EH Bildu

"Herrietako jendea doa zerrendetan, ez paraxutistak"

Juanma Gallego 2023ko mai. 22a, 06:00

Zaintzen alorrean ere kalitatezko sistema bat bermatu behar dela dio hautagaiak. J.G. / ALEA

Legegintzaldi berriko lehen hilabeteotan martxan jartzeko 60 neurri zehatz proposatu ditu EH Bilduk. Trantsizio energetikoa "modu ordenatu batean" egin behar dela dio Lopez de Arroyabek.  

Hamar edo hamabi urte baino ez zituela, amarekin eta amonarekin politikari buruz hitz egiten zuela ekarri du gogora Eva Lopez de Arroyabe (Gasteiz, 1973) EH Bilduko hautagaiak. Lehen sektoreari lotuta, Larreako kontzejuan eta sindikalgintzan ibilitakoa da. Azken urteak Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean eman ditu.

Politikan urteak daramatzazun arren, diputatu nagusia izateko aurpegi berria zara. Nola hartu zenuen horren ardura?

Erabaki ausarta izan zen hautagai izatea, baina haize berri bat ekartzeko moduan nagoela esango nuke. Kike Fernandez de Pinedorekin urte asko eman ditut lanean. Beraz, trantsizio natural bat izan da.

Ezer ez dagoela idatzita esan duzu kanpainan. EAJ gobernutik mugitzeko aukera ikusten duzue?

Oso baikor gaude hauteskunde hauetan, behin eta berriz entzun dugulako igoera nabarmena izango dugula. Baina egia da duela lau urte ere gehiengo batzuk bazirela. Alde batetik, ezkerrekoa; PSE, Podemos eta hirurok. Bestetik, gehiengo subiranista. Baina ez zen atera ez bata ez bestea. Baina gu prest gaude hitzarmenetarako. Behin baino gehiagotan demostratu dugu hori Araban. EAJrekin gobernatzen ari gara Guardian edo Bastidan, akordioak erdietsi ditugu Iruña Okan, Nafarroan edo Madrilen, eta Podemosekin ere Bizkaian badago akordioren bat. Noski direla posible akordioak, betiere proiektu zehatzak baldin badira, eta pertsonen bizitzen kalitatea hobetzeko balio baldin badute. 

Askotariko akordioak. Baina alderdiren batekin akordio orokor  baterako aukera ikusten duzue?

Ez, horrek ez luke zentzurik. Guk ikusten dugu herriz herri akordioak lortu behar ditugula. Soberan erakutsi dugu kapazak garela horretarako. Pertsonen bizitzak hobetzeko proiektu konkretuen inguruan ezberdinen arteko akordioak adosteko beti prest.

Batzuetan ahazten bada ere, EH Bildu koalizio bat da. Zelan dago osasunez, barne mailan?

Bai, indar desberdinen arteko koalizio bat gara, eta behin eta berriz demostratu dugu malgutasunez jokatzeko eta indarrak batzeko gaitasuna badugula. Gainera aurten Araban 42 zerrenda aurkeztu ditugu, eta, zentzu horretan ere, unerik hoberenean gaude. Gainera, herri horietako jendea aurkezten dugu, ez ditugu paraxutistak aurkezten.

Alderditik kanpo, baina ideologikoki gertu dago GKS. Uste al duzue horrek eragingo dizuenik?

Ez dut uste eragingo digunik; ez dira, gainera, gure eszisio bat. Baina guk, noski, GKS errespetatzen dugu; eta normala ikusten dugu gazteek helburu desberdinak izatea, eta beren ezinegonak adieraztea. Hori errespetatuta ere, guk gure proiektu propioa dugu, eta aurrera egiten dugu horrekin.

"BENETAKO ELIKADURA BURUJABETZA GARATZEKO AUKERA PAREGABEA DUGU ARABAN"

Programari dagokionez, lehen urtean martxan jartzeko 60 neurri aurkeztu dituzue. Zergatik?

Berez, gure programak ehunka ekimen eta proposamen ditu, baina pentsatu dugu horietako batzuk hilabete gutxian martxan jartzeko modukoak direla. Lau zutabetan banatu ditugu: egoera sozioekonomikoa, zaintzak, trantsizio energetikoa eta lurralde oreka. Erronka nagusiak gainerako alderdiekin partekatzen ditugu, baina horiei eman beharreko erantzunak dira partekatzen ez ditugunak. Kasurako, egoera sozioekonomikoari heldu beharko diogu, eta, nahitaez, gure ustez industriaren birmoldaketa beharrezkoa ikusten dugu. Automozioarena eta hodiena dira handienak, baina ezin gaitezke horietara mugatu: uste dugu industria dibertsifikatu behar dela. Aiaraldean proposatu berri dugu hutsik dagoen industria eremua egokitzea startup eta enpresa txikiak garatu daitezen. Bestetik, Betoñun gune farmazeutiko bat jartzea proposatzen dugu. Zaintza sistemari dagokionez, gero eta zaharkituagoa dagoen gizarte batean gaude, eta azken hogei urteetan gobernutik ez dute plaza bat ere atera erresidentzia publikoetan. %14 baino ez dira publikoak. Horregatik proposatzen dugu zaintzetarako gune publiko bat sortzea. Hor kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditugu, bai eta langileentzako baldintza duinak ere.

Hirugarren ardatza trantsizio energetikoa da. Zein proposamen duzue?

2050. urterako Araba deskarbonizatzeko plana daukagu. Horretarako, kontsumoa murriztu eta efizientzia energetikoa sustatu beharko dugu, komunitate energetikoak bultzatuz eta dagoeneko antropizatuta dauden tokietan berriztagarriak kokatuz. Baina horien hedapena modu ordenatu eta planifikatu batean egin behar da, kontrol publikotik abiatuta, eta herritarrekin adostuta. Balio estrategiko handiko lurrak, gainera, salbu geratu behar dira. Atera berri da Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala, eta ikusi dugu lurraldearen %40 utzi dutela berriztagarrietarako. Baina, horren aurretik ere, beste proiektu asko sartu dira atzeko atetik, hala nola Azazetarena edo Laminoriarena.

Aramaion Statkraft-en proposamenarekin EH Bilduk izan duen jarrera Araba osora zabaltzeko moduan ikusten duzue?

Aramaion parte hartzea bultzatu da, herriari hitza emanez. Bertan, herritarrei eman behar zaie behar duten denbora gaia ezagutzeko eta eztabaidatzeko. Guk uste dugu berriztagarrien kudeaketan badirela ereduak, eta energiaren kudeaketa demokratikorako proposamenak baldin badaude, gutxienez aztertu behar dira. Ezin daitekeena egin da besterik gabe proiektuak onartzea eta alfonbra gorriak jartzea, beste lekuetan egin izan den moduan.

Lurralde orekarena da laugarren zutabea... 

Bai. Duela aste batzuk Oreka agentzia aurkeztu genuen, eta Eskoziatik etorritako aditu baten laguntza izan genuen, beren esperientziaren berri emateko. Guretzat oso garrantzitsua da herrietara proiektu berriak eramatea, batez ere Hegoaldeko eskualdeetan: Añana, Trebiñu, Arabako Errioxa eta Mendialdean. Bestetik, ez nuke ahaztu nahi Uztaraba plana, uste dugulako estrategia agroalimentario bat beharrezkoa dela. Lehorte bat dugu mahai gainean, klima aldaketa badator, eta ikusi behar dugu hemengo elikagaiak modu agroekologiko batean ekoizteko aukera, eredu jasangarri baten barruan. Benetako elikadura burujabetza garatzeko aukera paregabea dugu. Baina eredua kontuan hartu beharko dugu. Adibidez, ez dugu babesten Tuestako negutegiaren eredua, hemen landutako tomateak izan arren, ez dutelako egingo modu jasangarri batean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago