Fernando Albizu izango da San Prudentzioko pregoilaria

Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 20:00

Fernando Albizu Gasteizen jaio zen, Madrilen bizi den arren. / Argazkia: AISGE

Fernando Albizu aktore gasteiztarra aukeratu dute pregoilari izateko "Arabako zinemagintzaren omenezko" San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren aurtengo jaietan.

Aurtengo Arabako jaiek badute pregoilaria: Fernando Albizu (Gasteiz, 1963) izango da San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren Jaietako pregoia emateko arduraduna. Madrilen bizi baina Araban jaiotako aktoreak Aktoreen Batasuneko hainbat sari irabazi ditu, eta Goya Sarietarako izendatua izan da, besteak beste.

Orain, Arabako jaiei hasiera emateko ardura izan dutenen zerrendara batuko da, Alberto Schommer, Micaela Portilla, Maite Ruiz de Austri eta Mari Angeles Garcia Fidalgo bezalako izen handiekin batera. Albizu hautatu izanarekin Arabako zinemagintzari "keinu argi" bat egin nahi izan dio Aldundiak, "azken urteetan izandako arrakasta handia" dela eta.

Albizuk arkitektura ikasketak egin zituen, eta modaren diseinuan graduatu zen. Antzerkiaren munduarekin izandako lehen harremana Varietés kabaret taldearen jantziak egitea izan zen, Karola Escarolaren zuzendaritzapean. Azkenean, harekin igo zen taula gainera. Ondoren, zarzuelaren unibertsora igaro zen, eta antzerkian bere lehen paper garrantzitsua Jose Luis Saiz zuzendariaren eskutik izan zen, Caníbales antzezlanean.

Zinema eta telebista

Denborarekin, antzerkitik zinemara salto egin zuen, eta zuzendari handiekin lan egin izan du, hala nola Juan Carlos Fresnadillo, Eloy de la Iglesia, Miguel Hermoso, Miguel Albaladejo eta Daniel Sanchez Arevalorekin; azken horrek zuzendutako Gordos (2009) filmagatik, aktore berri onenaren sarirako izendatu zuten Albizu Goya Sarietan. Guillermo del Tororen El laberinto del Fauno eta David P. Sañudoren Ane film luzeetan parte hartu du ere; azken hori 2021eko Goya Sarietan film onenen artean hautagai izan zen.

2020an, Fernando Leon de Aranoaren El Buen Patrón filmean lan egin zuen, Javier Bardemekin batera. Pelikula horretan egindako lanagatik, taldeko aktore onenaren sarirako izendatua izan zen. Horrez gain, urte berean, Serantes Saria jaso zuen Santurtziko Zine Jaialdian, karrera osoaren aintzatespen gisa.

Bestalde, nabarmentzekoak dira zenbait telesailetan izan dituen paper finkoak: besteak beste, Casi perfectos (2004-2005), Doctor Mateo (2009-2011) eta Amar es para siempre (2018-2019) telesailetan, eta Los herederos de la tierra, Por H o por B eta White Lines serieetan ere parte hartu du.

Gainera, El club de la comedia saiorako bakarrizketak egin ditu, eta komiko gisa parte hartu du Los irrepetibles, Splunge eta Saturday Night Live programetan.

Antzerkia

Antzerkiari dagokionez, hainbat lan nabarmendu behar dira: Las obras completas de William Shakespeare, Volpone, Los productores, Sé infiel y no mires con quién, Luces de bohemia, Trágala, trágala eta Esperando a Godot. Eta zarzuelatan ere aritu da: Los gavilanes, Gigantes y cabezudos, Agua, azucarillos y aguardiente, Serafín, el pinturero, El chaleco blanco, El barquillero, La leyenda del beso... Baita kabaretetan ere: Mosaico musical, Varietés...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago