Zinemaldian aurkeztu zuen Maria Elorzak (Gasteiz, 1988) bere lehendabiziko film luzea, eta hilaren 21ean helduko da zine aretoetara. Lau emakumeren esperientzien bitartez, literaturak egunerokoan duen lekuaz hausnarketa zabala egiten du A los libros y a las mujeres canto lanean. Zuzendariak berak aurkeztuko du Gorbeia zinemetan larunbat honetan (19:30), eta Florida zinemetan igandean (20:00).
'A las armas y al hombre canto' Virgiliok idatzitakoari buelta eman nahi izan diozu dokumentalean?
Eneida zabaltzen du horrek, mendebaldeko kulturan erreferentziazko bertso bat da, ondorengo mendeetako literatura markatuko zuena, eta justu pelikularen hastapenetan nengoenean egin nuen konexioa. Alde batetik, horren kontrakoa izanda, hain justu, gustatzen zitzaidan Virgiliori aipua egitea pelikulak ere baduelako iraganarekin harreman handia, pelikulak duen umorea ere nolabait erakusten du; badago joko eta broma moduko bat, eta baita antzinakotasunari ere lekua eskainiz. Virgilioren aipuarekin jolasean aukeratu nuen izenburua.
Lau emakumeren bizitza, haien liburuen bitartez.
Lau emakumeren erretratoa egiten dut etxean dauzkaten liburuen bitartez, eta kantuaren ideia hori berreskuratuz omenaldi moduko bat ere bada. Lau emakume hauei omenaldia egiteaz gain, literaturari, eta, batez ere, irudimenari egin nahi diot omenaldia.
Anekdota batetik abiatu zen dokumentala, ezta?
Pelikula askotan gertatzen den bezala, pelikula niregana heldu zen, ni pelikularen bila joan gabe. Amak istripua izan zuen etxean apalategiarekin, erori egin zen, eta emaitza ikusgarria izan zen: estudioa liburuz beteta, apalak hautsita, liburu batzuk hautsita… Irudi horren botereak erakarrita, lehenengo filmaketa batzuk egin nituen. Egunerokotasuna filmatzea gustatzen zait, batzuetan nire filmetan erabiltzen dut, eta beste askotan nire artxibo pertsonalean gordetzen dut. Eta, kasu honetan, horrela hasi zen, txantxa baten moduan, eta agian amarekin ere literaturaz eta egunerokoan jorratzen ez ditugun gaietaz hitz egiteko aukera ikusi nuelako. Lehenengo elkarrizketa batzuk egin nizkion etxean dauzkan liburuen istorioei buruz, bere biografian literaturak duen loturaren inguruan, eta, hortik abiatuta, pixkanaka sakontzen, literaturzaleak diren bere lagun batzuen etxeetara jo nuen. Lehen material horiek bildutakoan, bai, orduan pelikularen bila joan nintzen.
"Erabilgarritasuna ez duten ezagutza guzti horiek ere aldarrikatu nahi ditut filmean"
Ezagutzen zenituen amaren lagunak?
Txikitatik ezagutzen ditut, eta hain zuzen, haien atean jo nuen banekielako kontatzeko gauza asko dauzkatela eta baita ere literatura enfokatzeko modu desberdinak dituztela, bakoitzak bere erara egiten du, baina denetan literatura euren egunerokoan oso txertatuta bizi dute, eta literatura praktikatzen dutela nolabait; literatura ez dute ikusten euren bizitzatik kanpo dagoen eremu intelektual bat bezala, baizik eta eguneroko ekintzetan laguntzen dituen zerbait bezala.
Loreto Casadok aipatzen du antzerkiaren bitartez heldu zela literaturara...
Loretok irudimen handia dauka, betidanik gustatu izan zaio mozorrotzea, errezitatzea, teatroa asko interesatzen zaio, eta modu batean literaturak eskaini dio guzti horri irtenbide bat emateko aukera. Duela urte batzuk, gainera, irakurtzen zuenari lotutako arropak janzten hasi zen; literatura irakaslea zen, eta gero eta gehiago eskolak performancetik enfokatzen hasi zen, eta bizitzan eszenaratze moduko bat egiteko espazioak bilatzen, irakurtzen duena praktikan jartzeko bide horretatik. Armairuan Becketten txamarra bat du, Saderi lotutako gona bat, Marlene Dietrichen gabardina...
Vicky Claramuntek, aldiz, belaunaldi gazteak "ezjakinak" direla dio...
Vickyk ahoan bilorik gabe hitz egiten du, eta badu batzuetan probokatzaile puntu bat ere. Esaten duen hori nik ere konpartitu dezaket, hein batean, besteak beste gure belaunaldian letrekin lotutako formakuntza adibidez asko murriztu delako, berearekin alderatuta. Geroz eta gehiago formakuntza irtenbide praktiko batzuetara bideratzen da, eta geroz eta gutxiago lehen "kultura orokorra" deitzen zen horretara, eta pelikula honekin ere pixkat hori aldarrikatu nahi dut: erabilgarritasun bat edukiko ez duen ezagutza guzti horiek ere gure bizitzan garrantzi handi bat dute, gure irudimenerako, askeago izateko eta pozik bizitzeko. Inutila den hori ere aldarrikatu nahi dut.
Gogoko ez dituzten liburuez ere ari dira dokumentalean, eta erreko lituzketen beste batzuez...
Saiatu naiz, alde batetik, liburuaren laudo itsu bat ez egiten. Iruditzen zait liburuak berak objektu bezala ez duela zertan balio bat, baizik eta guri ematen digun horrek duela balioa, eta bakoitzak erabaki behar du zer liburu nahi duen bere etxean, zein liburu gorde nahi duen, eta zein kaleratu. Eta, noski, kondenatzen dut diktadurek eta totalitarismoek suntsitu dituzten liburuak, baina bestalde uste dut hautu pertsonal bat izan behar dela, eta ez dugu konplexurik izan behar liburu batzuk baztertzeko, zergatik ez. Liburu guztiek ez dute lekurik bizitzan sortzen goazen genealogia moduko horretan. Beste alde batetik, ez nuen pelikula ortodoxo bat egin nahi, non literatura ikusten den ukiezina den zerbait bezala, baizik eta egunerokotasunaren praktikotasunetik. Nire familian, esaterako, eta uste dut beste askotan ere, arazo bat da liburu pilaketa, eta akumulazio horretan liburu garrantzitsuak galdu egiten dira...
Zure liburutegian arakatuko bagenu, zer topatuko genuke?
Jatorriari dagokionez askotarikoak daude: amarenak, aitarenak, aiton-amonen liburu pilo bat, zaborretatik atera ditudanak, oparitutakoak, erositakoak... Irakurri ditudanak, irakurtzeke ditudanak, eta akaso sekula irakurriko ez ditudanak; protagonistekin ere hori esaten genuen, garrantzitsua da etorriko diren liburuentzako lekua izatea. Baditut hiztegiak, modaz kanpo dauden hiztegi potolo horiek, eta entziklopediarik ez dut etxean lekurik ez dudalako. Poesia, entsegua, nobela asko eta pixkat desordenatuta.
Waltraud Kirstek Goetherekin duen harremana aipatzen du. Halako gertuko autorerik baduzu?
Egia esan, ez. Eta oso zaila egiten zait aukeratzea. Askotan aipatzen dut Maria Moliner, hain justu hiztegiei omenaldia egiteko, eta pertsonaia bera ere interesatzen zaidalako; liburutegiaren erdi erdian daukat, zuri beltzeko edizio dotorea… Pelikulan azaltzen diren autoreak ere baditut: Rilkeren antologia, Jane Austen, Borges, literatur italiar asko…
Italiak pisu handia du pelikulan, ezta? Literaturak, musikak, hizkuntzak...
Ama italiarra da, nik ere hiritartasun bikoitza daukat, eta hori gordetzen saiatzen naiz. Alabari ere gure jatorria zein den transmititu nahi diot.
Jauzi handia izan da film laburretatik luzera?
Metodologia aldetik nahiko antzekoa izan da lana, laburretan izan dudan antzeko lantaldea izan dudalako, eta ezaugarri beretsuekin ere: lan egiteko moduan, pelikularen tonuan, egunerokotasuna filmatzeko gogoan, beste artxibo batzuekin nahastea... Oso desberdina da denbora aldetik, halere, laburrak hilabete gutxi batzuetan bukatzen ditut, eta pelikula honetan urteak izan dira, gaiak berak sakontasun handia duelako ere, eta behar duelako denbora bat.
Eguneroko bizitza filmatzen jarraitzen duzu?
Bai, orain Super 8 kamera txiki bat erosi dut, eta herenegun heldu zitzaizkidan filmatu ditudan lehenengo bi rolloak. Topiko bat da, baina inspirazioa eta edertasuna askotan eguneroko gauza txikietatik datoz. Azkenekoz, nire familiakoak filmatu ditut, amona hil aurretik gurpildun aulkian, alaba txikia eta aita dantzan, argia egongelako landareen gainean, arropa zintzilik...
Hurrengo proiektua ere hortik etorriko da?
Ildo beretik jarraituz, gustatuko litzaidake familiaren memoriarekin lanean jarraitzea, egunerokotasunetik abiatuta. Gainera, oraindik ez dut fikzioarekin gehiegi lan egin eta zerbait egitea gustatuko litzaidake, beharbada dokumentala eta fikzioaren arteko zerbait. Hurrengo lanak Italiako aitonaren eskutitz bat izango du oinarri; hil zenean maitasun eskutitz bat topatu genuen, eta horren gainean egin nahiko nuke lan.