Poesiaren besarkadaren zain

Erredakzioa 2023ko api. 20a, 07:00

Poesia liburuetatik atera eta kalera eramaten ahaleginduko dira aurki hasiko den XI. edizioan. POETAK MAIATZEAN

Maiatzaren 2tik 28ra Araba poesiaz beteko da, Poetak Maiatzean jaialdiaren XI. edizioarekin batera. Aurreko edizioetan arrakasta handia izan duen 'Kristalezko orrialdeak' ekimena berriro abiatuko dute.

Gasteizen urtez urte indartzen diren klasikoen artean berezko tokia irabazi du Poetak Maiatzean jaialdiak. Modu horretan, XI. ediziora iritsi da aurten. Hiriburura mugatu ez eta Araban zehar ere zabalduko da ekimena.

Besteak beste, Aurora Luque, Pedro Guerra, Sole Jimenez, Arcano, Anari eta Marwan egongo direla nabarmendu dute antolatzaileek asteartean Montehermoso kulturunean egindako aurkezpen ekitaldian, baina horiek baino askoz gehiago izango dira errealitateari poeta begiekin erreparatuko diotenak: ehun poeta baino gehiagoren topaleku izango da herrialdea.

Ohi bezala, askotarikoak izango dira poesiaren bueltan egongo diren ekimenak, jardun hori paperetik harago eramatea posible den erakusle. Hala berretsi dute antolatzaileek, egitaraua aurkezteko hitzetan. "Errezitaldiak hiriko eta lurraldeko hainbat kolektibok egingo dituzte, hizkuntza askotan, espazio berrietan; poesia altueretatik, piknik poetikoa igerilekua duen teilatupe batean; tailerrak, erakusketak, poemak taulatxo mesopotamiarretan; nazioko eta nazioarteko ahotsak...".

Aurreko edizioetan poesia herritarren artean ikustarazteko baliagarria izan den bideari ekingo diote aurten ere, Kristalezko orrialdeak izeneko ekitaldiarekin. Horren bitartez, dendetako erakusleihoetan poemak idatziko dituzte, errealitate areagotua deitzen duten hori aspaldi asmatutako zerbait dela erakutsiz. Modu horretan, ezustean poesiarekin aurrez aurre jartzeko aitzakia bikaina emango dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago