Urizaharreko Kretazeoko anbar hobietako zatietan denetariko intsektuak gorde dira, milaka. Zientzialarientzat, erretxina fosilezko pieza horiek –antzinako garaietan harrapatutako intsektuak kontserbatzeko gai direnak – planetako duela milioika urteko biodibertsitatea ezagutzeko leiho irekia dira. Hala, Enrique Peñalverrek, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutu Nazionaleko ikerlariak, dinosauroen eta kakalardoen arteko harreman sinbiotikoa agerian uzten duen ikerketa berri bat argitaratu du, Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkarian. Ikerketa Ricardo Perez de la Fuenterekin (Oxfordeko Unibertsitateko Historia Naturalaren Museoa), eta atzerriko erakunde ospetsuetako ikertzaile talde batekin egin du.
Ikertzaileek Teruel, Urizaharra eta Kantabriako anbar hobietako zatiak aztertu dituzte, eta horietan deskubritu dute, duela 105 milioi urte, kakalardoek dinosauroen lumak jaten zituztela. "Oso ezagunak dira artropodoek ornodunekin dituzten erlazio sinbiotikoetako batzuk; adibidez, kaparrena. Bi talde horiek elkarrekin bizi izan dira 500 milioi urte baino gehiago", esan du Peñalverrek.
Anbarrean harrapatutako lumen artean aurkitu dituzte, orain, kakalardo dermestidoen larbak. Zientifikoek azaldu dutenez, egun, espezie hori ezaguna da biltegiratutako produktuak edo museoetako bilduma lehorrak suntsitzen dituen izurrite bat delako. Baina kakalardo dermestidoak ere "funtsezkoak dira materia organikoa ingurune naturalean birziklatzeko, eta hegaztien eta ugaztunen habietan bizi dira, lumak, ilea edo larruazalaren hondarrak metatzen diren tokietan, hain zuzen ere".
Habia, garbi
Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutu Nazionalak egindako ikerketaren arabera, erretxinadun zuhaitz baten ondoan kokatutako hobi batean, dinosauroen lumen artean, bizi ziren kakalardo dermestikoen larbak, eta harrapatuta geratu ziren erretxina tanta batean.Litekeena da, gainera, habietan askatzen zituzten lumez elikatzen ziren kakalardo-larben jardueraz baliatzea ere dinosauro lumadunak, habia garbi mantentzeko.
Kakalardo-hondarrekin kontserbatutako lumak dinosauro ezezagun batenak dira, hegaztien familiakoa edo ez. Ikertzaileen esanetan, "aztertutako lumak ez dira hegazti modernoenak; izan ere, talde hori 30 milioi urte beranduago agertu zen erregistroetan, Goi Kretazeoan, hain zuen ere".
Urizaharreko aztarnategia Euskal Herrian anbarra aurkitu den tokirik garrantzitsuena da. Inklusioak dituen anbarra da, gainera; hau da, fosildutako erretxinaren barruan intsektuak eta beste hainbat hondakin organiko identifikatu dituzte, eta baita airez eta likidoz betako burbuilak ere. Buradon Gatzaganen eta Montorian dauden beste aztarnategi txikiagoekin batera, Arabako anbarrean intsektuak, akaroak, armiarmak, krustazeoak, moluskuak zein landareak, onddoak eta bakterioak azaldu dira.
Lehengo mendearen bukaeran aurkitu zuten Arabako hegoaldean anbarra. Urizaharreko anbarra Agathis generoko konifero baten erretxinarena omen da. Araukariazeoen familiako genero hau garai hartan mundu osoan hedatua bizi zen, baina egun Ozeano Bareko hego-mendebaldean soilik aurki daiteke.