Oso beroa eta lehorra. Hala izaten ari da aurtengo udaberria, eta, epe laburrera bederen, ez dirudi gauzak asko aldatuko direnik. Penintsula osoan gertatzen den fenomenoa da: AEMET meteorologia agentziak emandako datuen arabera, batez bestean, 1991-2020 erreferentzia epearekiko, martxoko tenperatura 1,8 gradu altuagoa izan da; apirilekoa, berriz, 3,0 gradu altuagoa, aurrean aipatutako erreferentziarekiko. Prezipitazioetan ere, martxoan askoz euri gutxiago egin du: ohiko kopuruaren %36 baino ez. Apirilean are euri gutxiago egin du: ohiko baloreen %22, hain justu.
Egoera dela eta, zabaltzen hasiak dira hainbat ohartarazpen. Hala, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak ziurtatu du giza kontsumoari begira "kezkatzeko arrazoirik ez" dagoela, baina, halere, "ardura" eskatu du. Diputatu nagusiaren hitzetan, Araba hornitzen duten urtegien edukiera %74 da uneotan, eta, hortaz, diputazioak ez du espero kontsumorako horniduran arazoak egongo direnik. Alabaina, lehen sektoreari dagokionez, pixkanaka marrazten ari den agertokia oso bestelakoa izan daiteke. Gonzalezen ustez, lehorteak ez du aparteko eraginik izango zoro ureztatuetan, baina bai zerealetan; azken hauek ekoizpena txikiagoa izan dezaketela aurreratu du. Arazo potoloena abeltzaintzan egon daitekeela dio. "Lehorteak larreei eragiten die, eta horrek handitzen du pentsuen beharra, orain oso garesti daudenak", adierazi du. Horrek eragin lezake hainbat nekazarik animalien zati bat "alde batera" utziko dutela, kontzeptu horretan gehiago sakondu gabe. Ziurtatu du egoera larrituz gero diputazioak "sektoreari laguntza" emango diola.
Halako egoeratan gertatu ohi den moduan, erakundeek hiritarrengana bideratu dute arduraren zati bat. Gonzalezek dei egin die ortua, lorategia edo igerilekua duten kontsumitzaileei, beren ur kontsumoa arduraz egin dezaten.
Bide beretik jo du Zuiako Udalak: hiritarrei eskatu die "zurrun eta arduraz" jokatzeko ura kontsumitzean. Ohar batean udalak aurreratu du "zailtasunak" egongo direla datozen hilabeteetan, eta, horregatik, eskatu du "beharrezkoa ez den ur erabilera guztia" saihesteko. Udalerri horretan urarekin dauden arazoak aspaldikoak dira, eta duela hainbat hilabete URA agentziak iragarri zuen arazoa konpontzeko proiektua martxan jartzeko asmoa, ura hornitzeko urtegi bat eraikiz eta ur hoditeria hobetuz. Zuiako eta Urkabustaizko udalen aspaldiko eskaria da hori, eta orain arte tira-bira ugari sortu dira horren harira. Hauteskunde kanpainaren atarian dagoeneko atera da gaia argudio politikoetan, eta seguruenera udala eta diputazioa kudeatzen duten alderdien arteko dialektikan jarraituko du uraren aferak.
Ura galtzea, merkeago
Ageriko arrazoi geografikoak direla eta, lurraldearen hegoaldean jabetu dira aurrenekoz egoeraren tamainaz. Hala, Arabako Errioxako Urkidetzak ohar bat bidali die kuadrillako udalei, hainbat murriztapenekin. Besteak beste, ureztatzea soilik 23:00etatik 24:00etara egin ahalko da, "uraren erabilera minimoa" egiten. Igerileku guztiak betetzeko aldez aurretiko baimena beharrezkoa izango da. Arauak igerileku publiko zein pribatuei eragiten die.
Antza, eta horren gaineko ohar publikorik egin ez bada ere, udara honi begira bertako ur partzuergoak handitu nahi du udal igerilekuen gaineko kontrola. Angel Coca Guardiako alkateorde eta Ingurumen zinegotziak apirileko udalbatzaren osoko bilkuran esandakoaren arabera, ur partzuergoa jabetu da zenbait udal igerilekutan ur galerak dituztela, baina orain arte udal horiek nahiago izan dute isurietan galdutako ura ordaintzea beharrezko konponketak egitea baino, merkeago ateratzen zaielako uraren faktura ordaintzea. Uda honetan horrelakorik ez gertatzea nahi dute.