Hilaren 24an, astelehenean, hamar urte beteko dira Bangladesheko Rana Plaza eraikina erori zela. Bederatzi solairu zituen, eta 3.122 lagun ari ziren lanean fabrika behera erori zenean, gehienak emakumeak; 1.138 hildako eta dozenaka zauritu izan ziren. Ehungintzaren industrian izan den ezbehar larriena izan da, eta hori gogoratu eta salatzeko ekintza egingo du Setem Hego Haizeak Gasteizen. 11:00etan izango da, Andre Maria Zuriaren plazan.
Arropa ekoizten duten milioika langileren segurtasun-baldintzak hobetzea eskatuko diete markei eta gobernuei, Jon Narvaez Setemeko komunikazio arduradunak azaldu moduan. Izan ere, milaka hildako eragin zituen istripuak agerian utzi zuen multinazionalen lan zapalketa; lan baldintza eskasak, haurren esplotazioa, itzalpeko esklabutza edota agintarien ustelkeria.
Arropa Garbia
Rana Plaza eraikinak lau ehungintza fabrika zituen, eta, horien bezero nagusien artean, ezagunak dira gure artean ere Benetton, Primark, Mango, Inditex, El Corte Ingles eta Disney, besteak beste. "Lortu nahi dugu lan-baldintzak Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) ezarritakoen parekoak izan daitezen, eta ehungintzako ekoizpenak ingurumenean duen inpaktua minimizatzea", azaldu dute elkartetik.
Horretarako hainbat alorretan lan egiten dute Arropa Garbia nazioarteko kanpainaren eskutik. Ikerketak egiten dituzte ehungintzako langileen egoerari buruz, arroparen eta kirol-materialaren ekoizle diren herrialdeetako langile sareen laguntzarekin; kontsumitzaileak kontzientziatzen eta mobilizatzen dituzte, informazioa emanez arroparen ekoizpen-baldintzen inguruan; presioa egiten diete enpresei, erantzukizuna beren gain har dezaten eta beraien produktuak lan-baldintza duinetan fabrikatzen direla ziurta dezaten; eta, gainera, beren hornidura-katearen lantegietan lan eskubideen urraketak gertatzen direnean, enpresek erantzukizuna beren gain har dezaten lan egiten dute.
Asteleheneko ekitaldiarekin hori bera salatu nahi dute Gasteiz erdigunean. Ezbeharraren hamargarren urteurrenean eskela bat ere prestatu dute, hildakoak gogoan: "Beste jantzigintza industria bat posible dela sinisten dugunok ez dugu atsedenik hartuko harik eta moda marka handiek bere langileen segurtasun eta osasun eskubideak bermatu arte".