Iritzia

Hemen tomatea dago: 4.736.224 euro proiektu bideraezin baterako

Erabiltzailearen aurpegia Elikadura Iraunkorraren aldeko Mugimendua 2023ko api. 13a, 17:00

Tomate hidroponikoen negutegi bat. / Argazkia: AGRITECH MURCIA

"Lehentasunak argi daude, Almeriako enpresa bateko tomate batzuei txapela jarri eta gero Eroskin saldu".

Eusko Jaurlaritzak egunero erakusten digu zerbaiten alde egin nahi duenean ez dagoela ezer geldiaraziko duenik. Hori bai, hobe egingo luke jasangarria den zerbaiten alde egingo balu!

Tuestako negutegia Araba osoan tomateak ekoiztera (ez landatzera) bideratuta dago

2020az geroztik, Tuestako negutegiaren eraikuntza ikusten ari gara. Negutegi hori Araba osoan tomateak ekoiztera (ez landatzera) bideratuta dago. Negutegi horrek tomateak hidroponikoan ekoiztuko ditu, eta berogailua izango du hori guztia posible izan dadin. Berotegiak bost futbol zelaien tamaina du, eta gasa errez berotuko da, ekonomia deskarbonizatzeko beharraren aurka doan teknika.

Ingurumen eta energia krisi betean, beste behin ere erakusten da zer bidetik ez den joan behar; baina, hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak —ez dakigu ergelkeriatik, nagusikeriagatik edo hauteskunde kalkulagailuagatik babesten duen astakeria hori— gaur egun 4,7 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu.

Datu batzuk alderatze aldera: 2021ean Eusko Jaurlaritzak trantsizio ekologikorako emandako laguntzak 0,5 milioi eurokoak izan ziren, eta 2021/22ko deialdian 1,1 milioi bideratu ziren nekazaritza sektorean gazteak sar daitezen. Lehentasunak argi daude, Almeriako enpresa bateko tomate batzuei txapela jarri eta gero Eroskin saldu.

Negutegia 2022ko maiatzean zabaltzekoa zen, eta, enplegu iturri izango zelakoan, Gaubeako biztanleei ilusioa piztu zien berriak. Halere, ez zen inauguratu, bideragarria ez zelako. Nola lortu nahi dute bideragarritasuna? Guztion poltsikoarekin.

Eusko Jaurlaritzak, 2023ko martxoan, beste diru laguntza bat onartu dio enpresari, 3,5 milioi eurokoa. Aurreko diru laguntza bati eta Arabako Foru Aldundiak emandako 0,5 milioi euroei gehituz gero, laguntza publikoa 4,7 milioikoa da jada. Diru hori guztia makro-negutegi honetarako bideratu da; ekoizpen eredu horrek enplegu duinik sortu ez arren, ezta lurraldea lagundu ere. Almeriako eredua oso ezaguna da, eta ez hain zuzen ere enplegurako edo bizitzarako baldintza duinak sortzen dituelako.

Almeriako eredua oso ezaguna da, eta ez hain zuzen ere enplegurako edo bizitzarako baldintza duinak sortzen dituelako

Duela urtebete iragarri genuen, ziur aski hauteskundeekin batera berritasunak etorriko zirela, eta hementxe daude. Proiektu hau burbuila bat da, lurraldeari eusten ez diona eta enplegu egonkorrik sortzen ez duena. Ez du elikagairik ekoizten ere, produktu "jangarriak" baizik.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren jokaera salatu nahi dugu, arduragabe jokatzen baitu egungo krisi egoeran, eta hainbeste babesten omen dituen ustiategi txikiei eta familia nekazaritzaren kontrakoa baita. Eredu horiek erabat jasanezinak direla erakutsi dute, eta ezin dugu onartu diru publikoarekin sostengatzea.

Elikadura Iraunkorraren aldeko Mugimendua: Bioalai, Bionekazaritza, Arabako Sagardogileen Elkartea, Ehkolektibo, Ekoizpen Urduña, Ekologistak Martxan Araba, Arabako Campuseko Azoka Agroekologikoa, Bidezko Elikadura eta Euskal Herriko Hazien Sarea.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago