Argazkiak: PHOT.OK
Santurtzikoak bideratzaile lan perfektua egin du britainiarrarentzat Bastidan, eta INEOS taldeko esprinterrak azken 150 metroetan bultza beste lanik ez du izan garaipena lortzeko; Daniel Felipe Martinez eta Vingegaard gainsarien borrokan murgildu dira
Lanak bukatzea, errematatzea, ezinbestekoa da, baina tamainako langile edo bideratzaileak izanda, beti da errazagoa besoak helmugan garaile jasotzea. Omar Frailek Ethan Hayter taldekideari Bastidako helmugan egin dion lana ordainezina da, Santurtzikoak lan perfektua egin baitu britainiarrarentzat. "Ethan hor daukak, irabazi ezak", esan dio ia-ia bizkaitarrak, helmugarako 600 metroren faltan bizikleta helduleku azpitik hartu eta gorantz egiten zuen kilometro erdia txistu batean igo ostean. Helmugatik 100 metrora eman dio bide Hayterri, eta Londresko ilehoriak aise menderatu ditu aurkari guztiak. Mauro Schmidt izan da bigarren, Jon Aberasturi gasteiztarra hirugarren, eta Alex Aranburu ezkiotarra laugarren.
"Omar Frailek Ethan Hayter taldekideari Bastidako helmugan egin dion lana ordainezina da"
Araban eta, batez ere, Arabako Errioxan barrena ibili den etapak ez du zer kontatu handirik eduki, bestelakoan. Etorkizunik batere ez zeukan hiru laguneko ihesaldia, eta Guardiako tarteko helmugako gainsariak lortzeko borroka. Caja Ruraleko Jon Barrenetxea, Euskaltel-Euskadiko Txomin Juaristi eta Arkeako Cristian Rodriguez izan dira eguneko abentura zaleak. Bi minutu eta erdiko errenta lortu dute gehienez, baina tropelak aise irentsi ditu helmugatik 40 kilometrora.
25era zegoen Guardiako tarteko helmuga, eta bertan Itzulia irabazteko hautagai bi mokoka aritu dira. Daniel Felipe Martinez iazko garaileak poltsikoratu ditu hiru segundo, bi Jonas Vingegaard Itzulia irabazteko faborito nagusiak eta bat Marc Soler kataluniarrak.
Azken hamar kilometroak ikusgarriak izan dira, ondo kokatzea funtsezkoa baitzen etapa irabazi nahi zutenentzat. Bastidara bidean tropelak kontrako haizea izan du, eta horrek egin beharreko ahalegina ondo neurtzera behartu ditu hautagaiak. Hayterrek une aproposa iritsi arte itxaron du Fraileren gurpilean, eta eroso nagusitu azken ahaleginean. Maillot horiarekin abiatuko da bihar etapa garailea.
"Hayterrek une aproposa iritsi arte itxaron du Fraileren gurpilean, eta eroso nagusitu azken ahaleginean"
Bigarren etapak Viana eta Leitza lotuko ditu, Nafarroako hego mendebala, ipar mendebaldearekin. 200 kilometro luze bi herrien artean eta hainbat mendate. Bigarren mailako Etxauri, Saldias eta Basakabi, eta hirugarren mailako Uitzi eta Basakabi, lehen igoeran Leitzatik. Ihesaldi onak osatzeko etapa aproposa, Saldias-ko malkarra izan bide da etapako epaile.
2,3 kilometro dira, %9,2ko batez besteko pendizarekin. Tropela txikitu egingo da hor, eta Doneztebera bidean zaila izanen da tropel handia osatzea. Leitzara bidean, Basakabi etzana baina luzea da. Gainetik bost kilometro eskas baino ez daude Leitzaraino.
Albiste hau Andoni Urbistondok argitaratu du AIURRI hedabidean, eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra, PHOT.OK argazkilariaren irudiekin batera. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.
SAILKAPEN NAGUSIA
Ineos taldeko Ethan Hayter txirrindulari britainiarrak irabazi du 2023ko Euskal Herriko Itzuliaren lehen etapa, Gasteiz eta Bastida artekoa. Jon Aberasturi gasteiztarra (Trek) hirugarren izan da, Mauro Schmid (Soudal QuickStep) bigarrenaren atzetik eta Alex Aranburu ezkioarraren (Movistar) aurretik.
1. ETAPA ‼️
— Itzulia Basque Country (@ehitzulia) April 3, 2023
🏆 @ethan_hayter | @INEOSGrenadiers 🔥
🏆 GP @BancoSabadell#Itzulia2023 pic.twitter.com/lxOlqjQerJ
Lehen etaparekin batera, sailkapen nagusia definituta geratu da oraingoz, eta faboritoetako batzuek lehen postuetan kokatzea lortu dute, Guardiako esprint berezian eskuratutako denbora-saria kontuan hartuta:
- Ethan Hayter (Ineos): 4:01:14
- Mauro Schmid (Soudal QuickStep): +4"
- Jon Aberasturi (Trek): +6"
- Daniel Felipe Martinez (Ineos): +7"
- Jonas Vingegaard (Jumbo - Visma): +8"
- Marc Soler (UAE Team Emirates): +9"
- Cristian Rodriguez (Arkea): +9"
- Alex Aranburu (Movistar): +10"
Itzulia, apirilaren 3tik 8ra
Euskal Herriko Basque Country Itzuliaren 62. edizioak sei etapa izango ditu, apirilaren 3tik 8ra, Aste Santuarekin batera.
Apirilaren 3an, lehenengo etapa Arabatik igaro da: 12:59an Gasteizen, Mendizabalako aparkalekuan, hasi eta Bastidan (Arabako Errioxa) amaituta. 165,4 kilometroko etapa izan da, eta, besteak beste, Opakua mendatea igo dute txirrindulariek, mendiko lehen maillota lehiatzeko. Ondoren, errepide estuak eta oso bihurgunetsuak izan dira: Maeztu, Bernedo, Urizaharra, Ozio, Bastida, Eltziego, Guardia eta Samaniegotik igaro da tropela, berriz ere Bastidara itzuli eta esprintean bukatzeko.
IBILBIDEA
MAPA
Bigarren etapak Viana eta Leitza lotuko ditu, eta Nafarroatik ibiliko da osorik. Hirugarren etapa Gipuzkoan hasi eta bukatuko da, Errenteriatik Amasa-Villabonaraino. Ondoren, Bizkaira igaroko da lasterketa, hurrengo bi etapak bertan jokatzeko: laugarren jardunaldiaren irteera eta helmuga Santurtzin izango dira; bosgarrena, berriz, Zornotzan hasi eta bukatuko da. Azken etapa, aurreko urteetan bezala, Eibar ingurutik ibiliko da, herri armagilean hasi eta bukatzeko.
- 1. Etapa. Apirilak 3, astelehena: Gasteiz - Bastida
- 2. Etapa. Apirilak 4, asteartea: Viana - Leitza
- 3. Etapa. Apirilak 5, asteazkena: Errenteria - Villabona
- 4. Etapa. Apirilak 6, osteguna: Santurtzi - Santurtzi
- 5. Etapa. Apirilak 7, ostirala: Zornotza - Zornotza
- 6. Etapa. Apirilak 8, larunbata: Eibar - Eibar