira zerbait grabatzea da asmoa.

Sandre talde katalanak lagunduta, zer eskainiko du Perlatak ostiral honetan Jimmy Jazzeko oholtza gainean?

"Udazkenean beste proiektu bat aurkeztuko dugu, dokumental bat: Punkaren beste aldea"

Gure barruan dagoen oihu hori aterako dugu oholtzara Jimmy Jazzen ostiralean, eta Sandre taldeak ere hala egingo du. Gustu handiz elkarbanatuko dugu beraiekin eta hurbilduko direnekin zarata hori guztia. Egitaraua begiratzeak merezi du, larunbatean Gingerrek eta Heksak ere asko dute kontatzeko. Elkarrekin dantzatuko ditugu zurrunbilo horiek denak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago