Araban 27 eraso LGTBI+fobiko erregistratu ziren 2021ean

Erredakzioa 2022ko mai. 16a, 12:30

Ekainaren 28ko manifestazioa Gasteizen, 2021ean. / ALEA

Ikusgunek 27 gertakari LGTBI+fobiko zenbatu ditu 2021eko txostenean. Transfobiaren eta gorroto diskurtsoen gorakadaz ohartarazi dute, aldi berean Gasteiz "LGTBI+fobiaren aurkako borrokaren erreferentetzat" hartuz.

Astearte honetan, maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta, urtero bezala, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak gertakarien txostena aurkeztu du: Gasteizen sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen aurka izandako gertakariei buruzko V. Txostena (2021).

Datu horien arabera, 2021 izan da intzidentzia LGTBI+fobiko gehien izan dituen urtea: guztira 27 kasu erregistratu dira. Izan ere, intzidentziak ia hirukoiztu egin dira 2017ko datuekin alderatuta. Urte naturalarekin bat datozen datuak bildu dituzte bosgarren txosten honetan. Udalarekin lankidetzan argitaratutako hirugarrena da, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez; hala ere, Lumagorri ZAT elkartea 2017an hasi zen datuak biltzen.

Halaber, azken urteetako joerari erreparatuta, Ikusgunek nabarmendu du transfobiak gora egin duela: 2018an, ezagutzen ziren gertakarien %23,08 ziren; 2019an, %5; 2020an, %40ko hazkundea bizi izan zen; aurtengo txostenaren arabera, 2021eko gertakarien %48,15 transfobiarekin lotuta daude. "Ikusten ari gara trans pertsonenganako indarkeriak gora egiten jarraitzen duela, hein handi batean Espainiako Kongresuan Trans Legea izapidetzearen esparruan sortutako gorroto giroagatik", ohartarazi dute.

Bestalde, Gasteizen gertatu dira eraso gehienak. Aiaraldeak aurreko urteetako antzeko zifretan jarraitzen du, eta Gorbeialdeko intzidentzien hazkundeaz ohartarazi du Ikusgunek, tartean pintadak eta gay pertsonen aurkako jazarpena daudelarik.

 

Beldurra eta gorroto diskurtsoak

Topaketa ireki batean, Gasteizko LGTBI+ kolektiboan beldurra sumatzen ote zen galdetu zuen Ikusgunek, eta askotariko erantzunak jaso zituen: segurtasun espazioak detektatuta dituztenak; LGTBI+fobiarik izango ez duela dakitenak edo, jasoz gero, laguntza jaso dezakeenak; beste pertsona batek LGTBI+ sozializazio espazioen falta sumatzen du, sareak sortzeko eta elkar ezagutzeko.

"Testuinguru politikoak trans pertsonenganako areriotasun giroa eragin du, batez ere, gay, bisexual edo lesbianen kolektiboak baino indarkeria gehiago jasan dutelako", azaldu du Ikusgunek. "Hala ere, kolektibo horiekiko indarkeriari buruzko datu zehatzik ez izateak ez du esan nahi horiekiko indarkeriarik ez dagoenik".

Halaber, behatokiek gorroto diskurtsoen gorakadaz ohartarazi du. "Hain da larria, ezen, behatzen ari ginen bitartean, eraso fisikoak egiten baitzituzten. Esan dezakegu, indarkerien mailaketan oinarrituta, LGTBI+fobia hitzetatik ekintzetara pasatzen ari dela. LGTBI+ pertsonekiko gorrotoa legitimatu ondoren, pertsona horien gaitzespena adierazteaz gain, ezabatzea ere lortu nahi da", ohartarazi dute.

 

Eraso gehienak espazio publikoan

Bestalde, gorabehera gehien espazio publikoan gertatzen direla dio txostenak. "Emakumeenganako eta pertsona arrazializatuenganako indarkeriarekin gertatzen denarekin bat etorriz, arau sexo-generikoak iraunaraztea bilatzen dutenek espazio publikoa erabiltzea eragotzi nahi diete arau horiekin bat ez datozenei", dio Ikusgunek. Askoz ere kopuru txikiagoekin agertzen dira lan espazioak, eskola espazioak edo etxea bera ere.

 

LGTBI+fobiaren aurkako borroka

Nolanahi ere, Gasteiz "LGTBI+fobiaren aurkako borrokaren erreferentetzat" goraipatu du Ikusgunek, besteak beste, Umandi Ikastolako hezkuntza-komunitateak aktibatutako erantzuna, pintada LGTBI+foboen aurkako ekimenak eta ostadarraren arkuko poltsak eramateko hautua aipatuz.

"Kontzientzia hartze hori eta ekintza horiek ezin dira ulertu orain arte egindako lan guztiari erreparatu gabe. LGTBI+fobiaren aurkako borrokak LGTBI+ mugimendutik Gasteizko gizartera egin du jauzi, eta gaur egun indarkeria hori geldiarazteko aliantzak eta konpromisoa errealitate dira", ospatu du Ikusgunek. "Gasteiztarrek homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren, transfobiaren eta enebefobiaren aurka duten jarrera proaktiboa udalerrian zehar barreiatu da, eta hezkuntza komunitatea izan da bere jardun-eremutik haratago aliantzak sortzen lehena".

Izan ere, Espainiako Estatuko hirien artean gorroto delituen zerrendako burua da Gasteiz, baina, aldi berean, LGTBI+fobiari aurre egiteko tresna gehien dituen hirietako bat ere bada. "LGTBI+ mugimendua edo Ikusgune ez ezik, trans mugimendu feminista inklusiboa eta herritarren konpromiso soziala ere badaude", azpimarratu dute.

"LGTBI+fobiaren showa"

Komunikabideetan LGTBI+fobiaren tratamendua aldatzen ari dela uste du Ikusgunek: "Interes txikiagoa izatetik, LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoei buruzko ikuskizun batera joatera igaro gara", ohartarazi dute. "LGTBI+fobia ez da era isolatuan ulertu behar den indarkeria; aitzitik, kasu bakoitzaren ondoren LGTBI+ kolektibo osoari bidaltzen zaion mezu bat dago, beldurra eragiten eta askatasunak mugatzen saiatuz".

"Beldurraren hedapen horretan sakontzen duten informazioak, harremanak izateko, sexu harremanak izateko eta abarrerako ditugun moduak estigmatizatu nahi dituztenak, LGTBI+ pertsonen ahalduntzea oztopatzen duten informazioak dira, beren askatasunak gauzatzeko beldurra eta morboa elikatzea bilatzen dutenak", salatu du Ikusgunek.

Azkenik, LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko Behatokia "hedabideen esku" jarri da, "giza eskubideak errespetatzen dituen informazioa ematen laguntzeko, LGTBI+fobiaren egiturazko izaera ikusarazteko, aurre egiteko ditugun tresnei buruzko informazioa emateko eta LGTBI+ pertsonen ahalduntzea sustatzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago