Gizarte Lanean graduatu berri, Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntza graduondokoa ikasten ari da EHUn Noelia Da Costa (Gasteiz, 1996), udal sarean lan egiteko trantsizioko beka batekin uztartuta. Garun-paralisia du, gurpildun aulkian mugitzen da, eta lagunduko duen pertsona bat behar du eskolako zenbait jarduera egiteko. Teknikari espezialista horren laguntzarik ez du momentuz, ordea, unibertsitateak ukatu egin diolako hori; ikasten duen graduondokoa "ofiziala" ez dela argudiatuta, ez diote laguntzarik jarri, eta Sonia Reviriego amak hartu du horren ardura. Apunteak mahai gainean jarri edo komunera joan ahal izateko inguruan izan behar du ama.
Hainbat hedabidetan eta Arartekoan ere salatu du egoera Da Costak, baina ez da erantzunik izan momentuz. Diskriminazio egoera argia dela uste du. "EHUren ikaslea izaten jarraitzen dut, matrikula EHUrena da, baina ikasle guztien aukera berdintasuna ez da bermatzen. Gero harro esango dute, gainera, unibertsitatea inklusiboa dela. Ezgaitasuna dugun ikasleak zenbaki hutsa al gara?". Titulu ofiziala eta berezko tituluaren artean EHUk egiten duen bereizketa ez dela bidezkoa dio Da Costak, unibertsitate berean egiten den eskaintza izanik, eta araudian "aldaketak" egin behar badira, hala egiteko eskatu du. "Araudiak, aldi berean, unibertsitatean ezgaitasuna dugun lagunon oinarrizko beharrak beteta egon behar direla zehazten du, eta hori ez dira betetzen ari; arau kontrajarriak dira horiek". Gasteizen ikasten du, baina Leioan ere izango du graduondoko eskolaren bat edo beste, eta hara joateko garraioa ere ukatu diote argudio berberarekin. Haren egoera ez da salbuespena, halere, eta, esan duenez, graduondo berean interpreterik ez duen ikasle gor bat dago. "Bera ere, interpreterik gabe, ahal duen moduan moldatzen da. Egoera nekagarria da benetan, batez ere psikologikoki. Guk daramagun motxilari beste bat gehitu behar diogu egoera honetan. Familiak egon behar al du beti ondoan? Nahikoa dute dutenarekin!".
"Gero, gainera, harro esango dute unibertsitatea inklusiboa dela"
Noelia Da Costa
Graduondoaren antzera, gradu hasiera ere "latza" izan zela gogoratu du amak. Unibertsitatera heldu arte ez zuten halako arazorik izan ikasketa ibilbidean, baina graduan ez zen laguntzarik. Ezgaitasuna duten pertsonen arretarako EHUren zerbitzutik laguntzaile bat izango zutela ziurtatu zieten arren, lehendabiziko asteetan ez zen hala izan, eta ikaskideen laguntzarekin moldatu behar izan zuen. Sare sozialetan mezua zabaltzea erabaki zuen, eta unibertsitateko agintariei ere gutuna idatzi zien; berehala izan zuen erantzuna orduan. "Hor ez zuten beste aukerarik izan, eta hutsunea bete zuten berehala; orain, berriz, graduondokoa ofiziala ez den aitzakiari heltzen diote. Ez dago ulertzerik".
Egoera honengatik ez dituela ikasketak alde batera utziko nabarmendu du Da Costak, baina unibertsitatetik hori bera iradoki ziotela gogoratu du haserre. "Horrek egin dit minik handiena prozesu honetan, sekulako mina; ez nuen espero halako erantzunik, ezta egin zuten moduan ere. Azken urteetan nahikoa lagundu zidatela esan zidaten, zeharka bada ere". Bere ametsari ez diola uko egingo ziurtatu du, baina ikasteko modurik erosoena ez dela ere gogoratu, "ez familiarentzako, ezta guretzako ere".
Laguntzaren zain
Laguntza une jakin batzuetan bakarrik behar du, baina horretarako amak eskolek irauten duten lau orduak egin behar ditu zain kanpoan. "Apunteak hartu eta eskolak jarraitzeko ez dut inolako arazorik, orain arte ondo moldatu naiz, baina mahaian ordenadorea prestatu edo komunera joateko beharrezkoa dut laguntza".