Taula gainean eskarmentu handia du Itziar Rekaldek (Bermeo, 1955), kontalaritza edo antzerkiaren bitartez makina bat istorio plazaratu ditu, eta paperean ere argitaratu izan ditu lanak, besteak beste, ALEAn tarteka idatzitako iritzi artikuluak. Ibilbide oparo horretan, gainera, oraingoan bere lehendabiziko liburua aurkeztu du; 'Anclas' liburua lehenik, eta euskarazko bertsioa jarraian: '(H)aingura'.
Idaztea ez da gauza berria zuretzat, ezta? Kontalaritzan ere idatzi ohi duzu?
Sormen prozesuan idazten dut. Egitura osatzeko idazten dut lehenengo, eta, hori izanda, ahozkoarekin hasten naiz. Grabatu egiten dut, garbitu egiten dut, eta erritmoak bilatzen ibiltzen naiz. Gero berriro idazten dut, ikasi egiten dut... eta ahaztu egiten dut.
Nola sortu zen liburua idazteko aukera?
Lupi argitaletxeko Juanje Sanzek egin zidan proposamena, nire antzezlanen eta lanen testuak ikusita. Hasieran horiek argitaratzeko eskatu zidan, baina ahozkoak izanik horiek paperera eramateko moldatzen zailtasun handia izango nuela pentsatu nuen. Ezetz esan nion, eta handik denbora batera zeozer prestatzeko "urtebete" nuela esan zidan, inprenta data jarrita zuela. Gauza batzuk banituen, eta beste batzuk orduan idatzi nituen; lau hilabete egin nituen batik bat azkeneko atala idazten.
'Samina' atalaz ari zara? Zailena izan da?
Bai. Gainera, idazten aritu nintzen pandemia garai haiek oso aproposak ziren horretarako ere, saminaldirako. Etxeko bat galdu nuen pandemian, eta nahiko jota nengoen. Idatzitako horri guztiari forma emateko Garaionen izan nintzen hogei bat egunez, eta Alacanteko hondartza batean gero. Lehenengo testuak aurkeztu nizkion orduan.
Gaztelaniazkoa izan zen lehenago?
Liburua bietara izatea nahi nuen, gauza batzuk euskaraz eta beste batzuk gazteleraz, nire bizitza den modukoa, gauza batzuk gazteleraz bizi ditut eta beste batzuk euskaraz. Baina azkenean ez zen posible izan, eta bi bertsio egitea erabaki genuen. Beste liburu bat publikatzeko asmoa ere badut, halere, hori hasieratik euskaraz idatzia.
"Gure garaian hautsita zegoen ofizioaren katea, eta bakarrik ikasi behar izan genuen"
Zu zeu zara liburuan hari nagusia, ezta? Zer kontatu nahi zenuen?
Nire bizitzari gainbegirada bat eman nahi izan diot. Aingurak eta sustraiak. Gauza soil eta unibertsalen bitartez bidaia bat proposatu nahi nuen. Nik neuk esandakoak agertzen dira, ni izan nintzen haurtxoari kontatzen dizkiodanak, edota beste pertsona batzuk inplikatuz, esatera ausartzen ez naizen gauzak esan nahi ditudanean.
Itsasoa ere ezin zen falta...
Ezin. 'Kresala' ere izan zitekeen liburuaren izenburua. Nirekin dabilen zerbait da itsasoa. Beti uraren bila ibiltzen naiz; gogoan dut Gasteizera bizitzera etorri nintzenean ere urtegiak arakatu nituela, inguruko errekak...Itsasoa ez da oroitzapen bat, nire baitan dago.
Formarekin ere jolastu duzu.
Ahozkotik etorrita, isiluneak eta arnasa hartzeko tarteak badu bere garrantzia niretzat, eta hori ondo zehaztu nahi nuen liburuan ere. Ez da formari begirako erabaki bat bakarrik, tempus-ari begirakoa baizik.
Ahozkoan edo idatzizkoan, zer behar du istorio on batek zure ustez?
Lehenik eta behin, hunkitu egin behar gaitu. Hunkitzen bagaitu, oso gurea den zerbaitetan interpelatuko gaitu, eta istorioarekin bat egingo dugu. Aldi berean, talaia bat izan behar da bide berriak erakusteko, edo gertatzen ari zaigunari begiratzeko beste modu batzuk proposatzeko. Jakin-mina piztu behar du, irudimena piztu eta beste errealitate batzuk irudikatzeko bideak eskaini behar dizkigu. Hori da istorio edo ipuin on bat, eta, noski, kontalari on batek kontatua. Beste artelan onekin ere gauza bera gertatzen zait niri; ikusten edo entzuten dudan bakoitzean, zerbait ezberdina topatzen dut. Diamanteak bezala, aldi bakoitzean aurpegi ezberdin bat erakusten didate ipuin onek, kontatzen nagoenean eta baita entzuten nagoenean ere.
Zein da zure berezitasuna kontalaritzan?
Askotan esan didate oso ondo "inprobisatzen" dudala jende aurrean, nahiz eta nik ez dudan inprobisatzen. Lan zehatza egin ostean, naturaltasuna lortzen dudala, hori esaten didate.
Nolako lana da hori?
Oso maniatikoa naiz prestaketan. Zer kontatu nahi dudan erabaki, kontatu nahi dudanera egokitzen den istorioa asmatu edo aukeratu. Nirea ez bada, bere sakonean induskatu behar dut, esanahia aurkitu arte.
Formula magikorik ba al dago?
Formula berberak balio izan du antzinatik, mendez mende errepikatu izan dira, eta oraindik balio dute. Formak, mundua ikusteko moduak, kontatzeko erak aldatzen dira funtsezko gauza berberak kontatu ahal izateko.
Kontalaritza asko aldatu al da hasi zinenetik?
Aitortu behar dut tamalez "gure publikorik" ia ez dagoela. Barka nazatela jarraitzen gaituzten lagunek, guk geure ofizio honetan jarraitzen dugun leialtasun berberarekin alboan ditugulako. Geurea, ahoz gorako kontalaritza, ez da aintzat hartzen arte eszenikoetan. Ia ez da neurtzen duen balioaren arabera; jarduera utilitario bat eman diote, tresna bat besterik ez. Tamalez, ni hasi nintzenetik gaur egunera, gutxi aldatu da, eta aldatu bada, okerrera egin du, aurrez aurreko jarduera gehienak bezala. Tira, baikorra izateko, oraingo kontalari berriek badituzte erreferenteak zerbait ikasteko; gure garaian hautsita zegoen katea, eta bakarrik ikasi behar izan genuen hemen. Baina oraindik asko falta zaigu.