Okina, geologo betaurrekoekin

Juanma Gallego 2023ko api. 16a, 10:00

Besteak beste, Ihuda ibaiak milioika urtez eragindako higaduraren arrastoak ikus daitezke ibilbidean. J.G.

Okina eta Saseta lotzen dituen haitzarte luzea aukeratu dute aurtengo Geoloegunerako. Inguru horretan aise ikusten dira ohikoak diren prozesu geologiko asko, modu ikusgarrian gainera. 

Maiatzaren lehen asteburuan egiten dute Geoloeguna, zientzia horren gaineko ezagutza modu arin eta jolasgarri batean publiko zabalaren artean dibulgatzeko. Gure lurraldean, aurten Okinako haitzartean jarri dute hitzordua, maiatzaren 6an. Euskal Herriko mendizaleen artean ezaguna da Okina eta Saseta lotzen dituen ibilbidea, arina izan arren, arras ikusgarria delako, batez ere Ihuda ibaiak ur jario ederra daramanean. Normalean, gainera, ibilbidearen amaieran dagoen Saseta herrian sari desiragarria aurkitu daiteke: arrautza frijitu goxoak.

Alabaina, inguru ederrak ikuste soilak arima elika dezakeen arren, begi egokiekin haitzartean irakur daitezkeen istorio geologikoek are erakargarriago egin dezakete ibilbidea, eta horretan zentratuko dira Geoloegunean.

Gida geologikoa

Aurrerapen gisa, interpretazio geologikoa egiteko gida prestatu dute Ivan Martin, Luis Egiluz eta Fernando Sarrionandia EHUko geologoek, eta bertan laburbildu dute ibilbidean ikusi eta interpretatu daitekeena. "Mendeetan zehar, haitzartea Errioxatik arabar lautadara etortzen ziren bideak lotzeko pasabide naturala izan da", idatzi dute. "Horren adibide bikaina da iparretik hegoaldera haitzartea zeharkatzen duen Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea; gaur egungo GR-38 bidea".

Gaur egun mendi garai direnak noizbait itsaspean sortu zirela ekarri dute gogora. Duela 250 miloi urte eratu ziren, Behe Triasikoan. Ondoren, iberiar plakak Europako plakarekin talka egin zuenean, harri horiek tolestu eta guztiz eraldatu ziren. Modu horretan sortu ziren Pirinioak eta Euskal Mendiak. Okinan ikus daitezkeen arrokak, berriz, Goi Kretazikoan (duela 75 miloi urte) eta Miozeno (16 miloi urte) artean ezarri ziren.

Uraren lan geldoa

Oro har, proposatutako ibilaldiaren iparraldean ikus daitezke arroka zaharrenak, eta, hegoaldean, berriz, gazteenak. Ihuda ibaiaren lanaren ondorioak ere oso modu argian ikus daitezke ibilbidean. Kasurako, ibilbidearen iparraldean higadura handiagoa da, urak abiadura biziagoa eraman ohi duelako. Hegoaldean, baina, ibaiaren abiadura moteltzen da, eta horrek dakar ibaiak marrazten dituela lerro bihurgunetsuagoak.

"Uraren eraginak eta grabitateak erliebea moldatu dute, haitzartearen paretetan ikusi daitekeenez", azaldu dute. Indar horiei gehitu behar zaie urak dakartzan karbonatoei esker sortzen den higadura karstikoa. Disolbatutako karbonatoak prezipitatzen direnean bestelako egiturak sortzen dira —haitzuloetan ikus daitezkeen espeleotemen parekoak, hain justu—. Oraingoan, toba metakinak dira uraren eta mineralen arteko alkimia horren emaitza.

Higaduraren eragina oso modu nabarmenean ikus daiteke ibilbidearen zenbait pasartetan; gainera, horietan argi ondorioztatu daiteke iragan urrun batean ibaiak izan zuen pasabidearen altuera. Beste leku batzuetan, berriz, ibaiaren iragana bestelako arrasto baten bitartez ondorioztatu daiteke: zenbait lekutan terraza itxurako mendi hegalak ikusten dira, noizbait ibaiak egindako higaduraren lekuko. Materialaren zurruntasunaren arabera, higadura hori azkarrago edo mantsoago gertatzen zen, gaur egungo egituretan ikus daitekeenez. Bestetik, harrigarria da ere ikustea grabitateak izan duen eragina, toki askotan agertzen direlako haitzartearen bi aldeetatik eroritako harritzarrak.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago