EHUk araudia aldatuko du desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko

Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 13:00

Noelia Da Costak Sonia Reviriego amaren laguntza behar du eskoletan. / A. AMENABAR

Garun-paralisia duen Noelia Da Costa ikasleak laguntzarik gabe amaitu beharko ditu ikasketak, baina hurrengo ikasturterako araudia aldatuko duela ziurtatu du EHUko errektoretzak, laguntza espezializatua bermatzeko.

Noelia Da Costa (Gasteiz, 1996) EHUko ikaslearen borrokak bere fruitua eman du: "Niretzat jada berandu da, ez dut laguntza hori jaso, baina atzetik datorren jendearentzat iritsiko bada, pozten naiz", ospatu du Da Costak, aste honetan bere kasua kontatzeko Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean egindako agerraldian. "Iristen den arte, ez dut sinetsiko", gaineratu du.

Garun-paralisia du ikasleak, gurpildun aulkian mugitzen da, eta, 2022ko urrian ALEAn azaldu zuenez, laguntzailea behar du eskoletan. Gizarte Lanean graduatu berri, Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntza graduondokoa ikasten ari da. Graduan izandako teknikari espezialista ukatu dio EHUk, masterra ofiziala ez dela argudiatuta. Orain arte Sonia Reviriego amaren laguntza izan du, besteak beste, berokia kentzeko, komunera joateko edo oinarrizko beste ekintza batzuetarako.

Duela gutxi, Arartekoak arrazoia eman dio ikasleari: laguntzaile bat eskaini beharko lioke unibertsitateak, eta kontrakoa egiteak "diskriminazio egoera" bat sortzen du. "Oso nekatuta nago inklusioari buruzko diskurtso tipikoekin: inor ez dadila atzean geratu, denontzako aukera berdintasuna, gazteak formatzea inportantea da... Gero benetan gizartearen aurrean polita geratzen den hitza baino ez delako inklusioa. Non dago desgaitasunen bat dugunon eskubide eta aukera berdintasuna?", salatu du gazteak Legebiltzarrean; bertan izan da ama ere.

Talde politikoetako ordezkari guztiek beren babesa adierazi diote gasteiztarrari. Da Costa graduondokoa amaitzear da, eta ikasturte osoa egin beharko du laguntzailerik gabe, baina EAJko legebiltzarkideak ezusteko iragarpen bat egin du batzordean, azken hitzartzean: EHUko errektoretzak ziurtatu du hurrengo ikasturterako araudia aldatuko dutela, behar dutenei —baita ikasketa ez ofizialetako ikasleei ere— espezialista baten laguntza bermatzeko. Antza denez, aurre-matrikula betetzeko epearen aurretik iritsiko da aldaketa.

Erlazionatuak

Unibertsitatea, maldan gora

Anakoz Amenabar 2022 urr 27 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago