Araban 16 gertakari LGTBI+fobiko erregistratu ziren 2022an

Erredakzioa 2023ko mai. 16a, 10:30
Ekainaren 28ko manifestazio bat Gasteizen. / ALEA

Ikusgunek hamar eraso homofobiko, bost transfobiko eta LGTBI+fobiko bat atzeman zituen iaz. Gorroto diskurtso zein irainen igoera nabarmendu dute, horiei lotutako gertakariak %68,75 izatera pasa baitira.

Astearte honetan, maiatzaren 17ko LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak eta Gasteizko Udalak iazko eraso eta gertakarien txostena aurkeztu dute: 2022ko LGTBI+fobiaren egoera Gasteizen.

Guztira 16 gertaera LGTBI+fobiko jaso dituzte txostenean; salaketak telefeno (633 309 653) zein posta elektroniko bidez (info@ikusgune.eus) eta aurrez aurre jaso dituzte 2022. urtean zehar. Gogora ekarri behar da 2021eko txostenak 27 eraso jaso zituela, eta, beraz, erregistratutako kasuak ia erdira jaitsi direla. "Oraindik ere gure udalerri eta lurraldearen argazki garbia izatetik urrun gaude, eta jaso ditugun kasuak errealitate askoz ere sakonago baten punta besterik ez dira", azpimarratu du Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzaileak.

 

Hala ere, udalerrietako gertakarien ezagutzak gora egin du: gehienak Gasteizen eman badira ere (12), Gorbeialdean (2), Lautadan (1) eta beste kuadrilla batean (1) ere jaso dituzte salaketak. Eta, gainera, gertakari bat lau aldiz errepikatu da leku berean, pertsona beraren kontra eta erasotzaile berdintsuekin; lau aldiz zenbatu beharrean, gertakari bakarra bezala erregistratu du Ikusgunek.

 

Eraso edo gertaera horietatik hamarrek osagai homofobikoa dute (%62,5), beste bostek osagai transfobikoa (%31,25), eta beste batek osagai LGTBI+fobikoa (%6,25).

 

Bestalde, lehen aldiz bereizita aztertu diren gorroto diskurtsoa (LGTBI+ pertsonen errefusa eta gaitzespena) eta iraina (LGTBI+ pertsona jakin bati zuzendutakoa, pertsona bakar bat mintzeko helburuarekin) izan dira gehien jasotako gertakari motak: sei gorroto diskurtso, bost irain, hiru eraso eta bi diskriminazio. "Azpimarragarria bezain kezkagarria da gorroto diskurtso zein irainei lotutako gertakarien igoera proportzionala, %68,75 izatera pasa baitira", ohartarazi du Ikusgunek. 2021ean gertakari guztien %40 inguru suposatzen zuten.

 

Berriz ere, gertakari gehienak espazio publikoan (%43,75) gertatu dira; guztira, zazpi: lau kalean, bi aisialdi eremuetan eta beste bat jai eremuan. Salatutako hiru erasoen kasuan, bi eremu publikoan eman dira eta bestea aisialdi eremu pribatuan. "Espazio publikoa bereziki arrotz eta erasokorra da LGTBI+ pertsonentzat. Bertan ematen diren eraso, irain zein gorroto diskurtsoek hiritargo osoan dute eragina", azaldu du Martinez de Hereditak. "Ondorioz, LGTBI+ pertsonentzat edo horrela hauteman daitezkeen pertsonentzat esparru publikoan norberaren identitate, adierazpen eta desira askatasunez bizitzeko beldurra zabaldu daiteke".

 

Mugimendu Feministari eskerrak

Azkenik, Ikusgunek aprobetxatu nahi izan du Mugimendu Feministari Gasteizko jaietan egindako lana eskertzeko, baita goraipatzeko ere. "Militante feministei esker, egun horietan gertatutako erasoaren berri izan genuen eta erasoari emandako erantzuna zein erasotuari emandako laguntza zein babesa bereziki nabarmendu nahi dugu", azaldu du Martinez de Hereditak.

Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzailea eta Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotzia. / ALEA

TXOSTENA

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide