Felix Lasagabaster

"Ni izan naiz San Viatorreko fraideak salatu dituen lehena eta bakarra"

Ruben Sanchez 2023ko api. 21a, 06:24

40 urtez Gasteizko Basterra harategian ezagutu genuen gizonaren atzean Felix asko dago: medikua izan nahi zuen gaztea, 45 urterekin euskara ikasten hasi zen gizona, frantses literatur talde baten sustatzailea den eta haurtzaroko sexu abusuak salatu zituen aitita jubilatua.

Frantses literaturako irakurgaiak konpartitzeko hilabetean behin elkartu ohi diren tabernan elkartu gara Felix Lasagabasterrekin (Gasteiz, 1948). Biloben anekdotekin hasi du solasaldia berritsu: "Munduan merezi duen gauza horietako bat neska-mutikoak dira, gero koskortzen gara, harrotu eta…".

Zenbat anai-arreba zarete?

Sei gara. Mutil-neska, mutil-neska, mutil-neska; nire aita oso ordenatua zen, kar-kar. Gu Jesus Obrero parean bizi ginen orduan, Calvo Sotelo kalean –egun, Frantzia kalea–, eta anai-arreba guztiok ikasi genuen Samaniego eskolan, egunero Cara al sol abestu behar izaten genuen, eta igandeetan meza santua jesuitekin. Nik beti eramaten nuen pilota bat poltsikoan, baloia beranduago iritsi zen gure bizitzara. "Ama, banoa frontoira", "Ez berandutu, badakik aita haserretzen dela".

Eskola, pilota… zer beste egiten zuen orduko haur batek?

Guk ukuilu handi bat genuen Errege Katolikoak kalean, hilerriraino zabaltzen zen ortu bat, oiloak, txerriak genituen… Aitita hilero edo bi hilero joaten zen Galizia edo Asturiasera idiak erostera, etorri eta esaten zidan: "Felix, hazle la cava a los bueyes". Hori zen gorotza eta lastoa hartzea, eskorga betetzea eta ostean ortuan zabaltzea, ongarri gisa.

"45 urterekin joan nintzen Udaberria euskaltegira, eta han Umandirekin hasi nintzen"

Euskara etxean entzun al zenuen?

Ez, eta pentsa gure etxean ama eta aitita-amamak bizi zirela, denak euskaldunak, baina hitz bat ere ez euskaraz. Bakarrik izeba-osabaren bat etortzen zenean entzuten nien pixka bat. "Zenbat urte daukazu?" eta "Zelan duzu izena?" esaten ikasi nuen bakarrik.

Eta Samaniegotik San Viatorrera.

Bai. "Felix, zure irakasleek esaten didate mutil azkarra zarela, batxilergoa egitera joan behar duzu", esaten zidan amak. Pozgarria izan zen, baina, gero, hango fraideek bortxakeria eta sexu erasoak egiten zituzten. 10-14 urte bitarte hori gogorra izan zen: "Sagabaster, etorri. Hamar belarrondoko emango dizkizut. Ez duzu mugitu behar burua, ados? Ondo ematen ez badizkizut, beste hamar emango dizkizut". 12-13 urterekin matematikako problema bat egiten ari zinen, eta fraidea inguratzen zitzaizun, bizkarrera itsatsi eta nabaritzen zenion zera, putakumeak! Eskua nikotinaz beteta izaten zuen, sekulako kiratsa zerion. Gero, behin praka motzen azpitik eskua sartzen hasi zen, ni 12 urterekin guztiz ikaraturik, eskua izterretik gora; altxatu eta hanka egin nuen: "Nora hoa?", "Etxera", "Ez aurkeztu azterketara, suspendituta duk eta". Hori izan zen eskolan izan nuen suspentso bakarra. Batxilergoko lehen urtean beste fraide bat izan genuen, eta hark galdetzen zigun: "Zu, goizean, altxatzean, pititlin gogorrarekin altxatzen zara?". Hamaika urte geneuzkan. Zer galdera da hori? Kromo-bildumak egiten genituen. Nik zinemako aktoreenak egiten nituen. Eskatu zizkidan, eta Veronica Lakena hartu zuen, ile-xerlo ederdun emakumea ("peek-a-boo"), Alan Laddekin lan egiten zuen maiz. Kromoak orla moduko bat zuen, eta mozten hasi zen, azkenean, begiak eta ilea bakarrik utzi zizkidan. Haserretu nintzen, eta bota egin nuen, eta hark esan: "Holaxe gustatzen zait, tentaldiak saihestu ditzazula". Zer tentaldi nituen nik hamaika urterekin? Bortxakeria fisikoa eta sexuala jasan genuen. 14 urte egin genituenean, gauzak aldatu ziren. Putakume horrek Henrike Knörr jo nahi izan zuen. Hura apaiztegitik etorria zen, eta bi urte gehiago zeuzkan, 16. Biak korridorean zeuden, nire ondo-ondoan, Henrikek fraideari eskuetatik heldu eta esan zion: "Gure aitak sekula ez nau jo, eta berorrek ere ez nau joko". Fraideak esan zion zuzendaritzara joateko, baina atean geratu ziren hizketan. Gure anaia Iñakik ere aurre egin zien. Frantses irakasleak esan zion arratsaldean eskolara joatean beragana jotzea aurrena, eta Iñakik amari kontatu zion: "Ama, gauza bat esango dizut, ulertu behar duzu: jo nahi banau, potroetan ostikoa emango diot. Badakizu horretarako gauza banaizela, ezta?", "Bai, bai". Iñaki handia eta indartsua zen ordurako, zerbait igarriko zion fraideak, eta bere horretan geratu zen.

Duela urte bat salaketa jarri zenuen. Zertan da?

Han epaitegian, ez dakit. Ni izan naiz San Viatorreko anaiak salatu dituen lehena eta bakarra. Baina bazeuden guri erasoak egin zizkigunez gain beste fraide batzuk eta beste erasotu batzuk ere.

Eskolatik datorkizu frantses zaletasuna?

Bai, unibertsitatera joan baino lehen, azterketa bat frantsesez egiten genuen, otoitza ere bai. Niri beti gustatu zait Frantziako kultura. Iban Zalduaren Irakurle Kluba utzitakoan, frantsesa ikasten eta irakurtzen hasi nintzen, aski liburutegi polita daukat etxean. Gehien filosofia maite dut; azkena Liu Xiaoboren bat irakurri dut, oso interesgarria, 600 orrialde. Batzuetan pixka bat harroxkoa naiz.

"Beti izango dut medikuntza utzi izanaren harlauza gainean, beti damutu zait"

Eta nola sortu zen orain duzuen taldea?

Gure irakasleak lehen oilaskoak banatzen zituen, eta behin harategian entzun zidan frantsesez hitz egiten saharar batekin eta kontatu zidan bera 50 urtez bizi izan zela Frantzian. Eta nik: "Orduan, primeran egingo duzu". "Bai, gaztelaniaz bezain ondo, edo hobeto”. Orduan hasi ginen, nik liburu bat irakurri, dendara eraman, eta bera etortzean bankuan eseri, eta zalantzak galdetzen nizkion. Gero, bururatu zitzaidan Diario de Noticias-era jotzea; han argazki bat jarri zuten, lehen orrian, eta barruan orrialde oso bat "Felix Lasagabaster quiere promocionar la cultura francesa…". Esan nien nik bakarrik nahi nuela beraien egunkariaren bidez talde bat osatzen laguntzea. "Hainbeste idatzi baino lehen galdetu behar zenidaten, nik bakarrik nahi dut talde bat osatu". Deitu zidaten Alliance Françaisetik, Nazaretetik…

Zertan duzue?

Sei-zazpi-zortzi lagun elkartzen gara, hementxe taberna honetan. Denak gizon-emakume jubilatuak: ingeniaria, ekonomialaria, erizaina, psikologoa, Michelineko langile ohia…

Jubilatu bizitza zer moduz?

Gurutze Gorrian hasi nintzen boluntario. Bizimodu gogorrak ezagutzen dituzu hor, afganistandarrekin, sahararrekin, etab. Eta bestela bilobekin aitita lanak egiten ditut, irakurketak… Saharar olerkari Ali Salem Iselmuren laguna egin nintzen, eta lagundu genion dirua ateratzen liburua argitara zezan, 4.500 euro lortu genituen. Kuban ikasi zuen eta oso heziketa bereziko mutila da. Noizean behin, hemen Gasteizen egiten du olerkiren baten aurkezpena, Plaza Berrian edo Andre Maria Zurian… Azkenetako batean berriki zendu den Uri Bikandi egon zen: harreman polita genuen, Miguel senarrarekin ere bai. Euskarak jende jator asko ezagutzeko aukera eman dit.

Noiz ikasi zenuen?

45 urterekin joan nintzen Udaberria euskaltegira, eta han Umandirekin hasi nintzen. 1993. urtean edo izan zen.

Eta Umandik artean eskolak ematen zituen?

Bai, bai… 82-83 urte edo izango zituen. Euskaltzale porrokatua zen, bere bizitza euskara zen. Nik orduan kotxean beti euskaraz izaten nuen irratia, eta behin zera entzun nuen: "Arzallus bere karguan segitzera animatu eta apoiatu izan da". Umandiri esan nion eta hark "Benetan? Gure euskera arrisku bizian dago". Euskara batuaren etsai amorrotua zen, haren aholkuz Euskaltzaindia, el batua y la muerte del euskera liburua erosi eta irakurri nuen irrikaz. Ezin da ezer irrikaz irakurri. Gero, harategiko lana zela eta, utzi behar izan nuen. Handik puska batera IKAra joan nintzen, laugarren urratsetik hasi nintzen. Ikasturte bakoitzean bi urrats egin nituen gaueko ordutegian (20:00/22:00): 4-5, 6-7, 8-9 eta 10.a. Merezi duen jendea ezagutu nuen, eta oso ondo pasatu. Idazlanak prestatzea gustuko nuen, energia nuklearraren aurkako bat gogoan dut, bost orrikoa. Irakasleak eskatu zidan ahoz defenda nezala; urduri jarri nintzen lehen aldia izan zen, 16 lagun han Felixen hitzaren zain, ura eskatu behar izan nuen, ezin nuen!

45 urterekin joan zen euskaltegira Felix Lasagabaster, eta Umandirekin hasi zen. / R. Sanchez

Hitzak ikastea gustatzen zaizu.

Oso hiztegi zabala izan dut beti. 5. eta 6. urratsean hasi nintzen hitzak eta sinonimoak ikasten, urtez urte areago, eta horrela pilatzen joan nintzen. Behin, gelara heldu nintzen zortziak eta laurdenean, eta azken aulkian, atearen ondoan, eseri nintzen. Denak zeuden barrezka. Ondoan, aurreko ikasturteko irakaslea zegoen: "Felix, gaur hiztegia ahaztu zait, eta nahi dut jakin zuk 'berraco' nola esaten duzun". "Berraco? Sinonimoak nahi dituzu? Apuntatu batzuk: apote, ordotz, aketz, hazitakoa…". "Nahikoa, Felix". Altxatu eta musu bat eman zidan. Anaia David hizkuntzalaria da eta beti esaten zidan "Felix, ze haiz ba astuna sinonimoekin, horrek ez dik ezertarako balio!". "Ados, ados, ez diat berriz egingo, baina imajina telebistako lehiaketa batean parte hartu behar duzula…", "Kaguen laostia!", kar-kar.

Bizitzako urte asko eman dituzu harategian… Damutzen zaizu?

Bai, hori izan da nire bizitzako erabakirik txarrena. 22 urterekin hasi nintzen, soldadutza bukatutakoan. Afrikan egin nuen, han gizondu nintzen, mairuen aurrean borroka egitera joan nintzen eta ez zen batere pasatu. Gero laostia izan da, kar-kar, uholde bat!

Hau ez dugu jarriko.

Ezabatu beharko duzu. [Paperean ironia tonoa eta irrifarra sumatu ezin badira ere, beude hitzok]. Gogoan dut han taberna batean, gizon bat mutiko bat jotzen ari zela. "Ez zait batere gustatzen egiten ari zarena, egiozu tortilla otarteko bat", esan nion, eta txopera bat ere aterako nion, baina 11 urte besterik ez zuen mutiko hark! Handia nintzen eta judoa egiten nuen, horregatik esan zidaten polizia militarrean sartzeko. Hobeto bizitzen zen hor, kalez jantzita eta boteretxoaz. Soldadutza alkoholikoak sortzeko makina bat zen, asko edaten zen, eta dena zen trapitxeoa. Alferrontzi kuadrilatzar bat.

Eta soldadutza baino lehen?

Medikuntza ikasten egon nintzen Zaragozan. Ni izango naiz Euskadin autopsiak ikusi dituen harakin bakarra. Maite nuen medikuntza, bisitak, xiringak… Gasteizen bertan autopsiak ikusiak nituen medikuntza ikasten ari zen lagun batekin: itotako gizon bat, labankadaz hildako beste bat... Lehenengo gorpua ikusi nuenean, han zetzan marmolaren gainean, ura eta odola nahasirik, eta ipurmasailak zimur-zimur eginda. Ondoren, etxean amak janaria prestatua zuen, eta entsaladako urazaren kizkurra ikusi nuenean gorpuaren ipurmasaila gogoratu, eta ezin izan nuen jan.

Zergatik utzi zenuen medikuntza?

Urte eta erdi neraman Zaragozan. Oporretan Gasteizera etorri nintzen, eta amari esan nion: "Ama, ez naiz itzuliko". "Zergatik?". "Lau urterekin eskolara eraman ninduzuen, hamar urterekin San Viatorrera, eta jada ez dut gehiago ikasi nahi". Aitak elkarrizketa entzun zuen eta esan zidan: "Ez zara itzuliko? Ez duzu ikasi nahi? Bada, datorren astean harategian hasiko zara lanean". Beti damutu zait erabaki hori, nirea bokazionala zen. 35 urte nuenean saiatu nintzen berriro… Baina anatomia edo fisiologia liburua latzak dira. Gainera, numerus clausus zeuden eta bi urtez itxaron behar nuen… desmotibatu nintzen. Beti izan dut utzi izanaren harlauza gainean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago