Ipurtzuloa

Iñaki Carretero 2023ko mai. 6a, 10:00

Arg: Zarauzko Hitza

Gorputzaren zati guztiek behera begiratu zuten, eta hantxe, ipurdiaren ahoa izango balitz bezala, harro harro, ipurtzuloa berba egiten.

Aspaldian entzundako ipuin batek kontatzen zuen gorputza aspertuta omen zegoela, eta buruak, bueno, hobe esanda, burmuinak, bere buruari galdetu zion: "Nor da gorputzaren zatirik garrantzitsuena? Dudarik gabe neu naiz, nik pentsatzen dudalako, ni gabe gorputza ezin da mugitu, ni gabe, ni gabe…".

Horretan zegoela, norbaitek esan zuen: "Zu garrantzitsuena? Bai zera! Ni naiz garrantzitsuena". Sudurrak esan zuen, katarro ahotsarekin. "Ni gabe ezin da arnasa hartu, eta arnasa hartu ezinik, badakizu…".

Eta hantxe borroka eta eztabaida. Sudurrak mukiak besterik ez zituela, garunak pentsatu besterik ez zuela egiten… Eta horretan zirela norbaitek esan zuen: "Garrantzitsuena ni naiz".  Hortxe ahoa, mingaina dantzan! "Ni gabe ezin da jan eta ezin hitz egin; eta badakizue, jan eta hitz egin ezinean…".

Burmuinak eta sudurrak ahoari so egin, eta hantxe borroka eta eztabaida. Ahoak txistuak eta janari hondarrak bakarrik zituela, sudurrak mukiak besterik ez, eta burmuinak pentsatzen bakarrik zekiela…

Hala, gorputzaren beste hainbat zatik ere hitz egin zuten, eta borroka eta eztabaida nagusitu zen haien artean,  jakiteko gorputzaren zein zati zen garrantzitsuena. Baina, halako batean, norbaitek modu arraro batean hitz egin zuen: "Tirri-tarra, turrut, purrut… Garrantzitsuena ni naiz!".

Gorputzaren zati guztiek behera begiratu zuten, eta hantxe, ipurdiaren ahoa izango balitz bezala, harro harro, ipurtzuloa berba egiten.

"Hau marka! Entzun beharrekoa! Hamaika ikusteko jaioak gara! Zu garrantzitsua? Kaka eta ileak beterik ez dituzu eta! Zer tontakeria!".

Hori entzutean, ipurtzuloa mindu egin zen. Eta ipurdiaren ahoa izango balitz bezala, haserre itxi zen… Zati txiki ziztrinak esandakoarekin barrez hasi zen gorputz osoa; baina berehala isildu zen, bi aste kaka egin gabe egon eta gero:  "Mesedez, –esan zioten ipurtzuloari zangoek eta tripek–. Kakaz beteta gaude, garrantzitsuena zeu zara".

Burmuinak, sudurrak eta ahoak, ordea, ezetz, ipurtzuloa ez zela garrantzitsuena. Baina kakaz bete arte, kaka ahoan sentitu arte… orduantxe bai: "Ipurtzulo, zabaldu zaitez, zu zara garrantzitsuena". Eta ipurtzuloak irribarre egin zuen, eta kaka pila bat atera zen ipurditik, bueno, gorputzetik.

Agian besteek espero zutena egin ez zuenez bilakatu zen garrantzitsu eta disidente. Zaindu ipurtzuloa! Ez da ikusten, baina egunero ukitzen dugu. Ni behintzat, bai, disidente.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago