FRAN SAURE

"Bidaia jasangarriak? Liburuen bidez egiten direnak baino ez"

Juanma Gallego 2023ko mai. 20a, 06:00

Ezagun baten bitartez iritsi zen Saure komikigintzara; ordudanik, seiehun titulu baino gehiago landu ditu. J.G. / ALEA

Lucky Books edo "zorioneko liburuen bienala" antolatu du Araban finkatutako editoreak. Saure bere argitaletxearen bitartez komiki andana argitaratu ostean, orain ingurumenaren dibulgazioko liburuekin dabil. 

Mende laurden bat baino gehiago darama gurean, Euskal Herrira 1994an etorri baitzen Fran Saure (Le Mans, Frantzia, 1967) editorea. Haren abizena daraman Saure argitaletxeak euskal liburugintzan sona handia izan du aspalditik, batez ere komikien alorrean. Azken urteotan, baina, ingurumen dibulgazioko lanei ekin die Saurek, bai eta Lucky Books literatura topaketei ere. 

Zerk ekarri zintuen Euskal Herrira?

Agroturismoari lotutako proiektu bat egitera etorri nintzen, garai horretako Europako funtsei esker. Hezkuntzari lotutako jardun asko egin genituen, eta baserrietan bisitaldiak egiten genituen logelak alokatzen zituzten lagunekin. Eredu desberdina zen garai hartakoa. Errioxan ere ibili nintzen, bertan los bancales gisa ezagutzen den fenomenoa lantzen izan nintzen, ingurumen hezkuntzaren ikuspuntutik. Bada, garai horretan, bulegoko lagun bat oso komiki zaletua zen, eta harekin batera Angulemara [Frantzia] joan nintzen, bertako komiki jaialdi ospetsura. Eta hor konturatu nintzen komikigintza oso arte baliotsua dela. Gainera, Berak oso ondo ezagutzen zituen teknikak eta egileak. Beraz, jaialdia oso modu desberdinean sartu ahal izan ginen. Urte luzez komikigintzara dedikatu nintzen, Ernesto Santolaya editorea komikia lantzeari utzi eta eleberriekin hasi zenean. Gure artean ez zegoen lehia, adiskidetasuna baizik. Orain, kontrara, ni berdina egiten ari naiz, eta beste motatako liburuekin lanean hasi naiz.

Jaioterriarekin oraindik lotura mantentzen al duzu?

Bai, Gasteiz-Bordele-Bretainia linean asko bidaiatzen dut, bi hiri horietan senideak ditudalako. Hori da nire ibilbide ohikoena. Bestetik, lanagatik sarritan joaten naiz Madrilera, Liber liburuaren azokara edo banatzaileekin egotera. 

Argitaletxearen izenak zure abizena darama. Zergatik hautu hori?

Bada, hasieran beste izen bat jarri nahi nion, baina erregistroan atzera bota zidaten, dagoeneko erabiltzen ari zirelako. Horregatik nire abizena erabiltzea erabaki nuen. Baina esan zidaten ere Suitzan aseguru etxe bat bazegoela, eta, izena onartu bazuten ere, baldintza izan zen soilik erabili ahal nuela haur eta gazte komikietarako. Dena dela, ni beti oso eroso sentitu izan naiz haur eta gazte literaturaren alorrean.

Ogibide honetan, aurretik zerbait ba al zenekien, ala 'kolpeka' ikasi zenuen?

Edozein lanbidetan, interesgarria da apurka ikastea eta deskubritzea. Hasten denean, inork ez du bere lanbidearen ezagutza zehatz bat. Argitaletxea propioa izanda, baduzu modua aukeratzeko zuretzat ekarpen pertsonala suposatzen duten gauzak. Aitzitik, argitaletxe tradizional batean lan eginez gero, rol bat ematen dizute bertan, eta horrek baldintzatuko zaitu. 

Nola izan ziren lehen urratsak? Eta lehen komikia?

Hasieratik euskarazko komikien alde egin genuen. Oroitzen naiz Durangoko azokara joan ginen lehen urtean euri asko egin zuela, eta, artean azoka olanekin egiten zenez, itoginak hasi ziren, eta ahal izan genuen moduan liburuak estaltzen ibili behar izan genuen. Atera genuen lehen komikia Kapak eta letaginak izan zen, Alain Ayroles eta Jean Luc Masbou egileena. Frantsesezko eskubideak erosi genituen euskaraz argitaratzeko, eta jendeak oso ondo erantzun zuen hasieratik. Moliere gisako ipuin bat da, XVII. mendeko komediaren pertsonaia guztiak biltzen dituena, komiki formatuan. Oso ondo landutako komikia, eta arrakasta handia izan zen. Ildo horretatik jarraitu genuen, 2010. urtera arte.

"EUSKARAZKO MERKATUA TXIKIAGOA DA, ETA HORREK TITULUAK PROBATZEKO AUKERA EMATEN DIZU"

Zergatik euskararen aldeko apustu hori?

Hemen bi hizkuntzak badirelako, eta biak lantzea erabaki genuen. Modu berean, euskarazko merkatua txikiagoa da, eta horrek ematen dizu tituluak probatzeko aukera. Durangoko azokara eta antzekoetara joatean, berehala ikusten zen komiki batek funtzionatzen zuen ala ez. Bazegoen aukera, beraz, merkatu txiki baino koherente batean proba egiteko. Funtzionatuz gero, gazteleraz ateratzen nituen ere. Gainera, euskarazko merkatuan konpetentzia gutxiago zegoen, eta, tituluak ondo aukeratuta, bazegoen merkatu bat asetzeko adina.

2010. urtera arteko ibilbidea aipatu didazu. Zer egin zenuen ba data horren bueltan?

Urte horretatik aurrera formatu digitalean, ilustrazio lehiaketetan, eta, ondoren, ingurumen dibulgazioan zentratu ginen. Gai horren bueltakoa da, hain justu, atera dugun azken liburua: Susana Dominguez eta Daniel Rodriguezen Zuhaitzen balioa liburua. Susana mendi ingeniaria da, eta Mugarik Gabeko Basoak GKEaren zuzendaria. Eta Danielen marrazkiek modu bikainean lortzen dute mezua bideratzea. Adibidez, 150 metro inguru dituen sekuoia baten tamainaren berri emateko, marrazkian hiru balearekin inguratu du. Horrela hobeto atzeman daiteke zuhaitz horren handitasuna. Ukitu alegorikoak sartzen ditu zientzia dibulgazioko liburu batean. Zuhaitzak izaki miresgarriak dira: gizakiok tumore bati aurre egiteko, gorputzetik erauzten dugu, baina arbolek gaitzaren muinoa inguratzen dute, zabaldu ez dadin. Halakoengatik, jendeak ezagutu behar du izaki hauen bizitza; ezaugarri horiek ezagutuz gero, seguruenera zuhaitzetatik gertuago sentituko gara.

Ezagun baten bitartez iritsi zen Saure komikigintzara; ordudanik, seiehun titulu baino gehiago landu ditu. J.G. / ALEA

Dagoeneko jarraian egiten ez baduzue ere, duela gutxi komiki berri bat atera duzue...

Bai, Gerardo Cosenza argentinarraren Bihurrikeriak Sabikan komikia, hori ere oso ederra da. Iusuf printze nazariarraren istorioa kontatzen du, Granada erori aurretiko azken-aurreko printzearena, hain zuzen. Egilea hamar urtez bizi izan zen Granadan, eta ez zeukan aurreiritzirik, eta printzearen haurtzaroa marraztu eta kontatu du, inguruan dituen gorabeheretatik aldenduta. Irakaspen bikaina da krisian dauden herrialdeetarako. Oso ondo pentsatuta eta eginda dago komiki hori.

Komikiak onik mantendu al dira mundu digitalean?

Hasiera batean aplikazio bereziak atera ziren komikia koadroka azaltzeko eta edozein pantailara egokitzeko. Guk 2009an egin genuen formatu horretako lehen komiki digitala. Gailuetan irakurtzeko formatu hoberena izan arren, horretan egin den ahalegin guztia galdu da, eskaririk ez dagoelako. Orain digitalean argitaratzen direnak fixed layout izenekoan doaz, ezin daiteke handitu irakurgailuan; nire ustez, oso formatu zatarra da, ez baita batere erosoa. Baina, hein handi batean, komikiarentzako formatu egokirik merkatuan ez dagoelako oraindik mantendu dira paperezko komikiak.

"LITERATURAK ISTORIO BAT KONTATZEN DIZU; HORREN OINARRIAN IKASPEN FILOSOFIKO BAT EGON DAITEKE"

Zer egiten du editore batek? 

Funtsean, editoreak zer nolako bilduma eratu nahi duen pentsatu behar du. Irakurketa ildo bat eskaini ahal izateko, bertan irakurleak islatuta sentitu daitezen.

Lucky Books izeneko bienalarekin buru-belarri zabiltzanean harrapatu zaitugu elkarrizketa egiteko. Nahiko bitxia da. Nola azalduko zenioke jendeari zertan ari zareten?

Lehenik eta behin, argitu behar dugu bienal hau, izenak dioenaren kontra, urtean behin egiten dugula. Urte bakoitietan egileak lantzen ditugu, eta urte bikoitietan literatura pertsonaiekin lan egiten dugu. Zorioneko liburuen bienala da Lucky Books. Urtez urte gaia aldatzen dugu. Iaz uztailean bidaia jasangarriei buruz egin genuen. Baina, kontrakoa esaten badigute ere, agerikoa da Indonesiara egindako bidaia bat, esate baterako, inoiz ez dela jasangarria izango.

Inondik inora...

Bada, iaz Aldekoa Kultur Etxean atera genuen ondorioa izan zen bidaia jasangarri bakarra dela zuhaitz baten altzoan liburu on bat irakurtzea, ala Zadorraren parean. Literaturak dena du, eta irakurketaren bitartez Ana Kareninarekin Leningradora bidaiatu daiteke, eta Kongo Ibaira Joseph Conradekin. Atera genuen beste ondorio bat zen nork bere burua ezagutu behar duela, eta hau literaturaren bitartez ere lortu daiteke. Filosofiaren aldean, literaturaren abantaila da ez dela kontzeptuala: istorio bat kontatzen da, horren oinarrian ikaspen filosofiko bat egon badaiteke ere. Ez da ere autolaguntza bide bat, nondik jo behar duzun esango dizuna. Bide bat da, aurretik eskakizun moral bat ez daukana: arau bakarra da liburuaz disfrutatzea. Bienalean, hagiografoen laguntza izaten dugu, horren bistakoak ez diren ezagutzak hobetu ulertzen laguntzeko. Hainbat klasiko aukeratu ditugu: Franz Kafka, Oscar Wilde, Paul-Jean Toulet...

Alde praktikoari begira, nola antolatu duzue?

Mahai ingurua, hitzaldia edo dastaketa literarioa —irakurle klub baten antzekoa— bezalako formatuekin. Iazko ekimenean ez bezala, aurten hiru hizkuntzatan egin nahi izan dugu, eta euskara ere tartean dago, noski. Gasteizko topaketez gain, beste zenbait hiritan erreplika batzuk antolatu dira, eta honek ere gainontzeko azoketatik bereizten gaitu. Kasurako, Santanderren bat egin dute, eta Madrilgo Aliantza Frantsesean erreplika bat antolatu dute. Kontua da kolaboratzaileek antolatzen dituztela horiek, bertako jendearekin. Zentzu honetan ere, ekimen jasangarria da, jendea ez delako zertan ibili hiri batetik bestera. Modu berean, eta filosofia horri helduta, Arratzua-Ubarrundiako Udalarekin ere erakusketa bat egin dugu, eta, hara joan nahi ez dutenek ere aukera dute ikusteko luckybooks.es webgunean ere. 

Penguin Random House erraldoia argitaletxe txiki asko erosten dabil. Txikiak bizirik irauteko moduan egongo zarete?

Kulturak asko eboluzionatzen du, eta ikusgarritasun espazio bat izatea oso zaila da. Kontua ez da sare sozial bat izatea, publizitatean asko inbertitzea baizik, posizionamenduan, SEO tekniketan... Orain liburuak ez dira azoketan sustatzen. Jendeak badu liburu saltzaileekiko ardura, baina, errealitateari begira, kate handiek mugatu ahal dizute merkatuari sarrera: liburu bat erosten dizute, baina gero ez dute mugitzen merkatuan, argitaletxe handiekin lehentasunezko hitzarmenak dituztelako. Interneten salgai jartzen dute, eta, salduz gero, beste ale bat eskatzen dizute. Kontrara, liburu denda txikiek liburu bat hartzen badizute, ahaleginduko dira hori saltzen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago