Hiru seme-alaba eta familia osoa atzean utzita, 2017an Martosera (Jaen, Espainia) abiatu zen Nefer Cruz (La Dorada, Kolonbia, 1961), lanik gabe geratu ostean. Miranda Ebron (Burgos, Espainia) ere bolada bat egin zuen, Gasteizera heldu aurretik. Adinekoak zaintzen eman ditu azkeneko urteak, baina bestelako lan bat nahi luke.
Duela urtebete heldu zinen Gasteizera, ezta?
Bai, eta duela pare bat hilabete erroldatu nintzen, ez baita erraza Gasteizen. Iruzur handia ere badago gainera honen inguruan, batzuek negozioa egiten dute; 100 eta 150 euro artean ere kobratu izan dituzte erroldagatik, eta ezagutzen dut logela bat eta erroldagatik 400 bat euro kobratzen duenik ere. Atzerritarrak beraiek izaten dira askotan beste atzerritar batzuk esplotatzen ari direnak, zoritxarrez.
Zergatik erabaki zenuen Gasteizera etortzea?
Soldatak zertxobait duinagoak dira, eta lan aukera ona izan nuen bertan. Hori amaitu zen, eta oraintxe bertan asteburuko lana baino ez daukat, eta Gasteizen etxebizitzek dituzten prezioengatik beste zerbait bilatu behar izan dut. Haron (Errioxa, Espainia) topatu dut logela bat; astero joan eta etorri ibiltzea Gasteizen geratzea baino merkeago ateratzen zait. Logela baten aldea 150 bat eurokoa da Gasteiz eta Haro artean, eta hori diru asko da niretzat. Larunbatean, goizean goiz joan, eta igande gauean bueltatzen naiz.
Noiz joan zinen Kolonbiatik?
2017 urte hasieran izan zen. Lan egiten nuen enpresako jabeak itxi egin behar zuela erabaki zuen, eta nik 57 urterekin nire burua harrapatuta ikusi nuen, aurrezki gutxi batzuekin. Han ez dago aukerarik 57 urteko emakume batentzat, eta zerbait egin behar nuen. Lagun bati esker, Jaenera heldu nintzen, bere etxean hartu ninduen. 27 egun igarota, lana aurkitu nuen, eta ez zait falta izan geroztik. Garai hartan ere edadetu bat zaintzen, kontraturik gabeko lana, noski; hiru urtez 750 euro baino ez zizkidaten ordaindu, kontratu bat egingo zidatelakoan. Larunbata ere lan egiten nuen, legez dagokion bi ordu libreak izan gabe. Ez nuen inolako onurarik han, baina beste aukerarik ez zen. Zorionez, gauzak aldatzen doaz; Gasteizen lana aurkitzeko erraztasun gehiago dago.
Zaintza lanak egiten ibili zara azken urteotan.
Emakume atzerritar gehienak adinekoak zaintzen ari gara Araban, guztiak ez esatearren. Ni neu ondo egon naiz, ondo tratatu naute, baina beste lan bat bilatu nahiko nuke. Jatetxe batean, beharbada. Nekagarria da lana, depresioa izan dut, nerbioak... denetarik. Familia batekin bizi den langilearen bizitza ez da batere samurra. Edadetuaren zaintzak zu zeu ere gaixotzen zaitu, gutxinaka. Itxialdi bat da, azken finean. Eta aitonak eritasun kognitiboren bat baldin badu, edo ohetik ezin altxa badabil... Alde guztietatik iruditzen zait latza lan hau, itogarria: alde fisikotik, emozionaletik, ekonomikotik... Eta, noski, guk ez dugu negar egiteko eskubiderik, nekatuta egoteko eskubiderik, protesta egiteko eskubiderik. Ez dugu ezertarako eskubiderik.
"Hemen daramadan azken sei urteetan ez dut bertako lagunik egin; oso itxiak dira kanpokoekin"
Familiek zaintzen zaituzte?
Ez dut tratu txarrik izan, ondo tratatu naute, baina zutaz aprobetxatzen dira askotan. Konturatu orduko, gauez ere lanean amaitzen jartzen zaituzte familiek, aitona gauez zaintzen. Nik 24 orduko lanordurik ez dudala esan izan diot familietako bati, baina alferrik, aitona gauez zaintzen amaitu dut. Hori edo kalera. Baina hori da Espainian egiten dutena etxeko zaintzetan dabiltzan emakumeekin. Hori da gure mundua. Nik momentu honetan bestelako lan bat bilatu nahiko nuke, jatetxeren batean akaso; badakit hori ere lan gogorra dela, baina bestelako askatasun bat ematen duela uste dut, aisiaz ere disfrutatu nahi dut.
AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkarteko kidea ere bazara.
Elkartearekin bat egin nuen, hain zuzen ere, handik "nahikoa da!" oihu egin nahi dugulako. Ez gaitzatela iraindu, ez gaitzatela gehiago laidotu, eta dagokigun soldata ordain diezagutela. 700 eurogatik lanean ari diren emakumeak daude, paperik gabe daudelako, eta paperik gabe ez gara inor herri honetan. Norberak ez du salaketa jartzen esker onagatik, lana, janaria eta teilatua eskaintzen dizutelako, hori da pentsatzen duguna, nahiz eta benetan egiten ari direna esplotazioa den.
Lanaz harago, nolako harrera egin dizute?
Bertakoen artera sartzea zaila dela sentitzen dut. Erabat hermetikoak eta itxiak dira kanpokoekin, ez zaituzte etxera edo beste inora gonbidatzen. Espainian daramadan sei urteetan ez dut bertako lagunik egin. Eta ni ahalegintzen naiz, oso bakarrik sentitu izan naizelako. Atzerritarren komunitatean aurkitu dut babesa; Mirandan, esaterako, neska lagun kuadrilla ederra daukat, oso maiteak, beti elkarri laguntzeko prest eta kolaboratzeko prest.
Kolonbiara bueltatzeko asmorik duzu?
Oraingoz ez. Batek bere bizitza beste herrialde batean antolatzen duenean, egia esan, zaila egiten da atzera egitea, eta are gutxiago Kolonbiak bizi duen gaur egungo egoerarekin. Erabateko kaosa da herrialde hori: segurtasunezkoa, ekonomikoa... Sakelakoarekin kalera ateratzea ere beldurgarria da han.
"Seme-alabek ere Kolonbia utzi nahi dute, eta Espainia izan daiteke aukera aproposa"
Immigranteen artean, Kolonbiako komunitatea da nagusi Araban.
Exodo handia dago, batik bat pandemiaz geroztik, ekonomia erabat zapalduta dagoelako. Joan den urtean 500.000 lagunek baino gehiagok alde egin zuten Kolonbiatik. Egoera jasanezina da. Eta ni neu ere gertutik bizitzen ari naiz exodoa; nire semea AEBetan sartu da duela gutxi, Mexikoko mugatik. Beste bi seme-alabek ere buruan dute herrialdea uztea. Ez dakit zer egingo duten, baina Espainia aukera ona izan daiteke; hemen bizitza oso lasaia da.
Gustavo Petroren aldaketa onuragarria izango al da herrialdearentzat?
Ez, ez, ez. Okerrago gaude gobernu aldaketa honekin. Kolonbiarentzat oso erabaki txarra izan da, kaos ekonomiko betean sartzen ari da herrialdea, asmo onik ez duten erreformak egiten dituzten bitartean...