Jarrera arrazista bat salatu dute

Erredakzioa 2023ko mai. 4a, 07:00

La Comarca puba, Gasteizko Mateo Moraza kalean. / ALEA

Gasteizko herritar batek salaketa jarri du La Comarca diskotekako atezainaren eta arduradunaren aurka, arrazakeriagatik; Ertzaintzan, gertatutakoa ez salatzeko gomendatu ziotela jakinarazi du. 

Arabako SOS Arrazakeriak jakitera eman duenez, gizon batek gorroto delituen aurkako salaketa aurkeztu du Arabako Probintzia Fiskaltzan, joan den apirilaren 21ean jazotako "gertakari arrazista" batengatik. Gasteizko La Comarca pubean beste lagun batekin ilara egiten ari zen, biak jatorri afrikarrekoak, eta ezingo zutela sartu esan zien bertako atezainak, ordu erdi itxaron eta gero. "Mespretxuz eta isekaz jakinarazi zigun ilaran gehiago ez itxaroteko, ezingo genuela sartu", adierazi du egindako salaketan.

Azaldutakoaren arabera, ez da taberna horretako atezainek "modu iraingarrian" tratatzen duten lehen aldia, eta berriz ere jarrera hori ikusirik, erreklamazio-orri bat eskatu zuen. Orduan, establezimenduko arduraduna tabernatik atera zen eta ukatu egin zion, "modu umiliagarri eta mehatxagarrian oihuka". Azkenean, erreklamazio-orria eman zioten, baina jabeak Ertzaintzari deitu zion. Poliziak salatzailea identifikatu zuen, deitu zuen pertsonaren arabera "mozkortuta zegoelako eta ilara salto egin nahi zuelako". Eraso arrazista salatzen duen pertsonak ukatu egiten du hori, eta alkoholik edaten ez duela dio: "Han zeuden pertsonek berretsi egin dezakete, baina ez zitzaien deklaraziorik hartu".

Salatzaileak dioenez, hurrengo egunean, Lakuako Ertzaintzaren komisarian gertakariak ez salatzeko gomendatu zioten. "Halako salaketek ez dutela inongo ibilbiderik esan zidaten, zaila izango zelako frogatzea ez zidatela uzten sartu beltza izateagatik". Gaineratu du, ez dakiela Ertzainek azkenik kanpoan zeuden lekukoei deklaraziorik hartu ote zieten eta atestatua itxi duten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide