PSE-EE

"Arana egoitzan ez da aipatu duten kataklismorik gertatuko"

Anakoz Amenabar 2023ko mai. 23a, 06:00

Enplegu, Merkataritza eta Turismo foru diputatua izan da Gonzalez. / A. Amenabar

Pandemia garai latzean foru gobernuan egindako kudeaketa "bermerik onena" dela dio Cristina Gonzalez hautagai sozialistak, eta horrek orain emaitza hobeak ekarriko dizkiela uste du. 

Hauteskunde gauari begira, baikor dago Cristina Gonzalez (Gasteiz, 1969) hautagai sozialista, eta lurraldeko udaletxeetan "sorpresaren bat" ere egon daitekeela uste du. Besteak beste, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia eta Pedro Sanchez presidentea izan dira kanpainan.

Estatu ikuspegia gailendu da kanpainan?

Oso harro gaude Espainiako Gobernuak egin duen lanarekin, jakina, baina tokian tokiko ikuspegia ez dugu galdu. Aurrean ditugun arazo global guztiekin, halere, erakunde guztiek ildo beretik jo behar dugu, bestela oso zaila da lana.

Nolako emaitzak aurreikusten dituzue herrietan? 

Uste dut hauteskunde hauetan aldaketa positiboak egongo direla alderdi sozialistarentzat. Hobetzeko aukerak ditugu Gasteiztik Eltziegora. Legution izan berri gara, esate baterako, eta han ere gauzak aldatzeko gogo handia duen hautagaitza bat aurkeztu dugu; bizilagunen alde lan egiteko benetako konpromisoa duten pertsonak bilatzen saiatu gara, eta Legutiokoa adibide ona da. Iruña Okan ere, adibidez, Mitxel Montesek ederki erakutsi du garai zailetan nola aurre egin, eta urteetako aginteari eustea espero dugu.    

Orain arteko formula errepikatuko zenuke foru gobernurako?

Euskadi oso herrialde plurala da, eta gehiengo osoak lortzea oso zaila. Politikan daramadan urte guztietan, militante gisa hasieran eta 2007tik kargu publikoarekin, alderdi sozialistak beti ekarri du egonkortasuna egon den gobernuetara, baina badakigu itunak egitea beharrezkoa dela. EAJrekin ondo funtzionatu duen itun bat izan dugu, bi alderdi garela kontuan hartuta betiere; elkarrekin aurrera atera nahi izan ditugun gaiak hitzartu ditugu, denok zenbait gauza alde batera utzi behar izan ditugun arren, beti guztien onurarako izan den zerbait handiago baten alde. Irabazle banaiz, lehendabizi EAJri deituko diot. 

Eta ateren bat itxi?

Herritarrek non jartzen gaituzten ikusi behar dugu. Uste dut, legealdi honetan egin dugun lan guztiaren ondoren, emaitza hobeak lortuko ditugula, herritar askoren animo eta gogoan sumatu dut hori. Hortik abiatuta, oso zaila da orain arte egin ez dugunekin akordiorik lortzea; demokraziako legealdi zailenetako batean akordiorik lortu ez badugu, pandemia eta gerra bat tartean, ez dakit gero ere posible izango den.

"Garai zailenetako batean akordiorik izan ez denekin, ez dakit gero posible izango den"

Klima aldaketa izaten ari da kezka nagusietako bat. Nola aurre egin?

Gaur euria ari du, baina ez dakigu berriro noiz egingo duen edota euritea luze joko duen. Eta gaur euria ari du hemen, baina Jaenen olibondoak lehortzen ari dira, eta horrek guri ere eragiten digu. Urte askoan aldaketa klimatikoa ukatu duen jende ugari izan da, eta oraindik ere badugu... Erakunde handietatik pedagogia egin behar dugu; nekazaritza eta abeltzaintza enpresekin batera lan egin, eta ikerketaz eta teknologiaz baliatu  gutxiagorekin gehiago ekoizteko.Muturreko fenomeno klimatiko horiei hobeto eusten dieten espezieak bilatu, baliabideak hobeto aprobetxatu, sektorea digitalizatu, eta kasu askotan ere beharrezkoa den pentsamolde aldaketa baten alde lan egin.   

Nola babestu Arabako ardogileak?

Upategi txikiek babes handiagoa behar dute, baina hori edozein kontseilu arautzailerekin egin daiteke. Handiei eta txikiei egin behar zaie kasu, eta Errioxa jatorri-deituraren barruan egin daiteke; kontseilu arautzailean ordezkatuta egon behar da Aldundia. Aldiz, Errioxa moduko marka bat galtzea, nazioartean gure izena, akats bat dela uste dut. Jakina, izendapenean egon nahi ez duenak orain ere eskubidea du horretarako. Erakundeetatik ezin dugu nahasmena areagotu; gure produktuek ahalik eta aukera gehien izan dezaten zaindu behar dugu.

Arana klinika errefuxiatuen harrera egoitza izateko erabakiak badu adostasunik?

Atentzioa eman dit beti hitz egiten ari garela elkartasunaz, baina gertutik ukitzen gaituenean badirudi beste batzuek izan behar dutela solidario. Alderdi politiko batzuk saiatu dira nahasten, eta legez kanpoko migranteez hitz egiten ari dira; duela urte batzuk ere ikusi genuen nola orain Senatuan bozeramaile denak gezur kanpaina bat abiatu zuen... Errefuxiatu egoitza sortu da Europan Ukrainako errefuxiatuen mugimendu bati erantzuna emateko; Sirian ere hala izan zen, eta hor autokritika egin behar dugu. Uste dut nahikoa egoera zaila bizi dutela guk oraindik oztopoak jartzeko. Gasteiz solidarioa da, eta abian dagoenean ikusiko dugu aipatzen dituzten kataklismo horiek guztiak ez direla gertatuko.

Eredua zalantzan jarri izan dute zenbaitek, makrozentro baten aldean, txikiago baten alde.

Gerra hasi zenean, familia arabarrek beren etxeak eskaini zituzten, eta hilabete batzuk igarota pertsona horiei arreta emateko zentroak eskatu zituzten. Txikiago edo handiago izan, uste dut ez dagoela eredu bakar bat, zerbitzu bat ematea da lehentasuna, eta horretarako erakundeen arteko adostasuna ezinbestekoa da.

Erabakia auzokideekin kontatu gabe hartu izana ere salatu dute...

Espazioak daudelako hartzen dira erabakiak. Gobernu ordezkariak azalpen guztiak eman ditu eta beste leku batzuetako esperientziak ere kontatu ditu. Azkenaldian benetan ikaragarriak diren gutunak jaso ditut, euren seme-alabekin egoitzaren aurretik pasa behar dutela esanez... Horrek erakusten dit dirudiena baino arrazistagoak garela, eta beharko genukeena baino kultura gutxiago dugula. Desberdina dena mehatxu edo gaizkile gisa ikustea benetan sinestezina da XXI. mendean.

Zeintzuk izan daitezke Arabako turismoan gakoak?

Turismo jasangarria eta irisgarria dira gure indarguneak. Araban ez dugu gehiegizko turismoaren arazorik; beharbada Guardian izan daiteke pilaketaren bat, baina ez da gehiegizkoa eta une zehatzetan izaten da. Halere, Next Generation funtsen bitartez, 5 milioi euroko plan bat dugu bidean Arabako Errioxan, udal guztiak are erakargarriago izan daitezen. Lezan, esaterako, oso hondatuta dagoen upategi auzo bat dugu, desagertzeko arriskuan, eta berreskuratzen saiatuko gara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago