Bi eguneko greba martxan da Osakidetzan, hauteskundeen atarian

Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 14:00
Osakidetzako langileen eserialdia manifestazioaren erdian. / ALEA / Giuliana Preciado Cuero

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako milaka langile greban daude ostegun eta ostiral honetan, osasun publikoaren "desegitea" salatu eta "berehalako konponbide sakonak" exijitzeko.

Gaur, ostegunean, 09:30ean elkarretaratzea egin dute Txagorritxu ospitalearen aurrean, eta eserialdi batekin amaitu dute protesta Kanpo Kontsulten eraikinaren sarreran. 12:00etan, berriz, milaka lagunek manifestazioa egin dute Santiago ospitaletik abiatuta. Eraikinari buelta eman eta Olagibeleko osasun zentroan amaitzea aurreikusita zegoen, baina Bake kalean mobilizazioa eten dute, hamar minutu inguruko eserialdi bat egiteko.

Ostiralean, berriz, Burulleria plazan hasiko da manifestazioa, 12:00etan. Gainera, deialdi bereziak izango dira egun osoan zehar, zerbitzu minimoetan dauden langileen parte hartzea bermatzeko: 07:30ean, piketea Txagorritxuko AUOko Kanpo Kontsulten eraikinean; eta 18:30ean elkarretaratzea Andre Maria Zuriaren plazan.

Langileen ordezkariek deialdiaren "jarraipen zabala" nabarmendu dute: sindikatuen arabera, greba egin ahal izan duten langileen %50k bat egin du lanuzteekin; Osasun Sailak, berriz, jarraipena %10 ingurukoa izan dela dio.

Osakidetzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuen arabera, ospitaleetan jaiegun bateko ohiko langileek lan egingo dute. Lehen Mailako Arretan, berriz, osasun zentroetako langileak anbulatorioak larunbatetan irekita daudenean lan egiten dutenen berdinak izango dira. 

 

Osakidetzaren arazoak "egiturazkoak"

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek otsailaren 25eko manifestazioen ostean egin zuten maiatzaren 18an eta 19an greba egiteko deia. Sindikatu horien arabera, Osakidetzaren arazoak "egiturazkoak" dira, eta ez pandemiaren ondoriozkoak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako sailburuak adierazi izan duenez. Hala, "berehalako konponbide sakonak" galdegingo dituzte egun hauetako mobilizazioetan.

"Osakidetzak gor eta mutu jarraitzea erabaki du kaleko aldarriaren aurrean. Horregatik, Osakidetzak mobilizaziorako bidea baino ez du uzten", kritikatu dute. Osakidetzako Mahai Sektoriala "erabat blokeatuta" dagoela esan dute langileen ordezkariek. "Osasun Sailak aldebakarreko erabakiak hartzeko izapide huts bihurtu du foro hau: bilerak deitzen ditu, baina sindikatuek planteatutako gaiak tratatzeari eta negoziatzeari uko egiten dio sistematikoki", salatu dute.

 

327.682 arrazoi, landa eremuan

Arabako landa eremuko langileek ere bi eguneko grebarekin bat egin dute, eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Horren harira, atzo, Hipertentsioaren Nazioarteko Egunean, Gasteizko erdigunean izan ziren, zehazki Andre Maria Zuriaren plazan, bertara hurbildu nahi izan zutenei tentsio arteriala hartzeko. Gomendio egokiak eman zituzten eta, aldi berean, lehen eskutik azaldu zuten haien arazoa.

"327.682 arrazoi ditugu greba egiteko. Bat gure lurralde historikoan bizi den pertsona bakoitzeko. Pertsona horietako bakoitzari arreta unibertsala, publikoa eta kalitatezkoa emateko eredu baten alde borrokatzen dugu, eta gure lanpostuak eta lan baldintzak mantentzearen alde. Behin baino gehiagotan adierazi dugu gure mobilizazioa ez dela diruagatik. Modu integral eta jarraituan lan egiten jarraitu nahi dugu, gure zainketen erdigunean pertsonak jarriz, orain arte egin dugun bezala: hurbiltasunez, eta gure paziente bakoitza sakon eta etengabe ezagutuz bizitzaren etapa guztietan".

Landa eremuko osasun langileen protesta, asteazkenean Gasteizen.
Argazkia: M.L.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide