Maiatzaren 1ean, Estibalizen eskrima historikoko erakustaldia egingo du Comilitium Sacrae Ensis klubak. Bertako kidea da Iker Alejo Suescun (Gasteiz, 1981) eskrima irakaslea.
Estibalizko Kalte Ordainen Azokan eskrima erakustaldia egingo duzue. Zer aurkitu ahal izango da bertan?
Dueluak egiten ziren aitzakiarekin egiten dugu erakustaldia, kalte ordainen gaineko istorio horrek kondaira puntu bat baduen arren. Izan ere, badirudi Estibalizen garai batean borrokak egiten zirela arazoak konpontzeko; beti ere, kapareen artean. Baina ez dago oso argi, XIX. mendean norbaitek aurkitutako istorio batean oinarritzen baita.
Kondaira izan ala ez, faktiblea da?
Bai. Ezagutzen da zaldunek garai horretan dueluak egiten zituztela. Espainian ez zen horren ohikoa, zuzenbide erromatarra zabalduta zegoelako. Baina, ipar Europan, zuzenbide germaniarrean, oso ohikoa zen. Dibortzioak ere ebazten ziren horrela! Kasu horietan, gizonezkoa zulo batean sartzen zuten, gerrikoraino, indarrak parekatzeko. Dena den, horietan egurrezko armez baliatzen ziren, helburua ez zelako elkar hiltzea. Estibalizko erakustaldian gure eskrima elkartean lantzen ditugun bi diziplina historiko erakutsiko ditugu: esku eta erdiko ezpata —XIV. eta XV. mendeetakoa— eta XVII. mendean egiten zen ezpata eta daga eskrima. Umeei ere aparrezko ezpatatxo leunak ematen dizkiegu, jolas dezaten.
"ESKRIMALARIEK BIZITZA PROFESIONAL LUZEA IZAN OHI DUTE: HELDUTASUNA OSO LAGUNGARRIA ZAIE"
Zuzentasun politikoaren garai honetan, ondo ikusita al dago hau?
Egia da armen kontua beti izan dela pixka bat polemikoa. Baina hau kirol praktika bat da; Europako arte martzialak dira. Are, guk duelu zibilak lantzen ditugu, ez gerra kontuak. Argazkietarako erabili dugun ezpata hori arropa-ezpata da: garaiko kapareek eramaten zutena zen.
Arriskutsuak al dira?
Garai batekoak, bai; hilgarriak ziren. Guk erabiltzen ditugunak, ordea, berez ez dira armak. Erreplika edo simulagailuak dira. Izan ere, egiten duguna kirol bat da, eta diziplina ondo babestuta praktikatzen dugu. Ni, adibidez, kirol eskrimarekin hasi nintzen, eta horretan jarraitzen dut. Baina beti izan dut kuriositate handia, eta horregatik hasi nintzen ikertzen eskrimaren jatorria. Dueluei begirako jarduna zen, baina garaiko agirietan ere esaten zen ariketa atletikoak zirela... Gazteei esaten zieten bizitza osasuntsu eta orekatu bat izateko praktikatu behar zituztela ekitazioa, dantza eta eskrima.
Beraz, arte martzialen antzera, badu bere alde psikologikoa?
Bai, estrategia alde nabarmena du. Xake jokoaren antzekoa da, baina mugimenduan. Horregatik, eskrima kirolariek oso bizitza profesional luzea izan dezakete. Heldutasuna oso lagungarria da, metatutako esperientziari esker ikuspegi sakonagoa lortzen duzulako. Beste hainbat kiroletan bezala, altua eta indartsua izatea lagungarria izango zaizu, baina sena eta burua ere oso garrantzitsuak dira.
Zuen eskrima taldeak Comilitium Sacrae Ensis du izena. Nondik datorkio?
Kluba fundatu genuenean, argi genuen alde historikoa jorratu nahi genuela, eta antzinakoen moduko izen bat jartzea otu zitzaigun. Comilitium arma anaidia da, eta Sacrae Ensis horrek ezpata sakratua esan nahi du. Orain 24 lagun gaude klubean, eta heren bat edo emakumezkoak dira. Astero entrenatzen dugu Salburuan.
"ARMA MUSEOKO ARDURADUNAK BETI OSO PREST AZALDU DIRA FUNTSEKIN IKERKETA EGITEKO"
Zein ezpata mota erabiltzen dituzue?
Batetik, esku eta erdiko ezpata dago. Izenaren abiapuntuan zera dago: ez zaio eusten uneoro bi eskuekin. Esku batek ezpata maneiatzen du, eta besteak pibotatze puntu gisa balio du. Metro eta hogei zentimetroko ezpata da, eta 1,3 bat kiloko pisua du. Oro har, uste baino arinagoak dira armak. Bestetik, katilu ezpata dago. Hori da nik erabiltzen dudana, 750-950 gramo ingurukoa. Historia handia dute atzetik. Eskrima modernoaren kasuan, XVII. mendean hasitako eskrimaren eboluzioa da. Eta ordudanik, etengabean praktikatu da eskrima gurean. Batzuetan saltzen digute gaurdaino galdu ez den tradizio bat dutela atzean ekialdeko arte martzialek... Bada, Europan ere tradizio hori ez da galdu. Helburua da aldatu den bakarra: dagoeneko ez gara kaletik ibiltzen ezpata batekin, baina kontuan hartu behar da XX. mendearen erdira arte dueluak egon direla. Ezpatak ere ez dira hainbeste aldatu. Are gehiago, XVII. mendeko mugimendu batzuk eta orain egiten ditugunak funtsean berdinak dira.
Zer arau daude kirol eskriman?
Hiru arma daude: ezpata, floretea eta sablea. Floretea agertu zen horrenbeste babes pertsonal ez zeuden garaian eskriman entrenatzen laguntzeko, arma arinagoa zelako. Sablea zalditeriatik dator, eta kutsu militarragoa du. Guk ezpata erabiltzen dugu —ezpata modernoa, eta horren amona litzatekeen katilu ezpata—. Arauei dagokienez, gorputzaren edozein tokitan jotzeak balio du. Hau lehen odolera egiten ziren dueluetatik eratortzen da. Duelu erreala ez denez, guk bost ukitutara egiten ditugu saioak. Baina eskrima historikoa egiten dugunean, gehiago zentratzen gara gorputzaren erdian.
Lehen odolarena horrenbeste heriotza ez sortzeko modua zen?
Bai. Normalean dueluak ez ziren hiltzera egiten... aldaera asko zeuden, ordainarazi nahi zen kalte ordainaren arabera. Antzerkira joatean agurtu ez banauzu, agian ez da zio nahikoa elkar hiltzeko, baina agian bai lezio txikia emateko, kar-kar! Baina lur jo banauzu, edo bikotekidea kendu, agian bada arrazoi nahikoa hiltzerako duelua deitzeko. Bestetik, batzuetan sablea ahorik gabe erabiltzen zen, eta, praktikan, makilaka borrokan ibiltzearen parekoa zen hori.
"ESKRIMA EGITEKO GIDALIBURUAK BADIRA. NIK BERDINA EGIN DUT, BAINA XVII. MENDEKOARI BURUZ"
Filmetan erakusten dituzten borrokaldi horiek noraino izan daitezke errealak?
Zinemaren borrokaldietan denetarik gertatzen da, eta eskrima eszenikoan ere ikusgarria izatea bilatzen da. Baina mundu errealean gauzak azkarragoak eta motelagoak dira. Aurkariek denbora asko emango dute elkarri begiratzen, bat-batean batek eraso egin arte. Eta listo, hor bukatu da kontua.
Nola iritsi zinen zu mundu honetara?
Udal ikastaroekin hasi nintzen, duela 23 urte. Aurretik ere atentzioa ematen zidan kapa eta ezpataren mundu horrek. Kirol eskriman hasi nintzen, baina zaldunen mundu erromantiko horren gaineko kuriositatearekin jarraitzen nuenez, nire kabuz ikertzen hasi nintzen. Arabako Arma Museoarekin lan egin nuen bi urtez —2008 eta 2009 urteetan–, beka bati esker. Horrela, pieza historikoak ikertzeko aukera izan nuen, eta simulagailuak bilatu nituen. Handik hasi zen garai horien inguruan gehiago ikertzeko aukera.
Eskriman hasi zenean, alde historikoari buruzko kuriositatea piztu zitzaion Alejori. J.G.
Arma Museoari behar bezalako zukua ateratzen al zaio?
Baiezkoan nago. Armak dituenez, batzuetan ez da politikoki oso erosoa, baina bisitatuenetakoa da. Oso interesgarria da, eta bere alorrean Espainiako onenetakoa da. Bertako arduradunak, gainera, beti prest egon dira funtsak ikertzeko aukerari: argi daukate museoa ez dela zertan izan biltegi hutsa, eta funtsetatik informazioa atera behar dela. Hain justu, eskrimari buruz idatzi dudan liburua horri esker idatzi ahal izan dut, bertako ezpatak ikertzeko aukera izan nuelako.
Nola iritsi zinen beka horretara?
Berez nire formazioa ez dago historiari lotuta. Biologo eta ingurumen zientzialaria naiz. Baina ni eskrima irakasle gisa gaia ikertzen ari nintzenez, museoko zuzendariak esan zidan ikerketa bekak bazirela. Ikerketa jardun horrekin jarraitu dut, eta duela gutxi Gladius aldizkari espezializatuan gaiari buruzko nire lehen zientzia artikulua idatzi dut. Bertan katilu ezpata testuinguruan jarri dut, gaiaren bueltan informazio asko ez zegoelako. Zer garaitan erabili zen, zer pisu eta neurri zituen. Nire aisialdian azken hamar urteetan egindako lana islatu dut. Museoetan piezak aztertzen ibili naiz, eta neurketak egin ditut. Modu berean, margolan eta agiri historiko zaharrak aztertu ditut, ezpata horren irudikapena nolakoa zen ezagutu aldera.
Kanpotik ikusita, harrigarria egiten zait museo horietako informazio hori aurretik jasota ez egotea...
Badakizu nolakoa den museo askoren egoera. Askotan finantziazio arazoak dituzte, eta bertan objektu historikoak pilatzera mugatu behar dira. Gezurra badirudi ere, askok ez daukate bildumen inbentariorik. Ikerketarako laguntzak ere nahiko eskasak dira.
Ezpata eta daga eskrima liburua idatzi duzu. Nola sortu zen aukera?
Kirol eskrima egiteko eskuliburuak badaude. Bada, nik berdina egin dut, baina XVII. mendeko eskrimarekin. Espainia osoko piezekin egin dut azterketa, eta arkeologia esperimentalaren metodologiaz ere baliatu naiz, arma horiek erabiliz, garaiko teknikak zeintzuk ziren argitu ahal izateko. Arma Museoan dauden piezen analisia agertzen da, bai eta eskrimari buruzko liburu historikoak ere. Diputazioari eta Arma Museoari esker argitaratu dugu, kalitate handiko edizio batean.
Istripuren bat izan al duzue inoiz?
Ez. Kontuan hartu berez ez direla armak, eta, gainera, oso babestuta gaude. Beste edozein kontaktu kiroletan bezala, kolperen bat edo lesioren bat izan dezakezu. Baina, esaterako, futbola askoz arriskutsuagoa izan daiteke.
Eta aireportuetan, edo polizia kontrolen batean, arazorik izan al duzu inoiz?
Ezagutzen dut halako esperientziaren bat izan duen jendea, baina, niri behintzat ez zait inoiz gertatu. Berariaz prestatutako poltsa batean eramaten ditugu ezpatak. Eskrimarako materiala dela azaldu, eta listo. Normalean, horrela eramandako objektu batek ez du poliziaren kezka abiatzen. Polizia urduri jar dezakeena da, adibidez, ezkutuko toki batean aizto bat eramatea. Nik benetako ezpaten bilduma txikia dut ere, eta aireportu batean eraman behar bada, maletan doala azaltzea besterik ez dago.