Bigarren greba eguna Osakidetzan, kalitatezko osasun publikoaren alde

Erredakzioa 2023ko mai. 19a, 19:00

Hauteskundeen atarian Osakidetzan deitutako grebako bigarren jardunaldiak jarraipen are zabalagoa lortu du. Gaurkoan, langileen %65 inguruk bat egin du lanuzte eta mobilizazioekin.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako milaka langile greban izan dira aste honetako ostegun eta ostiralean, osasun publikoaren "desegitea" salatu eta "berehalako konponbide sakonak" exijitzeko. Ostegunean, elkarretaratzea, eserialdia eta manifestazioa egin zituzten langileek. "Gehiegizko" zerbitzu minimoak salatuta ere, Arabako langileen %50k bat egin zuen lanuzteekin; Osasun Sailak, berriz, %10ean kokatu zuen jarraipena.

Hala ere, ostiral honetan, jarraipena are zabalagoa izan da: %65koa sindikatuen arabera (greba egin ahal izan duten langileen artean), eta %17,80koa Osasun Sailaren arabera. Gaurko mobilizazio nagusia 12:00etan Burulleria plazan hasi den manifestazioa izan da, 3.000 lagun inguru bildu dituena. Horrez gain, deialdi bereziak izan dira egun osoan zehar, zerbitzu minimoetan dauden langileen parte hartzea bermatzeko: 07:30ean, piketea Txagorritxuko AUOko Kanpo Kontsulten eraikinean; eta 18:30ean elkarretaratzea Andre Maria Zuriaren plazan.

Sindikatu horien arabera, Osakidetzaren arazoak "egiturazkoak" dira, eta ez pandemiaren ondoriozkoak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako sailburuak adierazi izan duenez. Hala, "berehalako konponbide sakonak" galdegin dituzte egun hauetako mobilizazioetan, lan baldintza hobeak —"lasaitasunez, denboraz eta segurtasunez lan egin ahal izateko"— eta kalitatezko arreta aldarrikatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide