ALEX PEREDA

"Mapa batek zuzena izan behar du, baita mezu argia eman ere"

Juanma Gallego 2023ko mai. 5a, 06:00

La Gistería proiektua 2016an abiatu zuen Peredak, eta horri esker lortu du mapagintza ogibide izatea. J.G.

Topografia ikasi ondoren, Geografia Informazio Sistemen munduan murgildu zen Alex Pereda, eta, ordudanik, mapetan oinarritutako proiektuak lantzen ditu. Mendizale amorratua izanik, Al filo de lo improbable izeneko webgunea darama ere, eta mendi ibilbideak biltzen dituen Cumbres improbables eleberria argitaratu du.

Mapa artean dabil Alexander Pereda (Gasteiz, 1988) diseinatzaile kartografikoa, baina mapena ez da esku artean duen proiektu bakarra: La Gistería izeneko enpresan kartografia zerbitzuak emateaz gain, aspalditik mendi ibilaldiei buruzko webgunea du martxan, eta, horretatik abiatuta, mendi ibilbideei buruzko eleberri bat argitaratu du. Radio Vitoria irratian ere mapak azaltzeko gai da eta, hori gutxi balitz... gaita ere jotzen du.

Gaita, diozu? Gaita ere jotzen duzu?

Bai, Gasteizko EguzkiFole Fol de Sol taldean galiziar gaita jotzen dut. Oro har, Asturias, Galizia eta Euskal Herriko errepertorioa jotzen dugu. Besteak beste, euskal doinu tradizionalak galiziar gaitara egokitzen saiatzen gara. Joan den astelehenean bertan, adibidez, sorgin dantza entseatzen ibili ginen.

Mapek denetarako balio dute. Gaur egun agian arazoa izango da informazio gehiegi dagoela...

Nik beti esaten dut ez dagoela egin ezin daitekeen maparik. Informazio bat geografikoki nonbaiten kokatu baldin badaiteke, mapa bat egin daiteke. GIS edo Geografia Informazio Sistemak erabiltzen ditugu horretarako. Informazio kopuruari dagokionez, gakoa da ondo jakitea maparekin zer esan nahi duzun. Ezin duzu tarte osoa informazioz bete, mezua galduko litzatekeelako. Kasurako, esku artean daukadan mapa hau Valentziako Xativa eskualderako landu nuen. Hemen indartu nahi zituzten batez ere ondarea edo xarma duten herriak, eta, beraz, informazio hori lehenetsita dago, bigarren mailako informazio osagarria jarrita ere.

 

"PAPERA DESAGERTU BEHAR DELA DIOTE, BAINA GERO ETA ESKUORRI GEHIAGO ESKATZEN DIZKIDATE"

Esku artean duzuna betiko eskuorri horietako bat da. Halakoak oraindik ere eskatzen al dira?

Bai; asko, gainera. Nik beti entzun izan dut papera hiltzera doala, baina niri behintzat gero eta gehiago eskatzen dizkidate mapak paperean. Turismo azoketan dena papera da oraindik. Halakoetan jendeak eskuratzen du papera. Nire kasuan, beti; baina, agian, lanbidearen ajeak dira nireak, kar-kar! Eskualde baten inguruko informazio orokorra izateko modurik onena da. Gero, sakondu ahalko duzu beste bide batzuetatik. Adibidez, Google Maps-en informazio andana izan dezakezu, baina nik behintzat bisitatu nahi dudan tokira iristeko baino ez dut erabiltzen. Informazio osagarri gehiegi dago, eta informazio esanguratsua aurkitzea zaildu egiten dizu. Gainera, badakigu Googlen zer gertatzen den: gero eta gehiago ordaindu, orduan eta nabarmenago azalduko zara mapan.

Nola abiatu zen La Gistería egiteko ideia?

Nik topografia ikasi nuen, eta hemengo enpresa batean topografo gisa ibili nintzen, bai eta denbora batez Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegian, GIS teknikari gisa. Baina lizentziatu nintzenean oraindik 2009ko krisian geunden, eta lan gutxi zegoen; are gutxiago topografo gisa, eraikuntza maldan behera zegoelako. GIS ikasketetan sakontzea erabaki nuen. Gero, arrazoi pertsonalak tarteko, Santanderrera joan nintzen. Han ekintzailetza egiteko laguntza bati esker abiatu nuen proiektua. Eta beti gustatu izan zaidanez alde bisuala, diseinu kartografikoa egiteari ekin nion. Lehen lan horiek diseinatzaile grafikoek edo web diseinatzaileek egiten zituzten, euskarriaren arabera. Nik, ordea, informazio geografikotik abiatzen naiz nire lanak egiteko.

Norainoko garrantzia du tokiak ondo geoerreferentziatuta egoteak?

Proiektuaren arabera, mapa bisualagoa edo zehatzagoa izan daiteke. Ni saiatzen naiz mapa txukunak egiten, baina, adibidez, Frantziako Tourraren edo Espainiako Vueltaren mapa ez da berez erreala, ibilbide horiek ondo ikusteko gauzak sinplifikatu behar dituztelako. Begirada azkar batean ikusteko balioko dizu mapa orokorrak. Gero, noski, ibilbide bakoitzeko benetako ibilbidea ikusteko aukera izango duzu.

"INFORMAZIOARI DAGOKIONEZ, GAKOA DA JAKITEA MAPA BATEKIN ZER ESAN NAHI DUZUN"

Zelan doakizu enpresan?

Zer esango dizut ba, autonomoa naiz, kar-kar! Behin batean esan zidaten halako ekintzailetza proiektu batek hiru urteko epea duela: ordurako bertan behera utzi ez baduzu, proiektu horrek aurrera egingo du. Eta nire kasuan hala izan zen ere: hiru urtera edo, martxa hartu zuen. Autonomo izanda ere, ezin naiteke kexatu. Arazoa zera da: fruta denda bat jartzen baduzu, jende guztiak badaki zer ari zaren saltzen. Baina, nire kasuan? Bada, enpresaren izena hortik dator. Frutería batean fruta saltzen duten modu berean, nik mapak saltzen ditut. Mapería izena hartu behar izan nuen agian, GIS zer den ez dakitenentzat. Enpresan mapa fisikoak, seinaletika —ibilbideak edo toki historikoak azaltzeko—, eta mapa interaktiboak lantzen ditut. Baita analisi geografikoak ere. Azken hauetan, beti saiatzen naiz bisualak izan daitezela. Horrez gain, museografiari lotutako zenbait proiektu ere landu ditut.

Duela gutxi Trebiñuko ibilbide zaharrei buruzko proiektuan ere lagundu duzu. Nolako egitasmoa izan da?

Batetik, ibilbideen gaineko azterketa egin dugu. Horren arabera, seinaletika osatu dugu, eta eskuorri osagarri bat egin dugu. Bitxia da, baina hau da Radio Vitoriako Herrian irratsaioari esker lortzen dudan bigarren proiektua. Irratsaio horretan kolaboratzailea naiz, baina proiektuak entzule izateagatik eskuratu nituen. Gaiaren berri izan nuenean, udalarekin harremanetan jarri nintzen; proposamena egin eta gustuko izan zuten. Modu berean sortu zen Urizaharreko museoaren proiektua. Bertan eraikin bat zaharberritu eta herriko interpretazio gunea sortu dute. Kasu honetan, ikerketa, diseinua eta materialen ekoizpenaz arduratu naiz.

Liburu baterako mapak egin dituzula ere ikusi ditut zure webgunean...

Bai. EHUko Erdi Aroko departamentuarekin kontaktuan jarri nintzen, Ismael Garcia-Gomez arkeologoaren bitartez, eta hainbat lan eman dizkidate. Horri esker sortu zen Eneko Lopez Martinez de Marigortaren Mercaderes, artesanos y ulemas liburuko mapak egiteko aukera. Nik deus ez dakit gai horren bueltan, eta oso aberasgarria izan da, nolabaiteko sinbiosi lana egin behar delako. Mapak zientifikoki zuzena izan behar du, baina mezua argi eman behar du ere. Horrez gain, nire paper zorroan, askotariko lanak daude: Laredoko Alde Zaharrerako aplikazio bat, Antzina Folk jaialdia, Araba Herriz herri ibilbidea web plataformara pasatzea, zuhaitzen inbentario bat, emakume ekintzaileen mapa...

Ohiko lanez gain, elkartasun proiektu batzuk landu zenituen pandemian. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Egia esatea nahi baduzu, pandemia garaian Covid-19ari lotutako erreferentzia guztiak ezabatu nituen nire sare sozialetako denbora-lerrotik, eta zin egin nuen ez nuela gaitzari buruzko maparik egingo. Baina zerbait egin behar nuen, eta otu zitzaidan Araban zeuden ekimen solidario guztiei buruzko mapa egitea. Hasi zen mugitzen, eta, horri esker, ekimen asko koordinatzen hasi ziren. Horrela jaio zen Laguntza proiektua. Hortik, Gure Laguntza ekimena abiatu genuen, ikusi genuelako enpresa askok laguntzen zutela, baina, hasiera batean bederen, ez zegoen enpresei laguntzeko ekimenik. Horregatik, aldez aurretiko salmenta bonuak egin genituen saltokietarako. Bezeroak enpresekin harremanetan jartzeko plataforma egin genuen, salmenta aurretik egin eta denda irekitzerakoan kontsumitu ahalko zuten. Enpresa txikientzako 73.000 euro lortu genituen horri esker.

Mendizalea ere bazara, eta informazio andana jarri duzu Al filo de lo improbable webgunean...

Webgunea 2010ean hasi nuen. Ibilbideak egitea eta argazkilaritza asko gustatzen zaizkidanez, eta informazio pila bat nuenez, blog bat egiteari ekin nion. Webgune bat mantentzeak lan asko ematen du, baina, ahal dudan guztietan, saiatzen naiz gaurkotzen. Normalean astean behin sarrera berria egiten dut. Animalia eta turismo fitxa asko egin ditut, baina, orain, denbora askorik ez dudanez, ibilbideak baino ez ditut igotzen. Nire esparru eremua da Kantauriar mendikatea. Izan ere, Euskal Herrian mendiari buruzko webgune asko daude, eta oso onak, gainera. Pozik nago: batez bestean 100 bisita dago egunean, eta, niretzat hori bikaina da.

Informazio oso baliagarria duten blog asko alferrik galtzen dira diseinu aldetik nahiko traketsak direlako. Zure kasuan, ordea, oso ondo landuta dago...

Tira, funtsean inbertitzea da. Ni oinarrizko wordpress webgune arrunt batekin hasi nintzen, baina orain estilo eta egitura garatuak ditut, eta, hortaz, ez dut denborarik eman behar diseinuan. Baina igotzea ez da erraza: excell batean zehaztuta ditut ibilbide bat webgunean argitaratzeko eman beharreko urratsak, eta 25 bat izango dira. Orotara, 700 artikulu inguru daude, eta 350 bat ibilbide.

Natura, ondarea... ez da mendi hutsa; kuriositatea sustatzen duzu.

Bai, saiatzen naiz ezagutza hori egon dadila. Are, nire Cumbres improbables eleberria idazteko hasierako planteamendua izan zen webgunearen hostinga ordaintzeari utziko banio, eduki horiek guztiak galduko liratekeela. Horregatik, hor bildutako edukiak fisikoa den norabait bideratu nahi nituen. Horrela atera zen, aldi berean,  eleberri eta ibilbide liburu izaera duen proiektua.  Eleberriaren bitartez, lortu nahi izan dut jendeak ezagutu ditzala lekuan lekuko istorioak, pertsonaiak, tradizioak.., horrelakoak azaldu nahi izan ditut. Bada, filosofia bera mantentzen dut webgunean. Ibilbidean —demagun— gaztelu bat agertzen bada, horren gaineko testuingurua ematen ahalegintzen naiz. Orain webguneetan joera zabalduena da argazki asko eta testu gutxi sartzea, baina nik horri uko egiten diot: beti saiatzen naiz oreka bat mantentzen bi elementu horien artean. Argazki hutsak erakusteko... tira, horretarako badago Instagram, ezta?

"ELEBERRIAREKIN LORTU NAHI IZAN DUT JENDEAK TOKIAN TOKIKO ISTORIOAK EZAGUTU DITZALA"

Arrazoi! Ibilbide nobelatuak direla esan didazu. Zergatik aurkeztu dituzu modu horretan?

Webgunearekiko desberdina den zerbait egin nahi nuen, berez ibilbideen gaineko informazioa webgunean badagoelako. Eta zerbait estra eskaini  nahi nuen, paperean milaka mendi gida badirelako ere. Hortik abiatu zen ibilbideak biltzen dituen eleberria egiteko ideia. Eta prozesua oso azkar joan da. Libros.com izeneko crowdfunding plataformarekin harremanetan jarri nintzen, eta ideia planteatu nien. Aurrera atera zen. Baina, behin laguntza ekonomikoa lortuta,  liburua idatzi gabe nuen! Hiru hilabetean idatzi nuen, eta ondoren edizio prozesua abiatu zen: crowdfundinga lortu eta urtebetera argitaratu zen liburua. Liburuak bilbe orokor bat du: zerbait gertatzen zaio pertsonaia nagusiari, eta ondoren ibilbideak egiten ditu pertsonaia historikoekin batera. Idazteko orduan, pertsonaia horien bizitzak ikertu ditut, baina liburuan ere badira lizentzia literarioak, noski. Bilbe nagusi bat egonda ere, kapitulu bakoitza desberdina da. Hots, telesail baten antzeko egitura du. Felix Rodriguez de la Fuente, Maria Sarmiento Kuartangoko noblea, artzainak, antzinako zibilizazioetako lagunak... eleberrian agertzen diren pertsonaietako batzuk dira.

Pozik zaude emaitzarekin? Errepikatuko zenuke?

Nire lehen helburua izan zen liburua argitaratzea. Bigarrena, jendeak gustuko izatea. Denetariko kritikak izan ditut, eta nire lehen liburua izateko, pozik nago. Ez dut alboratzen etorkizunean beste bat egitea. Baina, momentuz, aski daukat gainean dudan lan eskergarekin. Ideia asko ditut buruan, ez dakit abantaila edo desabantaila izango den. La Gisterían bertan ere gertatzen zait: askotariko proiektuetan ari naizela, baina horrek behintzat ikuspegi zabala ematen dizu.

Radio Vitorian ere eskarmentua duzu. Nola abiatu zen bertan kolaboratzeko aukera?

Urtez luzez Herrian irratsaioko aurkezle izandako Unai Ugarterekin hasi nintzen. Dakizunez, orain Juantxu Martinezek hartu du irratsaioaren ardura, eta berriro abiatu ditugu hilean behineko kolaborazioak. Mapen inguruan hitz egiten dugu, noski. Unaik eskatu zidanean, harritu nintzen, formatu zaila iruditzen zitzaidalako: horren bisualak diren mapen inguruan hitz egiteko eskatzen zidan, non eta irratian! Bada, saiatu ginen, eta lortu dugula esango nuke. Egiten ditudan proiektuen inguruan hitz egiteaz gain, geografiarekin lotura duten gauzak jorratzen ditugu: GIS analisiak, mapen inguruko bitxikeriak... Orain Arabako kontzejuetan zentratu gara. Kontzejuen geruzaren mapa bera lortzea zaila egin zitzaidan, bektore gisa ez zegoelako. Bada, informazio horretatik abiatuta hitz egiten dugu kontzeju handiena, txikiena, hegoaldeen edo iparraldeen daudenak, demografia... halako kontuetan oinarrituta istorio asko kontatu daitezke. Horrez gain, mapa zaharren inguruan hitz egiten dugu, oso kontu bitxi eta interesgarriak daudelako horietan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago