Elkarrekin Podemos

"Foru gobernua Arabaren garapena mugatzen ari da"

Juanma Gallego 2023ko mai. 24a, 06:00

Aurreko legegintzaldian Batzar Nagusietan aritu da David Rodriguez. J.G. / ALEA

Lurraldeko boto gehienak "ezkerrekoak izanik", Rodriguezek uste du akordioak erdiestera behartuta daudela gobernu alternatiba osatzeko. Politika publikoak sustatzeko zergak erabiltzearen alde azaldu da.  

Arkitektoa izateaz gain, hirigintzan aditua da David Rodriguez (1970, Sevilla), Elkarrekin-Podemos koalizioko hautagaia. Mugimendu sozialetan ibili izan da, eta nazioarteko kooperazioko proiektuetan lan egin du ere. Politikara iristean, arkitektura "konpromiso sozialarekin" lotzeko aukera izan zuen. 

Batzarkide sartu zinenean, zer aurkitu zenuen barruan?

Batetik, oso positiboa izan da barruko funtzionamendua ezagutzea. Baina etsigarria ere bada. Gehiengo osoa duen gobernu bat dago, eta elkarrizketarako borondate gutxi du. Ahalegin asko eginda ere, azkenean oso gutxi lortzen da.

Podemos, IU-Ezker Anitza, Equo eta Alianza Verde. Nolakoa izan da horren koalizio zabala lortzeko negoziaketa?

Euskadin eta Araban prozesu eredugarria izan dela esango nuke. Etxeko lanak ondo egin ditugu. Beste arrazoi bat da aurreko lau urteotan batera lan egin dugula. Beraz, ez zaigu kostatu gehitzea.

Gehitzea [sumar, jatorrizkoan] aipatu didazu; modako hitza. Kanpotik ikusita, Espainian Sumar horren harira gatazkak azaleratu dira. Benetan balioko du gehitzeko?

Ni sinetsita nago gehitzeko baliogarria izango dela, eta prozesua positiboa izango dela. Baina egia da ere negoziaketa hauek guztiak jomuga mediatikoan daudela, eta horrek gauzak zaildu egiten dituela. Dena dela, ezkerra horrelakoa da: prozesu guztiak gardenak dira, eta eztabaidak sortzen dira. Eskuman eztabaida horiek ez dira ikusten, hori da aldea.

Araban EAJ eta PSEren arteko akordioek denbora luzea daramate. Alderdi horiek ordezkatzeko aukera ikusten duzue?

Itxaropentsu gaude. Araban, boto gehienak ezkerrekoak dira. Horrek behartu beharko liguke akordioak erdiestera. Baina, praktikan, zentro-eskumak gobernatzen du;  EAJk eta PSEk ia-ia koalizio baten moduan funtzionatzen dute, eta gobernu kontserbadore horrek mugatzen du lurraldearen garapen orekatu eta jasangarri bat. Elkarrekin-ek beti erakutsi du ezkerreko gobernuak osatzeko borondatea, baina PSE hemen EAJren makulua da, mendekotasun handia dute. Eta pena da, Arabak Europa mailako erreferente izateko aukerak dituelako.

Zer eremutan ikusten duzue erreferentzialtasun hori?

Lidergo industrialean, adibidez, edo gaitasun ekonomiko eta logistikoan. Baina instituzio guztietan egiten diren politikek mugatzen dute maila ekonomikoan, sozialean eta ingurumenaren alorrean izan dezakegun garapen jasangarria. Maila sozialean atzerapausoak gertatzen ari dira. Ez dute abiatzen beharrezkoa den aldaketa fiskala. Zerbitzu sozialetarako beharrezkoa da hori, eta modu justuagoan egin behar da, gehiago daukatenek justizia sozialean ekarpen gehiago egin dezaten. Araban gero eta familia gehiago hurbiltzen ari dira bazterketa sozialaren mugara; eta, aldi berean, gehiago daukatenekiko aldea handitzen ari da etengabean. Arabak potentzial nahikoa dauka pobreziarik ez egoteko. Ingurumenaren alorrean ere garapen jasangarria ez da ematen ari.

Zerga gehiago behar dira?

Bai. Beharrezkoak dira kalitatezko zerbitzu publikoak sustatzeko. Adibidez, zahar etxe publikoak sustatu behar dira, are gehiago populazioa zahartzen ari den honetan. EAJk eta PSEk diote hau ez dela ekonomikoki bideragarria, baina guk uste dugu banku eta energia enpresei, ondasun handia dutenei eta halakoei zergak igo behar zaizkiola, eta gutxiago dutenei jaitsi.

"BANKU ETA ENPRESA ENERGETIKO HANDIEI EDO ONDASUN HANDIA DUTENEI ZERGAK IGO BEHAR ZAIZKIE"

Sarritan argudiatzen da halako politika fiskalek lurraldetik aberastasuna aldentzen dutela...

Hori guztiz faltsua da. EAJ argudio horretaz baliatzen da bere gertuko sektore batzuk babesteko. Ondasun handiak ez dira joango. Gure espazio politikoan bertan badira diru asko daukaten pertsonak ere, baina ulertzen dute gehiago eman behar dutela. Borondate kontua da hau. Fiskalitatean, noski, tentuz eragin behar da, baina egin beharra dago.

Zeintzuk dira euskararen inguruan dituzten proposamenak?

Euskara gehiago bultzatu behar da, eta aintzat hartu behar dira elkarteak eta eragileak. Zenbait udalerrietan bereziki bultzatu beharra dago euskara, normaltasuna lortzeko. Gazte eta haurren artean euskarazko aisialdia sustatu beharra dago, baina modu jolasgarri eta natural batean egin behar da, eta ez presioa eginez. Euskara erabiltzen ez duen populazioan ere analisi bat egin behar, adibidez, eskoletan segregazioa ez gertatzeko.  

Jende gehiena ados dago berriztagarriak bultzatu behar direla, baina gauzatzean sortzen dira komeriak...

Guk oso garbi dugu, gehienok plataforma sozial eta ekologistetatik gatozelako: aspalditik babestu ditugu berriztagarriak. EAJ eta PSE berandu iritsi dira, eta gaizki egiten ari dira: erregaien tradizio batetik datoz. Egiten ari diren moduagatik, sortzen ari dira berriztagarrien aurkako jarrera bat. Gauza hauek aurretik planifikatu behar dira, ezin da onartu Iberdrola edo Statkraft bezalako enpresek izatea Araba beren interesetarako joko taula baten moduan.

Legegintzaldian gertutik jarraitu duzue Mendixurren ehiztariekin izandako gertakariak. Zergatik?

Finean, oso esanguratsuak izan direlako. Batetik, demostratu da aldundiak ehiza uxaldiak onartu dituela babestutako eremuetan, horretarako baimenik izan gabe. Bestetik, ikusi da Ingurumen eta Nekazaritza sailen artean deskoordinazioa eta inkoherentzia dagoela. Gainera, EAJk bultzatuta eta PSEk lagunduta, adiskidetasunean oinarritutako sare klientelar bat dagoela demostratu da. Zenbait herritarri ez diote zigortzen adiskide izategatik, eta hau oso larria da. Antzeko zerbait gertatu zen funtzionario batek Manzanosen jarritako salaketaren kontuarekin.

Lurraldetasunari dagokionez, nola antolatuko dugu ba puzzlea?

Jendea herrietan bizi dadin, edo seme-alabak gera daitezen, etxebizitzak egon behar dira. Erabilerarik gabeko 6.312 etxebizitza huts daude Araban, baina, interneteko atarietan begiratuta, batez bestean 109 daude alokairuan; eta, gehienak, oso garestiak. Nire herrian bertan etxebizitza publiko hutsak daude. Diputazioak dio eskumenik ez duela, baina badira egin ditzakeen gauzak:  birgaitzeko laguntzak ematea, alokairu irisgarrietara bideratzen badira, zergen bidez alokairua sustatzea, eta, modu berean, zergen bitartez, espekulazioa helburu duten salerosketak zergapetzea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago