Beñat Garaio izango da enbaxadore

Erredakzioa 2023ko mai. 2a, 12:59

Garaio antipodetara joango da, Zeelanda Berriko maori hizkuntzaren egoera aztertzeko. EUSKO IKASKUNTZA

2023ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria eman diote ikertzaile arabarrari, Zeelanda Berrian maori hizkuntzak izandako biziberritze prozesua aztertu dezan. 

Beñat Garaio soziolinguistak aurkeztutako Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen izeneko proiektua saritu du aurtengo Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sariak, ekimena sustatzen duten erakundeek gaur ezagutzera eman dutenez. 

Epaimahaiak adierazi duenez, Garaiok "metodologia berritzailea" erabili du Zeelanda Berrian "euskara eta maori hizkuntza biziberritzeko prozesuak elkarlotzea" helburua duen proiektua osatzeko. Modu berean, lana baliogarria izango da "maori kulturaren ikuspuntu filosofiko-akademikoa euskal eremura" hurbiltzeko. 

Ikertzaileak 6.000 euroko laguntza izango du Zeelanda Berrian ikerketa egonaldi bat egin ahal izateko. Garaiok nabarmendu du laguntza hori gabe ezinezkoa izango zitzaiola bertara joatea. "Urteak neramatzan Zeelanda Berrira edo Aotearoara joan nahian, bertako hizkuntzaren biziberritze prozesua ezagutzeko; zorionez, laster izango dut aukera hori, Eusko Ikaskuntzak-Laboral Kutxa Gazte sariari esker", adierazi du. 

Zeelanda Berria "zentzu batean Euskal Herriarekin alderatu daitekeen herrialde bat" dela azpimarratu du. "Bere maila sozioekonomikoagatik, kultur adierazpideengatik, hezkuntza sistemengatik eta baita biziberritze prozesuengatik". Dioenez, hizkuntza lankidetzaren alorrean, orain arte Euskal Herriko eragile eta ikertzaileek batez ere Hego Amerikako eta Europako hizkuntza gutxituekin izan dute harremana, baina maorierarekin oso harreman gutxi egon da. "Beti izan dut jakin-mina hara joan eta beraien biziberritze prozesua bertatik bertara ezagutzeko. Esan bezala, komunean gauza batzuk ditugu, baina kulturalki oso filosofia desberdinak dira". 

Bertako hizkuntzaren biziberritze prozesuan "oso garrantzitsua izan zen kolonizatzaileek egin zuten errepresioa", soziolinguistaren esanetan. "Maoriak bihurtu ziren gutxiengoa beren herrialdean". Modu berean, maorien artean ere berezko hizkuntzak indarra galdu zuen, ingelesaren aurrean. "Baina bere gizartearen eta kulturarengatik, hamarkada dezente daramatzate hizkuntza biziberritzen. Jarrera aldetik, gizartearen parte gehienak babeste du prozesu hori, eta erakundeek eta hainbat eragile norabide horretan lanean ari dira". 

Momentuz datak zehazteko dituen arren, 2024ko hasieran joan asmo du bertara, hiru hilabete inguruko egonaldi batean. "Hori guztia zehaztu beharra dago oraindik, ea noiz den une aproposena beraientzat, eta baita niretzat ere". Aucklandeko unibertsitateko Te Puna Wānanga izeneko ikerketa zentroan egongo da Garaio. "Bertako zuzendari Stephen May  hizkuntzen biziberritzearen alorrean mundu mailako aditu garrantzitsua da, eta berarekin lanean egoteko aukera izango dut". 

Ikertzaileak espero du egonaldia baliogarria izango dela antipodetan dagoen kultura horrekin harremanak lantzeko. "Beraiengandik gertuago egon, ikasi, hona ekarri ikasitakoa eta, alderantziz, guk daukaguna beraiekin partekatzea. Zorte pixka batekin, asmoa da hango eta hemengo eragileak elkarlanean jartzea, edo, gutxienez, jakinaren gainean egotea" aurreratu du. 

Garaiok gogora ekarri du orain arte sarituak arteari lotuta egon direla, eta ez ikerketaren alorrera, eta aurreneko aldia dela arabar bat saritzen dutena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago