Bertan dira 2023ko Arabako jaiak —San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak—, eta horiek iragartzeko kartel lehiaketaren irabazlea jakitera eman du gaur Aldundiak: Maider Leturiaga Angoitia 30 urteko artista, Gasteizen jaioa baina Zarautzen bizi dena, Festara lanarekin gailendu da.
Guztira, 21 pertsona aurkeztu ziren aurtengo lehiaketara, hamabost gizon eta sei emakume, askotariko jatorrikoak: hamabi Arabakoak, bi Madrilgoak, eta lehiakide bana Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Burgos, Murtzia, Valentzia eta Bartzelonatik. Lau finalistek 250 euro jasoko dituzte egindako lanagatik, eta, gainera, Leturiaga irabazleak 1.000 euro gehiago jasoko ditu, bere lana 2023ko Arabako jaiak iragartzeko kartel bihurtzeaz gain.
Ondoren, epaimahaiak lau finalista aukeratu zituen: hiru modalitate orokorrean, eta bat gazte modalitatean (25 urtetik beherako diseinatzaileentzat), aurtengo berrikuntza. Azken kasu horretan, Paula Paez Carasa 23 urteko artista arabarra izan da irabazlea, Santuaren merienda izeneko diseinuarekin.
"Kontuan hartuta egun horietan askotariko ekitaldiak eta ohiturak daudela, jai egunaren ezaugarri nagusiak jaso eta aniztasun horren dinamismoa adierazi nahi izan dut", azaldu du Leturiagak. "Izan ere, festa hori hirigunean zein kanpoaldean bizi ohi da. Hori dela eta, egun horietako protagonista nagusiak modu fantastikoan agertzen dira mugimenduan, denak batera jairako bidean, eta festa koloretsuaren gonbita zabaltzen zaie herritarrei".
Horretarako, eskuzko marrazketa eta teknika digitalaren arteko nahasketa baliatu du zarauztarrak: "Zirriborroak eskuz egiten hasten naiz (pertsonaien proba, konposizio zuzena eta orekatua bilatuz), eta gero digitalera pasatzen dut. Marrazkia garbitu eta digitalki koloreztatzen dut, baina eskuz egindako marrazkiaren ukitu tradizional hori ez galtzen saiatzen naiz", azaldu du.
KARTEL IRABAZLEA
Maider Leturiaga Angoitia - 'Festara'
KARTEL IRABAZLEA | Gazte kategoria
Paula Paez Carasa - 'Santuaren merienda'